Mundu mailan oihartzun handien izan duen irundarretako bat da Leontxo Garcia (Irun, 1956). Xake jokalaria izan ondoren, kazetari eta dibulgatzaile lanetan aritu da, lauki zuri-beltzen kirolarekin lotuta, gehienetan. Olinpiar Jokoak jarraitu ditu, eta politikarekin eta bidaiekin lotutako kazetaritza ere egin izan du. Irungo Almirante Arizmendi kalean du etxea, baina munduan zehar bidaiatzen ematen du urtearen zati handi bat. Apirilaren 27an, ordea, Manolo tabernan izan da, Bidashop merkatarien elkarteak antolatutako hitzaldi sorta estreinatzen.
Beste leku eta testuinguruetan hamarnaka xake aditu biltzeko gaitasuna izan badu ere, lagunarteko giroa sortu du Garciak Manolo tabernan. Hitzaldi didaktikoa eman du, gainera, xakearen iraganari eta orainari buruz. Teoria zabalduenaren arabera, duela hamabost mende sortu zen xake jokoa, India eta Persia inguruan. Arabiarren eskutik iritsi zen Iberiar penintsulara, VIII.mendean.
Xake modernoa, Valentzian asmatu zuten, XVI.mendean. Damaren figura gehitu zioten, eta gainera, taulako indartsuena bihurtu zuten. “Arabiarren xakeak ez zuen emakumezko figurarik”, azpimarratu du Garciak: “Esaten dute Isabel Katolikoaren omenez asmatu zutela damaren pieza”. Amerikara, eta mendebaldeko Europara, espainiarrek zabaldu zuten xakea. Leontxo Garciak adierazi du ez duela ulertzen nola Espainiako agintariek ez dioten mendetako historia horri etekin handiagoa ateratzen: “Espainia markaren parte izan behar luke xakeak. Inteligentziarekin lotzen da xakea, eta lotura hori Espainiarekin egiten diren beste asko baino interesgarriagoa dela iruditzen zait”.
“Espainia markaren parte izan behar luke xakeak. Inteligentziarekin lotzen da”
XVIII.mendearen amaieran, Parisko Café de la Régence mitikoan biltzen ziren Europako xake jokalari nagusiak, garaiko politikariekin eta intelektualekin batera. François-André Danican Philidor jokalariaren esaldi bat nabarmendu nahi izan du Garcíak: “Peoiak xakearen arima dira”. Xake jokoaren hasieran, peoiek ez dute garrantzirik, baina taularen amaierara iristen direnean, dama bilakatzen dira. Leontxo Garcíak gogorarazi du gizateriaren historiako momentu garrantzitsuenetako baten atarian bota zuela esaldia: “1789an izan zen Frantziako Iraultza. Frantziako gizarteko peoiak, eskubideak eta askatasunak bereganatzen hasi ziren”.
Gerra hotzeko lehia handiak
Jauzi handia egin du Leontxo Garcíak, XX.mendearen bigarren erdiara. 1970eko hamarkadan harrapatu zuen xakeak García, Fisher-Spaski lehiaren garaian. “Gerra hotz bete-betean jokatu zuten elkarren aurka. Ameriketako Estatu Batuen eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren arteko tentsioa ikaragarria zen”, gogorarazi du Garcíak. Sobietarrak oso harro zeuden haien xake jokalariekin. Munduko onenen %80 sobietarrak ziren. Kopuru horren azalpen bat eman du Leontxo Garcíak: “287 milioi biztanle zituen SESBek. Horietatik bost milioi xake jokalari federatuak ziren, eta 50 milioik xakean jokatzen zuten institutuetan, sindikatuetan, kuarteletan, adinekoen egoitzetan etab.”.
Boris Spaski sobietarra zen munduko txapelduna. Haren aurka lehiatzeko hautagaien txapelketa estatubatuar batek irabazi zuen: Chicagoko Bobby Fisherrek. “Autodidakta eta errebeldea zen”, zehaztu du Garcíak. Reykjavic-en jokatu behar zuten lehia, baina Fisherrek ez zuen joan nahi izan, sarien poltsa eskasa zela argudiatuta. Henry Kissinger kanpo ministroaren deia jaso zuen, Richard Nixon presidentearen izenean: “Mesede politiko gisa joan zedin eskatu zion, Spaskiri irabaztea propaganda arrakasta itzela izango litzatekeelako”. Beste dei bat ere egin zuen Kissingerrek, eta Jim Slagter britainiar aberatsarekin hitz egin zuen, sarien kopurua bikoiztu zezan eskatzeko. “Ez dakigu zerk konbentzituta, baina Fisher Islandiara joan zen, eta Spaskiren aurkako lehia irabazi zuen. Heroi baten moduan hartu zuten etxe zurian”, azaldu du Garcíak.
Kremlinean, sobietar gobernuan, bi hautagai zituzten Spaskik galdutako ohorea berreskuratzeko: Victor Korchnoi eta Anatoly Karpov. Bigarrena aukeratu zuten: “Askoz gazteagoa zen, eta profila egokiagoa zen. Uraletako familia langile batean hazia zen, eta jatorri umil hori asko gustatzen zitzaion gobernuari”. Hortik aurrera, Korchnoiren bidea ahalik eta gehien oztopatzen ahalegindu ziren, Sobietar Batasunetik ihes egitera behartzeraino. Suitzako hiritar zela, hautagaien zerrenda irabazi zuen, hala ere, eta Karpov Munduko Txapeldunaren aurka aritzeko aukera izan zuen. Filipinetan jokatu zuten partida hori, ia hiru hilabetez. Karpovek irabazi zuen, Korchnoiren zorionerako. “Beranduago jakin izan zen, KGB poliziak Korchnoi erailtzeko planak zituela, behar izanez gero”, aipatu du Garcíak.
SESBeko super heroi bilakatu zen Karpov. Gainera, hamar urtez, jokatu zituen partida guztiak irabazi zituen. Baina ez zekien, Moskuren hego ekialdean, hiriburutik 2.500 kilometrora, Gary Kasparov izeneko gazte bat xakean trebatzen ari zela: “Kirol guztien historian izan den lehiarik handiena eduki zuten Karpovek eta Kasparovek”. 1984 eta 1990 artean, bost aldiz lehiatu ziren, elkarren kontra, Munduko Txapelketa irabazteko. Guztira 144 partida izan ziren, 500 ordu baino gehiago, aurrez-aurre. “Beste milaka ordu eman zituzten, bata bestearengan pentsatzen, era obsesiboan”, erantsi du Leontxo Garcíak. Sekulako presio politikoei aurre egin behar izan zieten Karpovek eta Kasparovek. 1991n desegin zen SESB. “Karpov, komunisten guardia zaharraren ordezkaria zen. Kasparov, berriz, Perestroika erreformaren ordezkari kulturala”, argitu du Garcíak. Haien arteko partida bakoitzean, milioika lagun egoten ziren irabazlea nor izango zen jakiteko zain.
Polgar ahizpak, xakea eta hezkuntza
Gizonezkoak izan dira protagonistak, orain arte. Baina emakumezkoak ere egon dira munduko xake jokalari onenen artean. Polgar ahizpa hungariarren kasua azpimarratu du Leontxo Garcíak. Esperimentu pedagogiko bat egin zuten haien gurasoek: “Biak irakasleak ziren. Etxean hezi zituzten hiru neskak. Ez ziren inoiz eskolara joan, azterketetarako izan ezik. Xakea irakasgai bat gehiago izan zen haientzat”. Emaitzak ikusgarriak izan ziren, bereziki Judit ahizpa gazteenari dagokionez. 2014an utzi zuen goi mailako lehia, baina munduko onenen artean egon den emakume bakarra da. Munduko zortzigarrena izatera heldu zen.
Ez da ohiko kasua, gaur egun, emakume bakarra baitago ehun onenen artean. Garcíak uste du gakoa hezkuntzan dagoela: “Nerabezaroaren aurretik, mutilek eta neskek interes maila berdina izaten dute xakearekiko. Baina hortik aurrera, neska gehienek utzi egiten dute. Herrialde askotan, etiketa maskulinoa baitu xakeak. Neska guztiek Polgar ahizpen moduan heziak izan balira, ehun onenen artean emakume asko egongo lirateke”.
“Jokaldi bakar batek posizio osoaren ebaluazioa alda dezake. Egoera berrietara moldatu behar dute jokalariek, etengabe”
Xakearen balio hezitzailearen defendatzaile sutsua da Leontxo García. Argudio trinkoa eman du: hamabost urte barru, gaur egungo haurren erdiak baino gehiagok, oraindik existitzen ez diren lanbideak edukiko dituzte. Gaur egun existitzen ez den teknologia erabiliko dute, oraindik existitzen ez diren arazoak konpontzeko. Testuinguru horretan, hezkuntzak arreta berezia jarri behar du aldakorra den errealitatera egokitzeko gaitasunean. “Xakeak primeran bat egiten du horrekin. Jokaldi bakar batek posizio osoaren ebaluazioa alda dezake. Egoera berrietara moldatu behar dute jokalariek, etengabe”, azaldu du Garcíak: “Ehun partida jokatu baldin badituzu, prozesu hori automatizatua duzu, eta horrek bizitzarako balio du. Horregatik bat egiten du horren ondo XXI.mendeko errealitatean”.
XV mendeko historia du xakeak, baina sasoi betean dago, oraindik ere. “Internet bidez jokatu daitekeen kirol bakarra da. Futbolean edo tenisean ezin da, xakean bai. Momentu honetan milioika lagun egon daitezke xakean jokatzen. Islandiar bat korear batekin, edo hegofrikar bat kanadiar batekin”. Ordenagailuaren aurka jokatzeko aukera ere badago. Alabaina, oraindik ez da existitzen xakean bikain jokatzen duen makinarik. Datu argigarria eman du Garcíak, hori argudiatzeko: “Xakeko taula batean jokatu daitezkeen partida ezberdinen kopurua handiagoa da, unibertsoan dauden atomoena baino”. Xakearen mundu harrigarriak liluratuta dauka Leontxo García, eta bere pasioa hedatzen trebea da irundarra.