80ko hamarkadan eman zituen lehendabiziko urratsak Leka Enea mahai tenis taldeak. Harrez geroztik haien arrakastak ez du mugarik ezagutu.
Krisi ekonomikoak baldintzatutako garaiotan, hastear dagoen
denboraldirako dituzten helburuak eta ametsak ezagutu ditugu.
Leka Enea mahai teniseko kluba erreferente bat da euskal kirolean. Kategoria gorenera iritsi zenetik poza besterik ez dio eman gure hiriari. Aurten, maila gorenari eusteko gogor borrokatu beharko du taldeak; izan ere, aurrekontuaren murrizketa dela eta, ezin izan dute fitxajerik egin. “Gure helburu nagusia bi talde gorenak Superdivision deituriko mailan mantentzea da; baina, krisia dela eta, Kirolgik ematen zigun laguntza % 40-% 50ean murriztu zaigu”, dio Iker Martinez entrenatzaileak. Gauzak horrela, etxeko gazteen formakuntzan guztiz zentratuta dago talde irundarra. “Etxeko gazteak eta euren formakuntza da gure helburu eta kezka nagusia gaur egun, beraiek baitira gure etorkizuna eta gure itxaropenik behinena”.
Gazte horien artean Unai Loiarte dugu. Bere abentura mahai tenisaren munduan orain dela 6 urte hasi zen. “Uda Errioxan pasa ohi dut, eta han eman nituen nire lehendabiziko urratsak kirol honetan. Bertan, mahai teniseko mahai bat dago. Nahiz eta jokatzen jakin, taldean hasi nintzenean gauza tekniko ugari ikasi behar izan nituen, kalean aritzeak edo hemen aritzeak ez baitu zerikusirik”. Iñaki Salaverriak eta Endika Gonzalezek ere ondo ezagutzen dute kirol hau, ordu ugari sartzen baitituzte astean zehar Hirubideko gimnasioan. “Astean hiru edo lau egunetan entrenatzen dugu eta entrenamenduak bi ordukoak dira, baina momentuz ikasketekin bateragarriak dira” adierazi dute bi gazteek.
Mahai tenisak uste baino esfortzu fisiko handiagoa eska-tzen du. Horretaz gain, faktore psikologikoa ere oso garrantzitsua da. Olatz Zuazua lehen taldeko jokalariaren esanetan, “zure burua oso ondo ezagutzen eta kontrola-tzen ikasi behar duzu. Nire kasuan, mahai tenisak arreta eta kontzentrazioa garatzeko balio izan dit, eta hori ikasketak aurrera eramateko ere oso garrantzitsua da”.
Bestalde, hemendik gutxira, Sonia Etxazarreta Mahai Tenis Teknifikazio Guneak irekiko ditu bere ateak. Taldeko presidenteak eta zuzendaritza-batzordeak lan handia egin dute azken urteotan proiektu hau aurrera ateratzeko, eta badirudi, azkenean, helburua lortu dutela. Jokalarientzat, berriz, motibazio gehigarri bat da. “Oso berezia da gure entrenatzailea zenaren izena daraman teknifikazio gunean entrenatzea eta jokatzea. Orain dela pare bat urte hil zen, baina haren oroitzapena gurekin dago eta honek indarra eta motibazioa ematen digu aurrera jarraitzeko eta gure helburuak lortzeko bidean”, dio Olatz Zuazuak, hunkiturik. Hala, bada, datozen asteetan zentru berriko mahaietan ikusiko ditugu gure neska-mutilak, erraketa gogor astintzen dutelarik, bidean agertzen den edozein erronkari aurre egiteko prest.