Lehen lerroko zerbitzua, herritarrengandik inoiz baino gertuago

Urtebete den honetan COVID-19 pandemia zela-eta alarma egoera deklaratzeko dekretua argitaratu zela, Udaltzaingoko ordezkari Cristina Labordak hamabi hilabete hauetako lanaren errepasoa egin eta Udaltzaingoaren eta Babes Zibilaren jardunaren balantzea egin du, Udaltzaingoko buru Juanjo Aizpiolearekin eta Babes Zibileko arduradun Emilio San Juanekin batera.

“Aurten, are gehiago, ikusi da ezinbestekoa dela zerbitzu publikoak herritarrengandik gertu egon daitezen krisialdietan. Bada, Udaltzaingoa eta Babes Zibila funtsezkoak izan dira irundarren beharrei erantzuteko. 2020ko martxoan, egun batetik bestera, dena aldatu zen, eta, ordutik, dena eman dute, arazoak konpontzeko, etxetik atera ezin ginenean batzuei konfinamendua eramaten laguntzeko eta, batez ere, fase honetan, ezarritako segurtasun neurriak betetzen direla zaintzeko”, nabarmendu du ordezkariak.

Cristina Labordak azaldu duenez, administrazio eskudunak (Estatua edo Eusko Jaurlaritza) kaleratzen zihoazen eta aldizkari ofizialetan indarrean sartzen zihoan araudia izan da beti Udaltzaingoaren erreferentzia. Udaltzainek, Ertzaintzarekin koordinatuta, esku hartzeko irizpide horiek aplikatu dituzte, eta segurtasun arrazoiak direla medio COVID-19aren ondorioei aurre egiteko ezarritako neurri guztiak bete zitezen zaindu dute.

Orain arte, osasun agintariek ezarritako neurrien kontura baino ez, udaltzainek 2.695 akta hasi dituzte; besteak beste, maskara oker erabiltzeagatik eta edukiera eta mugikortasun murrizketak urratzeagatik. “Zigorra azken pausoa da. Kopuru hori alde batera utzita, ordea, bada nabarmendu nahi dudan lan itzel bat: egunero-egunero kale, plaza eta parkeak ibiltzea, herritarrei araudia gogorarazteko eta neurriak betetzen direla, kalean edaten ez dela eta abar ziurtatzeko eta, batik bat, pandemia honi irabaztea denon lana dela eta gutako bakoitzak normaltasunera lehenbailehen itzultzen lagundu dezakeela ohartarazteko”.

Udaltzainek hilabete hauetan egin duten lanaren barruan, azpimarratzekoa da hasiera batean espazioak sortzen zihoazen neurrietara egokitzeko (besteak beste, gel hidroalkoholikoa banatzeko euskarriak instalatzeko eta maskarak banatzeko) egindako lana eta konfinamendua arintzeko prozesuan oinezkoentzako eremuak sortu eta behar bezala seinaleztatzeko eta, horrela, distantzia gordetzeko neurriak betetzen laguntzeko egindakoa.

Babes Zibila
Babes Zibileko boluntarioak udaltzainen funtsezko aliatuak izan dira hilabete hauetan Irungo kaleak ibiltzeko. “Baliteke boluntario taldearen presentzia ohikoagoa izatea Bidasoa ibaiak gainezka egiten duenean edo ekitaldiren bat antolatzen denean. Haien lana funtsezkoa da, eta halakoxea izan da oraingoan ere.Hasiera-hasieratik, lehen lerroan izan dira. Inoiz ez genukeen pentsatuko egin duten lana beharrezkoa izango zela, baina hil ala bizikoa izan da: konfinamendua indarrean zegoen bitartean etxeetara elikagaiak eramatea, espazio publikoen garbiketa areagotzea eta are etxetik atera ezin ginenean txikiei urtebetetzea zoriontzea”.

Babes Zibileko boluntario taldeak pandemiaren lehenengo hilabeteetan lan egin zuen batez ere, konfinamenduan: 75 urtetik gorako 81 adinekori erosketak etxera eraman zizkien; Irun erdialdeko eta Dunboako anbulatorioak, eskualdeko ospitalea eta Udaltzaingoaren bulegoak garbitzeko eta desinfektatzeko 245 jarduketa egin zituen; eskola materiala helarazteko 300 pakete banatu zituen; eta etengabeko beste lan batzuk egin zituen, hala nola azoka txikiko edukiera kontrolatzea eta konfinamendua arintzeko prozesuaren hasieran maskarak eta gel desinfektatzailea banatzea. Horiek horrela, guztira, 1.067 jarduketa egin ditu; tartean, 225 haurren etxeetara joatea haurrak kaletik zoriontzera.

Cristina Labordak eskerrak eman ditu “oso testuinguru zailean egindako lan guztiagatik. Kaleko zerbitzu publikoa garen aldetik ahalik eta gertuen egoten saiatu gara, arazoak konpontzeko eta ondorio larriagoak saihesteko. Pandemia ez da bukatu, baina, eta, irundarren laguntzaz, gehien behar dutenei laguntzen jarraituko dugu”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude