LEIRE LOPETEGI, Amatxi dendaren jabea: “Produktuak dastatzeko kafetegia jarri dut”

Otsailaren 8an zabaldu ditu ateak Luis Marianoko Amatxi dendak. Hamabost egun eman ditu itxita, baina eraldatze esanguratsua jasan du. Teak, kafeak, azukreak, eta bestelako gozoak saltzeaz gainera, bertan dastatzeko aukera ematen du orain. Kafetegi gisa ere funtzionatzen du Amatxik. Leire Lopetegi Albenizen eskutik etorri da aldaketa.SONY DSC
Nola sartu zinen abentura honetan?

Hamahiru urte daramatzat ostalaritza munduan. Ostalaritzan, baina beti kafeteratik hurbil. Duela hiruzpalau urte inguru, erreportaje bat irakurri nuen egunkari batean, teteria baten inguruan. Ideia polita iruditu zitzaidan, eta buruan neukan orduz geroztik.

Nola sortu zitzaizun Amatxi denda hartzeko aukera?

Urrian lana utzi nuen, estresatuta nenbilelako, eta geldialdi bat egin nahi nuelako nire bizitzan. Abenduan jakin nuen lehengo jabeak denda utzi egin behar zuela, informatzera etorri nintzen, eta interesgarria iruditu zitzaidan.

Hamabost egunez soilik egon da denda itxita”
Lan handia izan duzu dena muntatzen eta antolatzen?

Hamabost egunez soilik egon da denda itxita, eta ziztu bizian egin behar izan dugu dena. Aitor, nire mutila eta ni, eta Manolo eta Lolo, haren gurasoak egon gara, batez ere. Esker bereziak eman nahi nizkieke, baita Maitianako Lorenari eta Rosari, lehengo jabeari ere.

Lehengo jabearen laguntza jaso duzu?

Bai, laguntza izugarria izan da. Lehen egunean galdezka sartu nintzenetik, dena montatzen lagunduko zidala esan zidan. Nire proiektua izango zela, eta nahi nuen bezala jarriko genuela. Hornitzaileekin berak jarri nau harremanetan, prezioak jartzen lagundu dit etab. Bide batez, esan nahi nuke lehengo dendako prezio berdinak mantendu ditudala.

Zertan aldatu da Amatxi, jendeak ezagutzen zuenarekin alderatuta?

Zatitu egin dut. Lehengo dendaren esentzia berdina mantentzen du, baina lokalaren beste erdian, produktuak dastatzeko kafetegi modukoa jarri dut. Ideia da jendeak tea, pastak, txokolatea edo dena delakoa erosi aurretik, dastatzeko aukera edukitzea.

Zer azpimarratuko zenuke eskaintzen dituzun produktuen artean?

Batez ere Maitiana txokolatea. Irunen du jatorria, ibilbide luzea du, eta gaur egun, nik bakarrik eskaintzen dut Irunen. Artisau pastak Legamiakoak dira, Hondarribikoak. Gero, tearen munduko bitxikeria guztiak.

Mundu hori dagoeneko ezagutzen duen jendea joaten da dendara? Edo ikasteko interesa duena?

Denetarik ikusi dut. Jende askok denda ezagutzen du, eta asmo zehatzarekin etortzen da. Baina beste batzuk sartzen dira mahaiak ikusten dituztelako, eta kafea hartzeko asmoz. Gero, denda ikusita, aholkua eskatzen dute, zer edo zer erosteko. Jende berria ere etortzen ari da.

Behar duten informazioa ematen diezu zuk?

Bai, tea prestatzeko prozesuaren berri ematen diet adibidez, zergatik batek bost minutu behar dituen, eta beste batek bi. Batzuk te puruak dira, besteak frutadunak, loredunak etab. Hasiberria naiz, baina duela hamar egun Gasteizen egon nintzen, te sommelier baten eskutik ikasten. Oso gustura etorri nintzen handik.

“Denda bateko erritmoa askoz lasaiagoa da ostalaritzakoa baino”
Zer moduz joan da lehen astea?

Lehenengo egunetan oso urduri ibili nintzen. Orain, pixkanaka, konfiantza hartzen ari naiz. Ostalaritzako erritmoarekin ohituta nengoen, eta honek ez du zer ikusirik. Ostalaritzako lana oso azkarra da, bizi-bizia. Denda bateko erritmoa askoz lasaiagoa da. Ohitzea kostatzen ari zait.

Aurreikuspenak bete dituzue?

Otsailean gaudela eta eguraldi txarra egin duela kontuan hartuta, pozik gaude, bai. Hasieran kopuru batzuk bota genituen, eta betetzen ari gara. Orain betetzen ari baldin badira, pentsatzen dugu etorkizunean ondo funtziona dezakeela. Oso gustura gaude momentuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude