Steven Calderónen izena apunta dezake txirrindularitzaren zaleak. Gomur-Liebana taldeko kolonbiarra lider sendoa izan da 43. Bidasoa Itzulian. Lehen etapa irabazi, eta maillot horiari eutsi dio amaierara arte. Lider sendoa izan da, eta indarra, ausardia eta sufritzeko ahalmena erakutsi ditu. Hurrengo urtean maila profesionalean arituko dela ziurta daiteke gehiegi arriskatu gabe. Sailkapenean atzetik izan dituen Masek, Rosonek eta Amezquetak ere, besteak beste, bidea zabalik dute.
Maila handiko lasterketa izan zen, beste behin ere, Bidasoa Itzulia. Azken helmugara arte, ez zuen emozio izpirik galdu. Dena den, ez zen azken uneko ezustekorik izan. Steven Calderón kolonbiarrak lehen etapan jantzi zuen liderraren maillot horia, eta ez zuen berriro erantzi. Itzuliak 23 urtez azpikoen egutegian duen garrantzia agerian geratu zen lehen saioan. Abiadura eta tentsio handiko etapa izan zen. Azken txanpari ekin aurretik, hogei txirrindulariko taldea erori egin zen, Caja Rural taldeko Jonathan Lastra faboritoa izan zen kaltetuena. Igantziko IrriSarri Land parkera iristeko azken malda gogorretan, tropela erabat hautsi zen. Indartsuenen taldean, Steven Calderón izan zen nagusi. Segundo bateko aldea lortu zuen helmugan, eta errenta horri eusteko lanean aritu zen hurrengo egunetan.
Errusiarren eguna izan zen bigarrena. Lokosphinx taldeko bi txirrindulari izan ziren lehenak Hondarribiko Harresilandan. Dimitry Strakhovek lortu zuen garaipena, eguneko ihesaldia amaierara arte eraman ondoren. Gaintxurizketan gora atzean utzi zituen Strakhovek iheskideak, eta bakarrik ekin zion Jaizkibel mendatearen igoerari. Indartsu ibili zen maldan gora, eta hogeita bi segundoko aldearekin sartu zen Hondarribiko helmugan. Zhuralev taldekidek lortu zuen bigarren postua. Hirugarren etapa Bidasoa eskualdetik kanpo ibili zen. Orion izan zituen irteera eta helmuga. Specialized-Fundación Alberto Contador taldeko Enric Masek irabazi zuen etapa, eguneko onenen multzoan sprinta irabazita. Steven Calderónek arazorik gabe eutsi zion lidergoari, eta indarra erakutsi zuen gainera Aiako malda gogorrean.
Azken etapak erabaki zuen, ohi bezala, Bidasoa Itzulia. Sailkanepenko lehen lau txirrindulariak segundo bakarreko tartean zeuden. Hortaz, arriskatzeko beharra zegoen. Ikuskizuna Erlaitz mendatean hasi zen. Calderónek berak egin zuen lehen saioa, baina ez zuen arrakastarik izan, eta atrebentzia ordainarazi zioten aurkariek. Mas, Roson eta Amezqueta saiatu ziren erasoan. Calderonek denei erantzun zien, azken kilometro erdian leher egin zuen arte. Hogeita bat segundo galdu zituen gailurrean bere hiru arerio nagusiekiko. Hala ere, ez zuen bururik galdu. Atzetik zetorren taldean babesa bilatu zuen. Etapa irabazteko ahaleginean, Colpack talde italiarrak gogor lan egin zuen, ihes egindako hirukoa harrapatu arte. Alvaro Truebak asmatu zuen ihes egiteko azken saioaetan, eta bakarrik iritsi zen Kolon pasealekuko helmugara. Gainerakoak batera iritsi ziren, Calderónen mesedean.
Bidasoaren argiak eta itzalak
Irribarretsu jaitsi zen kolonbiarra podiumetik, lortutakoaren esanahiaz jabetuta. Azken etapan asko sufritu zuela onartu zuen: “Zangoekin baino gehiago, bihotzarekin eutsi diot. Buruarekin ere bai, fun-tsezkoa baita txirrindularitzan”. Bidasoa Itzulia irabazten duen txirrindulariak profesionaletarako jauzia ziurtatua izaten du. “Ireki zaidan atea gurutzatu behar dut. Amets hori egia bilakatzeko egin dut lan”, adierazi zuen aurtengo irabazleak. Arrazoi berarengatik, burumakur zegoen Enric Mas, bigarren sailkatua: “Saiatu naiz, baina ezin izan dut helburua lortu. Borrokan jarraitu beharko dut”. Debabarrena taldeko Urki Rojo izan da Bidasoa Itzuliko irundar bakarra. Sailkapeneko 108. postuan amaitu zuen, egindako lanarekin konforme: “Nire helburua lau etapak amaitzea zen. Egunez egun hobera egin dut”.
Txirrindulariek ez ezik, antolatzaileek ere atseden hartu zuten 2015eko Bidasoa I-tzulia amaituta. Kirol arloari dagokionez, balorazio positiboa egin zuen Antxon Mendia zuzendariak: “Hogei talde ekarri ditugu, sei atzerritarrak, eta denak oso lehiakorrak. Lasterketako lehen lau sailkatuen arteko alde txikia horren adierazle argia da”. Antolakuntzari dagokionez, berriz, kritikarako gaitasuna erakutsi zuen Mendiak. Segurtasunean hobetu beharra daukatela onartu zuen. “Ez da erraza, biztanle eta trafiko handiko hiriguneak zeharkatzen ditugulako. Gure arazorik handiena da”, azaldu zuen Antxon Mendiak.
Zailtasunak zailtasun, 23 urtez azpiko txirrindularitzan erreferente izaten jarraitzen du Bidasoa Itzuliak.