Lea Etxebarrietak errugbi jokalariak Eibarreko taldearekin Ohorezko Mailan jokatuko du aurtengo denboraldian. Aldi berean, bigarren taldeko entrenatzailea izango da. Fisikoki momentuz Eibarren jokatu arren, Etxebarrietak buruan du Txingudi Errugbi Klubean ahal bezain laster emakumezkoen taldea sortzeko helburua.
Aurtengoa ez da Ohorezko Mailan jokatzen duzun lehen urtea izan?
Ez, duela hiru urte hasi nintzen Madrilen eta bi denboraldi jokatu nituen beraiekin. Sekulako esperientzia izan zen eta asko ikasi nuen. Horri esker Eibarrekin jokatzeko deitu naute.
Txingudi Errugbi Klubean talde femeninoa osatzeko zailtasunak izan dituzue beti?
Bai, oso zaila da emakumeen errugbi talde berria sortzea. Batzordean sartu eta ahaleginak egin arren, zaila izaten jarraitzen du. Horregatik, Irun eta Hondarribiko neska batzuk Hernaniko taldearekin batera jokatzen dute, beste batzuk, aldiz, Donostiko Bera Bera klubean. Klub berriak sortzeko erraztasunak ematen hasi dira, beraz, ikusiko dugu pandemia igaro ostean talderik sortzeko aukerarik dugun.
Beraz, kluben arteko harremanak onak dira zentzu horretan?
Bai, kluben araberako da hori, baina, aipatutako hauen artean harreman ona dago.
Zer egin daiteke errugbian ere emakumeen presentziak gora egin dezan?
Emakumeen ikusgaitasun kontua da. Espainiako taldeak sailkapenean gora egin ostean, komunikabideetan gehiago agertzen da kirola. Emakume askok ez dute errugbia praktikatu nahi kirolak zertan datzan ez dakitelako. Ez da guztiok hasieran imajinatzen dugun kirol bortitza, nahiz eta ezinbestean jokalarien arteko kontaktua dagoen.
Erreferenteen sorrerak kirolaren zabalpena lagun dezake?
Horrek asko laguntzen du, adibidez, Ordiziako bi jokalarik Instagramen jarraitzaile asko dauzkan kontua dute eta, horrela, kirol honi zabalpena ematen laguntzen dute.
Zu zeu Txingudiko erreferente izan zaitezke errugbiari dagokionez, ezta?
Bai, esaterako, eskoletara kirolaz hitz egitera hurbiltzen gara eta edonolako emakumeek ere errugbira jokatu dezkaegula erakusteko ahalegina egiten dugu.
Kirola ezagutu ostean, errugbiarekiko interesa handitu egiten da?
Bai, dudik gabe. Kirola probatu ostean askok onartzen dute errugbia ez dela uste zuten bezalako. Zentzu horretan, pausu zailena Plaiaundiko pistara hurbildu eta kirola probatzea da. Hori egin osten, gehiengoa gurekin gelditzen da. 16 urte arteko neska-mutilek talde mistoetan jokatzen dute, beraz, mutilekin batera jokatzeko prest egon behar dira.
Zure kasuan, nola jaso zenuen Eibarreko taldearekin jokatzeko gonbidapena?
Betidanik Cristina Eibarreko entrenatzailearekin kontaktuan egon naiz. Aurreko denboraldietan proposamenak egin arren ezetz esaten nion. Aurten, ordea, egoera ikusita eta Ohorezko Mailan jokatzeaz gainera, bigarren mailako entrenatzaile izateko aukerarekin proposamena onartzea erabaki nuen.
Entrenatzaile zein jokalari gisa, zeintzuk dira Eibarreko helburuak?
Jokalari bezala Ohorezko Mailari eutsi nahi diogu, izan ere, desberdintasun handia dago ohorezko lehen eta bigarren mailaren artean. Gainera, ahal den sailkapen altuena lortu nahi dugu. Bestetik, bigarren talde finko eta polit bat sortu nahi dugu, ordezko jokalariek osaturiko taldea izan ordez, talde sendo bat izan dadin.
Nolakoa izan zen maila goreneko debuta?
Emozioz beterik egon zen, urduritausn eta jokatzeko gogoz beteta egon zena. Badira proiektu hau aurrera ateratzeko 5 urtez lanean aritu diren neskak, beraz, haien ametsa nola gauzatu zen ikustea pozgarria izan zen gainontzeko jokalarientzat. Badira hobetu beharreko zenbait gauza, baina, presioa alde batera utziz partidua disfrutatu eta sufritu genuela esan daiteke.
Nolakoa izan zen zure talde ohiaren aurka jokatzea?
Oso arraroa izan zen, aurrean oso ondo ezagutzen nituen jokalariak nituelako, hau da, nire lagunak, baina, beraien aurka egiteko modua topatu behar nuen. Benetan arraroa da zure burua beste aldean ikustea, izan ere, partiduko argazkiak ikusterakoan konturatu gabe Cisneroseko jokalarien artean bilatzen nuen nire burua oraindik.
Partidua galdu arren, balorazioa positiboa egin zenuten?
Bai, izan ere, aurretik lagunarteko partidurik jokatzeko aukerarik ez dugu izan, beraz, oinarrizko akats batzuk egitea saiestezina izan zen. Zelaira sartu eta bakoitzak ahal zuena egin zuen. Partidu hori oinarritzat hartuta, hurrengoetan hobetu beharrezko gauza asko ikusi ditugu. Dena dela, gauza txikiak dira.
Zein mezu bidaliko zenuke Txingudi Errugbi klubeko batzordekide gisa?
Nire gomendio nagusia errugbia probatzea da. Izan ere, probatu arte ez da benetan kirol honek nola funtzionatzen duen ezagutzen. Horretarako, sare sozialetan kontuak dauzkagu klubaren inguruko informazio gehiago biltzeko edo interneten kluba bilatuz gurekin harremanetan jartzeko modua topatuko dute. Errugbia probatzeko asmoa duen edonor besoak zabalik jasoko dugu.
Elkarrizketa osoaren bideoa ikusgai dago Txingudi Online webgunean.