Leka-Enea mahi-tenis klubeko neskak hainbat lehiaketetan murgilduta daude. Leka Enea mahai-tenis klubeko Ioana Tecla Super Dibisio taldeko partaidea da. Paula López, berriz, kimuen mailako jokalaria da eta estatu aurreko txapelketan bigarren geratu zen. Leka Enea klubeko kirolariek orain arte lortutako emaitzen balorazioa egiteaz gainera, oraindik denboraldian aurretik dituzten erronkez hitz egin dute.
Abenduan estatu aurreko txapelketan parte hartu zenuen eta bigarren postua lortu zenuen. Nola joan zen txapelketa?
Paula: Oso ondo. Txapelketa prestatzen hasteko hainbat entrenamendu egin nituen aurretik. Ondoren, partiduak jokatzeko ordua iritsi zen eta, egia esan, oso eroso sentitu nintzen partiduak jokatzen eta uste dut horregatik lortu nuela partiduak irabaztea.
Zaila izan da lehiaketa hau prestatzea?
Paula: Lehiaketa garrantzitsua da, eta beraz, horretarako entrenatzea ere oso garrantzitsua da.
“Lehiaketa garrantzitsua da, eta beraz, horretarako entrenatzea ere oso garrantzitsua da”
Paula López, Leka-Enea klubeko jokalari kimua
Garrantzitsua izan da zuretzat bigarren postua lortu ahal izatea?
Paula: Bai, noski. Gainera, gero estatu mailako txapelketa jokatzeko aukera emango dit horrek eta uste dut txapelketa horretako partiduetan ere hobeto ibiliko naizela, maila altuagoa izango baita. Hortaz, entrenatzen jarraitu behar dut.
Nolakoak izango dira hemendik aurrera egingo dituzun entrenamenduak?
Paula: Asko entrenatzen jarraitu behar dut, beste jokalariek maila altua baitute.
Ioana zu berriz, Emakumeen Super Dibisioko Taldearekin jokatzen ari zara eta denboraldiko leher itzulia bukatzear duzue. Bigarren itzulia hasi aurretik izango al duzue oporrik?
Ioana: Ez, izan ere, Gabonetan zehar jada izan ditugu bi asteko oporrak. Hemendik aurrera, txapelketa asko ditugu jarraian, ligako txapelketa ez baita maiatzera arte amaituko. Hala ere, txapelketak ekainaren amaierara arte luzatzen dira. Lehen itzulia oso bizia izan da, taldeak oso ondo orekatuta baitaude. Gure helburua sailkapeneko lehen 6 edo 7 taldeen artean mantentzea da, nahiz eta orain arte ozta-ozta lortu dugun. Hala ere, oraingoz helburua betetzen ari gara.
Nabaritu duzue denboraldi honetan maila altuagoa izan dela aurrekoekin alderatuta?
Ioana: Bai, Liga oso gogorra da, Espainiako, Asiako edo atzerriko aurkarien kontra lehiatzen baikara. Esan behar da belaunaldi espainiar hau oso ona dela, beraz, lehiaketetara % 50era joaten gara beti, edozeinek irabazi edo galdu dezakeelako. Partiduek hiru ordu eta erdiko iraupena izan ohi dute eta bertan gure maximoa ematen saiatu behar dugu garaipen bat lortu ahal izateko.
Nola ikusi duzu zuen taldea lehen itzuli honetan?
Ioana: Aurten taldekide berriak ditugu. Taldekide berri horietako bat Angela Rodriguez da, duela gutxi taldean sartu dena. Beste kideetako bat atzerritarra da, eta hemen bizi ez denez, hasieran pixka bat kostatu zitzaigun egoera horretara egokitzea, taldea sendotu ahal izateko. Badirudi duela gutxi lortu dugula taldea guztiz sendotzea eta modu homogeneoan jokatzen hastea.
“Taldea jokalari guztien baturari esker sortzen da”
Ioana Tecla, Leka-Eneako Emakumeen Super Dibisio taldeko jokalaria
Taldean lan egin ahal izateko entrenamenduak oso garrantzitsuak dira, ezta?
Ioana: Hala da. Taldea jokalari guztien baturari esker sortzen da. Lankideari lagundu ahal izateko, hura ondo ezagutu eta nola erreakzionatzen duen jakin behar duzu. Oso garrantzitsua da bakoitzak gure puntuak ematen saiatzea eta partidan zehar binakakoak izatea, horiek ere oso garrantzitsuak baitira. Talde batek bezala funtzionatzen ez baduzu, zaila da emaitza horiek lortzen saiatzea.
Zeintzuk izan ziren denboraldiaren hasieran ezarri zenituzten helburuak?
Ioana: Gure helburu nagusia Europako Kopa jokatzeko sailkatzea da. Horretarako, lehenengo sei taldeen artean sailkatzea lortu behar dugu. Oraintxe bertan zazpigarren postuan gaude, baina partiduetan esan dudan bezala maila oso parekatuta dago eta ligaren amaiera iritsi arte ez dugu jakingo talde bakoitza zein postutan geratzen den. Oraingoz, esan dezakegu ez gaudela gure helburua lortzetik oso urrun, hurrengoarengandik bi puntura bakarrik baikaude.
Beraz, bigarren itzuliari begira, helburu bera duzue?
Ioana: Hori da, helburua da lehen sei postuetan mantentzea eta orain arte 4-3ko emaitzaz galdu ditugun partidak irabaztea, kasu horietan oso gutxigatik galdu baitugu. Emaitza horiei buelta ematen saiatu nahi dugu denboraldiko bigarren zatian.
Zuek, klubeko entrenatzaile gisa, nola ikusten duzue klubaren eta mahai-tenisaren egoera Irunen?
Ioana: Pixkanaka hobetzen ari gara. Egia da pandemia iritsi aurretik klubaren egoera zertxobait hobea zela, liga guztietan taldeak izatea lortu baikenuen, eta eskolan ere ume asko genituelako. Covida iritsi zenean jokalari asko galdu genituen. Orain ikusten ari gara jokalari kopurua berriro hazten ari dela, bai eskolan, bai fitxen mailan. Taldeak ia kategoria guztietan mantentzea lortu dugu. Gure atzetik datozen belaunaldi berriak ditugu, eta horrek oso pozik uzten gaitu hemen sortzen ari den guztiarekin.
Zure kasuan, Paula, zure inguruan haur asko ikusten dituzu mahai-tenisean jolasten edo behintzat kirola ezagutzen dutenak?
Paula: Leka-Enean nesken kimu kategorian gabiltzan neskak 4 edo 5 gara bakarrik, baina behintzat taldetxo bat gara.
Inguruan kirol ezezaguna dela nabaritu duzu?
Paula: Lehen eskolan jokatu jokatzen zen mahai-tenisean, baina adibidez nire eskola osoan ni nintzen Leka-Enean mahai-tenisean jokatzen ikastera etortzen zen bakarra. Orain ordea, uste dut eskoletan jada ez dela jokatzen.
Maila altuagoan dabiltzan Ioana bezalako kirolariak ikusteak, kirolean trebatzen jarraitzeko motibazioa ematen dizue?
Paula: Bai, oso ondo dago maila altuko txapelketan dabiltzan jokalarien adibidea gertu izatea. Izan ere, niri ere gustatuko litzaidake noizbait horrelako maila batera iritsi ahal izatea. Etorkizunean mahai-tenisean jokatzen jarraitzeko asmoa dut.
Ioana: Hori da mahai-tenisaren alde ona, jokalari bakoitzak bere lekua aurkitzeko aukera izatea martxan dauden ligen artean. Egun super dibisiotik hasi eta eskualdeko ligetaraino doazen ligak ditugu; orduan, zure helburuaren edo mailaren arabera, beti aurkitzen duzu zuretzako egokiena den txapelketa.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.