Lehen mundu biraren istorioa ukitu irundarrarekin iritsiko da zinema-aretoetara

Magallanesek eta Elcano euskal marinelak munduri egindako lehen itzuliko abenturak kontatzen dira uztailean zinemetara iritsiko den “Elcano lehen mundu bira” pelikulan. Angel Alonso zuzendariaren gidaritzapean, Irunen egoitza duen Dibulitoon Studio produktoreak ekoiztutako filma da. Zuzendariaz gain, Jone Landaluze ekoizle eragilea eta Juan Alvarez efektu berezietako adituak bezalako profesionalek parte hartu dute pelikula berri honen sorrera prozesuan.

Angel Alonso, pelikulako zuzendaria:

Zergatik erabaki zenuten istorio hau kontatzea?
500 urte betetzen direlako lehen mundu biraren bidaia hasi zenetik eta lehen bidai honek suposatu zuen epopeia kontatu nahi genuelako.

Eduki historiko eta hezigarri handia duen film da?
Bai, nahiz eta dokumental edo biografia bat ez izan, gertakari historiko bat du oinarri. Hala ere, familia guztiarentzako aproposa izan daitekeen animaziozko film bat da. Mundu-biraren ibilbidea oinarritzat hartzen bada ere, abentura, umore eta maitasun zantzuak dauzka ere.

“Sarritan animaziozko pelikulak soilik aurrentzat egiten

direla pentsatu ohi da, baina, hori ez da horrela”

Animaziokoa izateak ez du esan nahi soilik haurrentzako pelikula denik?
Sarritan animaziozko pelikulak soilik aurrentzat egiten direla pentsatu ohi da, baina, hori ez da horrela. Animazioa atsegin duen jende heldu asko dago. Kasu honetan, pelikula familiar bat da eta animazioaren bitartez pertsonai honen istorioa ezagutzera eman nahi izan dugu, jende askorentzat euskal marinel honen istorioa ezezaguna zela konturatu ginelako. Horretarako, bidaiako zatirik interesgarrienak hautatu ditugu.

Animazioaren munduan duzun esperientzia lagungarria izan zaizu film honetarako?
30 urte daramatzat animazioan lan egiten, ondorioz, animatzaile bezala pentsatu eta mugitzen naiz. Animazioz gain, abentura zalea naiz eta pelikulan hori islatzen saiatu naiz, pertsonaien lanketa sakona egiteaz gainera.

Jendea harritu egiten da pelikula hau Irunen ekoiztua izan dela jakiterakoan?
Bai, gaur egun teknologia berriei esker pelikulak etxetik eta edonon egin daitezke. Internet eta teknologiaren garapenak urrun dauden profesionalekin lan egitea ahalbidetzen dute. Hala ere, egia da estudio handiek, aurrekontuari esker, pelikula gehiago ekoizteko ahalmena dutela.

Noiz eta non estreinatuko duzue pelikula?
Martxoaren 23an Malagako festibalean egingo dugu pelikularen aurre-estreinaldia, zinema-aretoetako estreinaldia uztailaren 12an izango den bitartean. Udaran pelikula bat estreinatuko dugun lehenengo aldia izango da.

Pelikula ezagutzera emateko banatzaileen papera oso garrantzitsua da?
Bai, oso pelikula ona egin dezakezu, baina, banatzaile egokiak izan ezean, pelikula kutxa baten sarturik gera daiteke. Banatzaileek pelikula zabaltzeko bideak irekitzen dizkigute.

Jendearen artean arrakasta izango duen film bat dela uste duzue?
Orain arte egindako filmen artean pelikula handizaleena izan dela uste dut, izan ere, pertsonai kopuru, dekoratu eta konplexutasun tekniko handia izan du.

Jone Landaluze, ekoizle eragilea:

Nola bizi izan duzu pelikula honen produkzio prozesua?
Produkzioa luzea izan da, urte luzeetako prozesua izan delako eta, gainera, zailtasun tekniko handiak dituen pelikula bat delako. Urte askotako lanaren ostean, azken 4 urtean produkzioan eman ditugu.

Pelikula bukatuarekin, orain aurre-estreinaldiari begira zaudete?
Bai, orain pelikularen promoziorako material guztiak prestatzen ari gara, izan ere, Malagako Festibalean pelikularen pase berezia prestatzen gabiltza.

Zein ekarpen egin dezake egungo gizartera duela urte asko gertaturiko istorio baten kontaketak?
Gure asmoa istorio hau familia eta haurren artean ezagutzera ematea da, Elcanoren irudia eta bere lorpena ezaguna egin eta gertakizun honekiko interesa pizteko.

Jatorrizko hizkuntza euskara da, baina, gaztelaniara itzuli dugu estatu mailan zabaltzeko eta ingeleseko bertsioa dugu nazioarteko festibaletan aurkeztu ahal izateko. Berlineko Festibalean, adibidez, nazioarteko banatzaileentzako lehen pasa izan genuen. Orain, beste banatzaile batzuk txinerara itzultzen ari dira.

Jendea proiektuarekiko interesa erakusten ari da?
Bai, interes handia piztu du, bai hemen bai nazioartean. Pelikulak oso istorio erakargarria kontatzen du, pertsonai asko daude eta plano oso politak ditu.

Nola ikusten duzu produkzioaren sektorearen egoera hemen inguruan?
Kalitate eta istorio aldetik aurrerapausoak ematen ari dira. Baina, finantziaziorako bideak topatzea eta aurrera egitea ez da batere erraza. Hala ere, Euskal Herrian animazioko 4 edo 5 estudio daude eta gauza politak egin izan dira.

Juan Alvarez, efektu berezi teknikaria:

Efektu berezi asko izan dituen pelikula bat izan da?
Bai, izan ere, pelikulako plano ia guztietan ura dugu, batzuetan gainera ur nahasiak, eta efektu berezi asko daude horren atzean. Honelako elementuek lan handia ematen dute eta, normalean honelakoak saihesten badira ere, ezinezkoa zen pelikula honen istorioa urik gabe kontatzea.

Urak protagonismo berezia izan duenez, nola landu duzue?
Ur sinpleenen kasuan urak lantzeko programa berezi bat dago. Hala ere, urek interakzio handia behar dutenean simulazioak beharrezkoak dira. Horretako, pilotez beteriko igerileku erraldoiak erabiltzen dira programak talkak harrapatzeko.

Uraz gain, zein beste efektu bereziekin lan egin duzue?
Batez ere, haize-oihalak, mugimenduan dauden objektuen oihalak eta sokak. Simulazioaren bitartez egin diren elementu asko daude eta elementu horiek guztiak efektu berezien parte bezala kontsideratzen ditugu.

Jendeak asko baloratzen ditu pelikula baten efektu bereziak?
Gaur egun efektu bereziak oso errekonozituak daude eta ia horien inguru genero berezi bat sortu da. Jende asko akziozko filmetan efektu bereziak ikusteko asmoz joan ohi da. Nire kasuan, efektu berezietako teknikoa naizenez, arreta handiagoz begiratzen ditut. Hala ere, garrantzitsua da efektu bereziek gehiegizko arreta ez bereganatzea.

Zer-nolako eragina izan du efektu berezien munduan teknologia berrien garapenak?
Orain dela urte batzuk ura eta likidoen simulazioak ia ezinezkoak ziren, ordenagailuek egin beharreko eragiketa matematikoen kopuruarengatik. Horretarako, maketak erabili ohi ziren. Gaur egun, maila ertain edo altuko ordenagailu baten bitartez egin daitezke.

Proiektu hau zure erronka profesional handienetako bat izan da?
Erronka berezia izan da, bi urte eman ditudalako urak lantzen eta horrelako zerbait egin dudan lehen aldia izan da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude