Gazteartean Beka irabazi dute Maite Azabal eta Uxue Diez-Guiralek. “LGTBIQ+ gazteak Irunen: ba al dakigu zer dagoen?” lana aurkeztu dute deialdia irabazteko. Datozen hilabeteetan Irungo LGTB gazteen beharrak kontuan izango dituen gizarte sentikor eta inklusibo bat sortzeko ikerketa gauzatuko dute. Maitek eta Uxuek Irungo herritar gazteak proiektua ezartzearen onuradun izango direla pentsatzen dute.
Nola bururatu zitzaizuen Gazteartean Bekara aurkeztea?
Maite: Gazteartean Beka aurretik ezagutzen genuen. Aurtengo deialdia sare sozialetan ikusi genuen eta erronka onartzea erabaki genuen. Azken urteetan, bakoitza bere esparruan, ikerketa munduan ibili gara lanean, Uxue hezkuntzaren esparruan eta ni psikologiarenean. Deialdia ikusi genuenean bi esparru horiek elkartzeko aukera paregabea zela ikusi genuen eta horrela animatu ginen proiektua aurkeztera.
Ikertu nahi zenuten gaia hasieratik argi izan duzue?
Uxue: Egia da LGTB mugimenduarekin loturik aktibismo munduan ibili garela, esaterako, Ozen LGTB taldean egon gara, orain Bilbon daudenak. Gure aktibismoak gai hau aztertzeko gogoa piztu digu. Biok testuinguru horretan murgilduta egon garenez hasieratik nahiko argi izan genuen zein izango zen gure ikerketaren gaia. Maiterekin hitz egiten hasi eta segituan argi izan genuen nondik jo behar genuen, gaurkotasun handiko gaia delako eta, azken batean, garrantzitsua da.
Aurretik Irun mailan horrelako beste ikerketarik egin da?
Maite: Badakigu Irungo ikastetxeetan LGTB eta aniztasunaren inguruan ikastaroak egiten ari direla Asexora-T zerbitzutik edo Gehitu elkarteen bidez. Guk oraindik ez dugu aurkitu aurretik guk planteatutako gaiaren inguruan egindako ikerketarik. Horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Agian egon badago, baina ez dago zabalduta eta, hala izatekotan, ez dago nahikoa zabalduta eta hori ere hausnarketa puntu interesgarria da.
Ikerketa hasi aurretik, arazoren bat edo aldatu beharreko zeozer identifikatu duzue jada?
Uxue: Aldatu baino, gure artean, uste dugu LGTB borrokaren eta ikerketaren arteko saretzea beharrezkoa dela. Noski, mila gai eta gauza daude ikertzeko, baina saretzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Ez dakit soilik Gipuzkoa edo Euskal Herri mailako arazoa den, baina nik faltan sumatzen dudan zerbait da.
Maite: Egun ikusten dugunez gizartean informazio asko dugu eskuragarri, baina LGTBIQ+ gaiaren inguruan nahasmen eta ezjakintasun handia dago halaber. Horrek eragin nabarmena du gure buruan eta azkenaldian gertatutako delituek hala erakusten dute.
Uxue: Gizartea oso polarizatua dago. Albiste faltsuez gain, sare sozialetan sasi informazio asko dago. Gorroto delituak hor daude eta horrek gazteen pentsamenduan eragina dauka. Gorroto delitu larriez gain, egunerokotasunean eraso eta injustizia asko daude.
Zeintzuk dira proiektuaren helburu zehatzak?
Maite: Irungo gazteria LGTBaren diagnostikoa egin eta errealitatea zehazteko. Helburua hausnarketa prozesu bat burutzea da, LGTB komunitatearen sentsibilizazioaz gainera, haien beharrak identifikatzeko. Horrela, gizarte inklusiboago baterako bidea erraztu nahiko genuke. Badakigu hori guztia proiektu bakar batekin ez dugula lortuko, baina behintzat urrats bat da.
Ikerketaren emaitzak zertarako balio izatea espero duzue?
Uxue: Printzipioz Irungo hiriarentzat abiapuntu bat izatea espero dugu. Ikerketan identifikatzen diren beharretan eta diagnostikoan oinarrituz, bestelako ekintzak egin ahalko direla uste dugu.
Ikerketa ikastetxeetara eramateko asmoa duzue. Nola egingo duzue hori?
Maite: Zuzenean ikastetxeekin harremanetan jarriko gara Irungo Udalaren eta Gazteria arloaren laguntzarekin. Badakigu pandemiarekin ikastetxeetan lanez gainezka dabiltzala, baina espero dugu gure proiektua haien interesekoa izan dadila.
Ikerketa genero-ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik jorratu nahi duzue. Zer esan nahi du horrek?
Uxue: Guk ez dugu feminismorik gabe LGTBIQ+ borroka feminismorik gabe ulertzen. Historikoki biak oso lotuak egon dira eta elkarri bultzatzeko balio izan dute. Gure iritziz feminismoak inklusiboa izan behar du, ezin dugu feminismoa gorputz eta errealitate guztiak uztartu eta batu gabe aurrera eraman. Gazteen gorputz, errealitate eta pentsamenduak elkartu nahi ditugu, inklusibitatea bultzatzeko.
Urtebeteko epea duzue hori guztia egiteko. Nola antolatuko duzue denbora?
Maite: Lehenik eta behin eskoletara aurkeztu behar ditugun materialak eta edukiak prestatu behar ditugu. Beraz, horrekin hasi gara orain, galdetegiak idazten eta informazio orriak prestatzen. Ostean, ikastetxeekin harremanetan jarriko gara eta martxo erdialderako ikasleei jada galdetegiak pasata izatea espero dugu. Galdetegiak erantzun dituzten ikasleen artean batzuk aukeratuko ditugu “Focus group”-etan parte hartzeko. Emaitzak hurrengo kurtsoaren hasierarako prest izatea nahiko genuke.
Zeintzuk dira gizarte inklusiboago bat lortzeko egin beharrekoak?
Uxue: Saretzea funtsezkoa da. Horretaz gain, uste dugu bai estatu mailan zein maila txikiagoan legedia aldatzea funtsezkoa dela. Izan ere, egungo legediak ez ditu existitzen diren errealitate guztiak barne hartzen. Legedia aldatzeko beharraz ohartarazteko ezinbestekoak dira gurea bezalako ikerketak, horien abiapuntua hartuta gizartearen ahotsa islatzen baita bertan.
Maite: Gure ustez garrantzitsua da gizarte eragile ezberdinen elkarrekintza eta lan kooperatiboa eta koordinatua bultzatzea.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.