Proiektu askoren antzera, beharretik sortutako egitasmoa da hau ere. Izan ere, ikasleei, irakasleei zein gazteen gurasoei izuak, urduritasunak eta duda-mudak korapilatzen zaizkie Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeko unean. Horregatik, Dunboa HH-LH, Toki Alai HH-LH eta Toki Alai DBH ikastetxeek indarrak batu dituzte, trantsizio plana sortu eta prozesu natural hau arintzen laguntzeko.
Sergio González Toki Alai HH-LH eta Julen Urkia Dunboa HH-LH ikastetxeetako zuzendariak dira eta beren ikasleak Otsanda Tolosak zuzentzen duen Gazteluzarreko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxean elkartzen dira zikloz aldatzerakoan. Hiru zuzendariak bat datoz maila aldaketa horrek ikasleen eta beren inguruan duen eraginaz hitz egiterakoan. DBHko Otsanda Tolosa zuzendariak azaldu duenez, “hain garrantzitsua den etapa aldaketa honetan 6. mailako ikasleei harrera egoki bat emateko beharra ikusi genuen, ikasleei eta familiei beste mota bateko laguntza emanez”.
“Sentsazio arraro horiek arintze aldera, erabaki genuen zerbait egin behar genuela”
Sergio González, Toki Alai HH-LHko zuzendaria
Horregatik, zailtasunen aurrean indarrak batu eta ikasturte honetan trantsizio plan bat jarri dute martxan hiru zuzendari berriek. Toki Alai DBHko zuzendariak aipatu duenez, “guk betidanik izan dugu lehen hezkuntzako ikastetxeekin harremana, baina orain arte oso puntualak ziren”. Horrela, ikasleen ongizate emozionala zaintzeko asmoz ikasturte osoan zehar egingo dira maila aldaketarekin loturiko ekintzak. Sergio González Toki Alai HH-LHko zuzendariaren hitzetan “sentsazio arraro horiek arintze aldera, erabaki genuen zerbait egin behar genuela”.
Alde ukaezina
Lehen ikasturte amaierarekin aldaketaren momentua iristen zenean urduritasunak erabatekoak ziren. Are gehiago, Julen Urkiak azaldu du 6. maila hasieran jada ikasleak presiopean sentitu ohi direla etxetik, ikastetxetik eta kaletik jasotzen duten mezuarengatik: “Azken urtean zaudete, datorren urtean DBHra zoazte”. Presio horrek ikasleei emozionalki eta akademikoki eragiten diela azaldu du Dunboa HH-LHko zuzendariak. Beraz, ikasleak 6. mailan dauden bitartean bizitzen ari diren momentuaz gozatzea nahi du Urkiak, etorkizunarengatik kezkatu gabe., erantsi du Dunboako zuzendariak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartzerakoan aldaketa bat gertatzen dela ukaezina da, alderdi askotan nabaria baita. Batetik, Otsanda Tolosak aipatu duenez espazio aldaketa bat gertatzen da, ikasleak “ordura arteko eskoletatik urruti dagoen eraikin batera datoz eta”. “Beldurrak sortzen dira, adibidez, Toki Alaikoak autobusa erabiltzera ohituak dauden bitartean, Dunboan ohitura hori ez dutelako”. Irakaslegoaren aldetik ere aldaketa nabaria da, tutore bakarra izan ordez, arlo bakoitzeko irakasle bat izango dutelako. “Akademikoki zein beraien garapenean ezinegon handiak sortzen dira”, aipatu du Tolosak. Lan egiteko modua ere bestelakoa da, ziklo berrian ikasleek autonomia handiagoa lortu behar baitute. Gainera, bi ikastetxeetako ikasleak eskola bakarrean elkartzen direnez, gazteen nahasketa ere gertatzen da, beraz garrantzi handia du ikaskide berriak ezagutzeko momentuak.
Trantsizio plana martxan
Trantsizio horretan laguntzeko 3 ikastetxeek elkarlanean ekimen ugari planifikatu eta sistematizatu dituzte. Lehen egiten zen bezala, soilik ikasturte amaierari erreparatu ordez, aldaketan laguntzeko ekintzak ikasturte osoan zehar garatuko dira. Dagoeneko 1. hiruhilekoan lehen harremanak izan dituzte 6. mailako ikasleek DBHko ikasleekin. Ikasle helduagoek eskolan egindako proiektuak partekatu dituzte Lehen Hezkuntzako ikasleekin. Era berean, eskolaz aldatzerakoan beraien harrera eta esperientzia nolakoa izan zen azaldu diete.
“Akademikoki zein beraien garapenean ezinegon handiak sortzen dira”
Otsanda Tolosa, Toki Alai DBHko zuzendaria
Trantsizio planean ikasle helduagoen inplikazioa oso lagungarria da Otsanda Tolosak azaldu duenez, “beraiek ere gauza bera bizi izan dutelako aurretik”. Lehen elkartrukeak egin ostean, emaitzak nabaritzen hasi dira hiru zuzendariak. Sergio Gonzálezek aipatu duenez, “Ikasleen balorazioa oso positiboa izan da eta gogotsu daude berriro itzultzeko”. Pixkanaka hasierako beldurrak desagertzen hasi dira, pisua apurka-apurka arintzen baitoa eta maiatzeko azken prestaketak iristen direnean sentsazioak guztiz bestelakoak izatea espero dute.
Eta orain, zer?
2023-2024 ikasturteko 2. eta 3. hiruhilekoan ere trantsizio planarekin loturiko ekintzak egiten jarraituko da. Esaterako, bigarren hiruhilekoan Gazteluzarreko Ikaslab gela berrian robotikari buruzko tailerra egingo dute. Ikasturtearen amaieran ere ikastetxe berria ezagutzeko ohiko bisitei eutsiko zaie. Otsanda Tolosak azaldu duenez, horiek hautazko irakasgaiak eta tailerren eskaintza eta aukeraketa azaltzera bideratuak egongo dira. Era berean, ikasturte hasierarekin ikasle berriei ongietorria egiteko ekintza bereziak egingo dira, irteerak eta elkar ezagutzeko dinamikez gain. Ekintza horien bitartez Sergio Gonzálezek zera aipatu du, “hau da, ikasleak ziurtasun minimo batekin etortzea eta lehenbiziko egun horietan erosoago sentitzea lortuko dugu”.
Ikasleez gain, irakaslegoarentzat eta ikasleen gurasoentzat ere lagungarria da trantsizio plana. “Ikastetxe batean kuttun eta goxo egotetik, nora joango diren pentsatzeak egonezintasunak sortzen ditu”, azaldu du Otsanda Tolosak. Ikasleak lasaitzearekin batera, gurasoen beldurrak desagertzen dira. Gazteluzarreko zuzendariak azaldu duenez, ate irekiko jardunaldiak oso lagungarriak dira gurasoentzat. Era berean, irakasleak ere aldaketa prozesuan laguntzeko inplikatzen dira. Julen Urkiak adierazi duenez, “irakasleen artean sarea osatu behar dugu”. Horrela, ikasturte amaieran ikasleen inguruko informazioa partekatzeko eta bakoitzaren egoera aztertzeko bilerak egiten dituzte.
“Errealitateari uko egin gabe, aldaketa arindu eta haiek lasaitu nahi ditugu”
Julen Urkia, Dunboa HH-LHko zuzendaria
Behin trantsizio planak lehen urtea gaindituta, balorazioa egiteko unea izango da. Izan ere, asmoa da datorren ikasturte hasierarekin berriro plana martxan jartzea. Lehen edizioa amaitzerakoan, Sergio Gonzálezek aipatu duenez, “orduan proiektuan aldatu behar diren edo gehitu behar diren ekintzak aztertuko ditugu”. Gainera, beste ikastetxeentzat proiektu eredugarria izan daitekeela uste da. Julen Urkiak azaldu duenez, ikastetxe bakoitzak bere errealitatea eta bidea duen arren, elkarrengandik asko ikasten dute.
Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.