Lehen harremana, udaran

Santiagotarrak Kirol Elkarterako sarbide izan ohi dira udako ikastaroak. Goi mailan aritu diren arraunlari eta piraguista gehienek ere egin zituzten, txikitan. Zortzi urtetik gorako haurrek parte hartu dezakete bi asteko ikastaroetan. Denbora horretan, urari beldurra kendu, egonkortasuna lortu, eta lehenengo ibilbideak egingo dituzte. Baina batez ere, lagunen artean ondo pasako dute.

SANTIAGO8

Arrauna, ur lasaiak eta ur biziak dira Santiagotarrak Kirol Elkartearen sekzioak. Ikastaroak ere, multzo horietan banatuta daude. Aurten, bolo-bolo dabilen modalitate berezi bat gehitu dute, Stand Up Paddle Surf-a. Bi asteko ikastaroak dira, baina aste bakoi-tzean modalitate bana probatzeko aukera dago. “Normalean gurasoek animatzen dituzte sekzio batera edo bestera. Baina ondo dago haurrek denak proba-tzea”, adierazi du Oihan Sayar piraguistak. Bera udako ikastaroetan hasi zen piraguan, eta ikastaroetako monitore da gaur egun. Olatz Zabala elkarteko presidenteak ere bide berdina jarraitu du. Denbora azkar pasa dela onartu du: “Niri gertatu zait haur batzuen monitore izatea, eta denbora gu-txian haur horiek nire taldekide bilakatzea”.
Ordu eta erdiko hamar saio egiten dituzte ikastaroko, aste bakoitzean. Hasteko, igeriketa proba gainditu behar izaten dute parte hartzaileek. “Ezinbesteko baldintza da”, baieztatu du Olatz Zabalak. Igeri egiten jakinda ere, batzuek beldurra izaten diote piraguan edo arrauneko ontzian sartzeari. Zalantzak lehen bi egunetan uxatzen dituztela azaldu du Zabalak: “Egonkortasuna lortzea izaten da lehen urratsa. Hortik aurrera, ibaian gora joaten hasten dira. Azkar hartzen dute martxa”. Teknika barneratzen hasteko jarraibide batzuk ematen dituzten arren, Zabalak onartu du ikastaroetan ez dela egoten hobekuntza handiak egiteko denborarik. Ez da haien lehentasuna. Oihan Sayarrek argitu du zein den ikastaroen xede nagusia: “Lortzen dena da kirolari gustua hartzea eta giroan sartzea”. Ikastaroaren ondoren, teknifikazio saio batzuk egiteko aukera dago, klubeko egituran sartu aurretik.
Helduentzako aukera dira ikastaroak eta alokairuak
Hamasei urtetik gorako haurrak, helduen taldean sartzen dituzte. Gurasoek ere badute lekua ikastaro horretan. “Askotan haurrak ekartzera etortzen dira, eta jakin-mina sortzen zaie”, adierazi du Olatz Zabalak. Horri konponbidea emateko beste aukera da piraguak edo arrauneko ontziak alokatzea. “Irunen badago jende asko sekula Bidasoko irletatik buelta bat eman ez duena”, gogoratu Zabalak. Gomendagarria dela eta arriskurik ez dagoela azpimarratu du: “Txalekoa eramaten dute, eta ontziak eta piraguak ez dira iraultzen. Gainera, monitore bat hartzeko aukera dago”. Gutxi dira udaran zehar pala edo arrauna ez hartzeko aitzakiak.

SANTIAGOTARREN DENBORALDIKO EMAITZARIK ONENAK
Ur lasaiak:
-Laugarren postua Estatuko Maratoi Ligan.
-Olatz Zabalaren eta Jon Morenoren brontzezko dominak Espainiako Maratoi Txapelketan.
-Ania Perezen eta Tania Prolen dominak kadete mailako Espainiako Txapelketan.
Ur biziak:
-Klara Olazabalen urrezko domina Europako Txapelketan, taldekako C1 proban.
-Ander Elosegiren bederatzigarren postua Europako Txapelketan, C1 proban,.
-Telmo Olazabalen laugarren postua 23 urtez azpiko Munduko Txapelketan, K1 proban.
Arrauna:
-Beñat Rekartek eta Ander Legazkuek osatutako bikoaren zilarrezko domina, jubenil mailako Espainiako Txapelketan.
-Borja Portosek, Jon Aizpioleak, Mikel Aragonek eta Ioritz Telleríak osatutako laukoaren zilarrezko domina, Espainiako Txapelketan.
-Nerea Seijok, Elene Lopetegik, Garazi Lasartek eta Ana Pagesek osatutako laukoaren laugarren postua, Espainiako Txapelketan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude