Asteazken honetan, Irungo Udaleko Gazteriako ordezkari Santi Jiménezek Lesaka kaleko Haurtxokoa berrinauguratzeko antolatutako programaren berri eman du. Hain zuzen ere, Etxaldea esaten zaion lekuan dago haur eskola.
San Migel – Pinudi inguruko ikastegia 2021-2022 ikasturtean sartu zen udal ludoteken sarean; ordura arte, Lapitzeko, Kateko eta Palmera-Monteroko ikastegiek eratzen zuten sarea. Hilabete hauetan, normalki funtzionatu du haur eskola berriak, baina, edonola ere, behin Cristina Juániz eta Juncal Alfonso artisten bi proiektu artistikoak bukatuta, Gazteria Arloak ikastegia berrinauguratzeko jardunaldi bat prestatu du, familientzako jarduerez osatutakoa.
Santi Jiménez ordezkariak “larunbat honetan haur txokora joatera” animatu du jendea, “Arloak prestatu dituen jarduerez gozatzera”. Era berean, “Udalarekin elkarlanean bi artistek haur txokoari itxura berria emateko egindako lana” eskertu du.
Ekitaldia larunbat honetan izango da, apirilak 2, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Zehazki, jolasak, musika bidezko animazioa eta kalejirak izango dira.
Jardunaldian, haur txokoan egindako bi lan artistikoak deskubritzeko aukera izango da. Batetik, Cristina Juániz artista irundarrak bi ekipamenduak (haur txokoa eta eskauten elkartea) pintatu ditu, alegiazko paisaietan inspiratuz: ezaugarri surrealista samarreko animaliak, gure ingurukoak izan litezkeen landare asmatuen nahasketak, Patagoniako oihan bat… Dena, proportzio irrealetan; aldi berean, baina, konposizioaren eta kolorearen harmoniari eutsiz oro har.
“Iruditu zait horrelako zerbaitek ondo eman zezakeela, mugako hiri den aldetik Irunen ikusten dudan esentzia islatu nahi bainuen. Hainbat jatorritako jendearen igaroleku da Irun, eta nazionalitate desberdinetako jendearen etxe eta harrera leku ere izan daiteke. Aniztasuna ederra da, eta Irunen parte da. Hori dela-eta, kontinente bakoitzeko tipikoak diren sei animalia aukeratu ditut, nire estilo eta gustuarekin bat datozenak”, adierazi du Juánizek.
Bestetik, Juncal Alfonso artista proiektu baten buru aritu da, non haur txokoko bertako haurrek eta eskautek parte hartu duten, eta Cristinaren proiektuaren jatorrizko ideia osatzeko mural bat sortu du.
Ekimenari esker, parte hartzaileek beren arrastoa utzi dute, eta proiektuaren parte sentitu dira: garrantzitsua da hori denborarekin murala ondo tratatu eta erabiltzeko. Gainera, proiektuaren bidez, helburu hauek landu dira: artea adierazi eta
komunikatzeko erabiltzea; psikomotrizitatea, sormena, segurtasuna eta noren buruarekiko konfiantza garatzea; errespetua eta kidetasun eta komunitate sentimendua lantzea; eta haur txokoa berritu eta bizigarria den itxura ematea.