Liburuaren Nazioarteko Egunaren ospakizunak Irun osora hedatuko dira

Datorren apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, horren harira, Irungo Udaleko Kultura arloa asmo handiko programa bat ontzen ari da, hiri osoa «kulturaz blaitzeko». Programa horren zati nagusia Zabaltza plazan instalatuko den karpan izango da, bertan kokatuko baita Liburu Azoka.

Bertara gerturatu dira  Nuria Alzaga Kulturako ordezkaria, eta Miguel Ángel Páez, lehen alkate orde eta Hiri Bultzadako ordezkaria, Liburuaren Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduera-programaren berri emateko, eta kultura zein hiriarentzat giltzarri den egun horren garrantzia azpimarratzeko.

“Ospakizun honek aukera ederra eskaintzen digu irakurzaletasunak eta liburuek zein balio handia duten ikusarazteko, konpainia ona izateaz gain, etorkizuneko inbertsio ona ere baitira. Horregatik, irakurzaletasuna sustatzea Udalak etengabe jorratzen duen lan-ildoetako bat da, ekimen ugarirekin, hala nola kaleko liburutegiak martxan jartzea, CBA etengabe hobetzea edo Liburuaren Eguna ospatzea, urtez urte indartzen doan programa batekin, Udaleko arlo guztien parte-hartzearekin”, azaldu du Nuria Alzagak.

Miguel Ángel Páezek, bere aldetik, bat egin du prentsaurrekoarekin, Irungo merkataritzak egun honetan izango duen parte-hartzeari balioa emateko: “Kultura-jarduerak bultzatu egiten du jarduera ekonomikoa, elkar elikatzen diren esparruak baitira. Apirilaren 23an, tokiko merkataritzak kultura zabaltzen lagunduko du eta, aldi berean, erakusleihoak erakargarriagoak eta deigarriagoak egingo ditu. Hiriko bizitzan ikusgarriagoak egiteko eta protagonista izateko beste modu bat da “.

Liburu Azokak apirilaren 23an bertan irekiko ditu ateak, Zabaltza plazan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Karpan salmahai bana jarriko dute Tinta Cómics eta Elkar liburudendek, Oskarbi Kultura Elkartearekin batera, eta bestelako zenbait jarduera egingo dira, hala nola liburuak sinatzeko eta aurkezteko ekitaldiak, koadernaketa erakusketa bat eta ipuin-kontalari saio bat. Karparen sarreran, totem formatuko kartel batek eguneko programazio osoa jasoko du, xehe-xehe:

CBAko balio anitzeko aretoan, 10:30etan, Miriam Lukiren Argialdiak lanaren irakurraldi publikoa egingo da eta, 10:45etan, Miguel de Cervantesen Kixotearena.

Goizean, 10:00etatik 14:00etara, karpa barruan, koadernaketa artistikoaren erakusketa txiki bat ikusgai egongo da, Arteliburu21ek proposatuta. Liburuaren arteak eta ofizioak aztertu, ekoitzi, zabaldu eta sustatzen dituen erakunde artistiko eta kulturala da Arteliburu21, eta artista-liburuan eta koadernaketa artistikoan jartzen dute arreta, batik bat. Haien eskutik, ofizio tradizionala zein egungo teknika modernoak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek: koadernaketa klasiko kartoiztatuak, ageriko josturadun bradela edo material klasiko eta originalak, baita liburu konbentzionalaren mugak aise gainditzen dituzten artista-liburu garaikideak ere.

Lau urtetik gorako haurrentzat, emanaldia eskainiko du euskaraz Maite Franko ipuin-kontalariak, Filomena Musugorri Errege, eta beste ipuin batzuk izenburupean. 17:30etan da hitzordua, eta 50 minutu iraungo du, gutxi gorabehera.

18:30etatik 20:00ak arte, liburuak sinatzen egongo da Elkarren salmahaian Noelia Lorenzo Pino irundarra, berriki Purasangre liburua argitaratu duena.

19:00etan, literatur topaketa bat antolatu da Aitziber Alonso haur eta gazteentzako liburuen marrazkilariarekin. Bere lanen bidez, marrazkigintzaren alorreko prozesu artistikoa deskubritzeko aukera izango dute ikusleek.

Liburu Azoka hutsa baino gehiago

Liburuaren Eguna, baina, ez da Zabaltza plazara edo apirilaren 23ra mugatuko, beste espazio eta egun batzuetan ere izango baitira proposamenak. Horrela, Oiasso Museoan, apirilaren 25ean, ostegunarekin, Xabier Peñalver Iribarren arkeologo donostiarrak “Revolución, resistencia y memoria. Patrimonio de la Humanidad” liburua aurkeztuko du, arratsaldeko 19:00etan. Eta ostiralean, apirilak 26, topaketa bat egingo da Nerea Kortabitarterekin, Baloreak lanaren sorkuntza-prozesuaz hitz egiteko. Berarekin batera arituko dira Noelia Sierra (NoEz) Julia Lasa, Nerea Bermejo (Bermi) eta Patri Taberna ilustratzaileak.  Gainera, Patri Tabernak haurrentzako tailer bat eskainiko du, non, collage teknikaren bidez, parte hartzen duten haurrek “Baloreak” saioko irudiekin eta hitz gakoetako batzuekin jolastu ahal izango duten.

Gizarte Ongizateko arloak jakinarazi duenez, adinekoen espazioek ere bat egin dute Liburuaren Egunarekin, eta apirileko hilean zehar egingo diren zenbait jarduera antolatu dituzte.

Apirilaren 20an, 17:30etan, Anaka-Puianako adinekoen lokalean: kontakizun bat idatziko dute «hilotz paregabea» deritzan teknikarekin.

Apirilaren 23an, 17:00etan, Palmera-Monteroko adinekoen lokalean: Doako Liburuaren Azoka, ekarri jada nahi ez dituzun liburuak eta eraman etxera ez dauzkazun batzuk, doan!

Apirilaren 24an, 17:30etan, Belaskoeneko adinekoen lokalean: euskal mitologiari buruzko irakurketa-taldea. Mahai-inguru bat egingo da, eta parte-hartzaileek elkarrekin irakurriko dituzte euskal mitologiari buruzko kontakizun laburrak.

Gainera, «Poesia kalean» izeneko ekimenaren bidez, hirian zehar dauden merkataritzako 39 lokalek zenbait idazleren olerkien bertsoak erakutsiko dituzte beren erakusleihoetan aste betez jarrita izango diren biniloen bitartez. Ekimena hiriko planoa jasotzen duen triptiko batekin osatuko da, eta bertan,  parte hartzen duten saltoki guztien ibilbidea agertuko da.

Jarraian parte hartuko duten denden zerrenda: Peluquería Edertu, Pasitos Calzado Infantil, Droguería Manolo, Calzados Vaquero, Hobeto Bizi, L&S, Muebles Bidasoa,La Colchonería, Brikolaje Easo, Kolon menaje, Nekane Boutique, Disconsu, Papel y +, Picking Pack, Ortega y Olzazabal, Zebra, Farmacia Barrio Ormazabal, Peluquería Urudi, Atrezzo, Marrubi, Elkar Irun, Clínica Veterinaria Dumboa, Nia floral art, Diproca Berri, S.L.L, Chocolates Irun, Paperprint, Labore Txingudi, Singular Home, JR SAT, Hirubelar loradenda , Candy Cakes , El Chico de los Cartuchos, Mercería Txukun, Sannicola, Qñ, KS Pelu, Plan cuatro , Mercería Dori eta Calzados Duque.

Edizio honetako karteleko irudia Lorena Martínez Oronoz marrazkilari irundarrak egin du, eta banatuko diren orri-markatzaileetan ere agertzen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude