Abendu eta urtarrileko hilabetetan, unibertsitate zein institutuko azterketek bat egiten duten garaian, liburutegiko ikasketa gelak jendez betetzen dira. Azterketa finalak edo errekuperazio azterketak gainditzeko esfortzu guztiak labur gera daitezke liburu artean beharrezkoak diren orduak eman ezean. Hain zuzen ere, hauxe da hilabete hauetan zehar Irungo CBA Udal Liburutegiko ikasleen eguneroko ogia. Horregatik, ikasleen premiak erantzuteko, ikasketa-gelen ordutegia zabaldu ohi da egun berezi hauetan. Ikasleen ikasketa ohiturak hobeto ezagutzeko nahikoa da liburutegi atarira hurbiltzea.
Leire Garmendia eta Iñaki Aizpuru:
Matematika eta Ingeniaritza Elektronikoko ikasleak dira. Leirek Leioan ikasten duen arren, Irunen dagoenean egunero liburutegira etortzeko ohitura du. Iñakik Donostian ikasten du eta astean zenbaitetan etorri ohi da Irungo Udal Liburutegira. Ikasterako orduan liburutegira etortzea lagungarria zaien arren, instalakuntzen isolamendu akustikoa hobetzea eta, azterketa gaian batez ere, ikasleentzako espazio gehiago egokitzea proposatzen dute.
Iñigo Salmeron, Ainara Rivas, Mireia Aldaya eta Andoni Eizagirre:
Medikuntza, pedagogia, albaitaritza eta kimika graduetako ikasleak dira eta azterketa garaian Irungo Udal Liburutegiko zerbitzuen ohiko erabiltzaileak dira. Liburutegian ikasteko giro egokia dagoela uste dute, liburutegiko erabiltzaileen arteko errespetua funtsezkoa baita ikasketa giro aproposa sortzeko.
Hala ere, liburutegiko zerbitzua hobetzeko hainbat proposamen dauzkate. Zerbitzua hobetzearren, ikasleentzako espazioa berrantolatzea proposatzen dute, ikasleentzako leku nahikoa eskaini eta liburutegira sartzeko sortzen diren ilarak saihesteko. Hortaz gain, liburutegiko sarreran egin ohi diren kontzertuak ikasleei eragozpenak eragiten dizkietela salatu dute. Hortaz gain, liburutegiko ordutegia luzatzea eta jaiegunetan zabaltzea proposatzen dute zerbitzua osatzeko.
Ikasteko aholkuak
Liburutegian ordu asko sartzeaz gain, garrantzitsua da ikasterako orduan ohitura egokiak edukitzea. Hona hemen, Euskal Jakintzaren webgunean argitaratutako aholkuak:
1) Bizitza pertsonaleko arazoak alde batera uztea eta ikasketetan zentratzea, pesimista izan gabe.
2) Urduri zaudenean sudurretik arnasa sakon hartu, segundo batzuetan arnasari eutsi eta poliki-poliki ahotik botatzen baduzu urduritasuna lasaitzea lortuko duzu.
3) Ikasteko lekua egokitu: gela aireztatua, argi egokia eta arreta mantentzea galaraziko dizuten elementuak baztertu behar dira.
4) Erabateko isiltasuna lortzea ezinezkoa denez, musika instrumentala edo etengabe errepikatzen den soinua lagungarria izan daiteke. Izan ere, denbora tarte bat pasa ostean, soinura ohitu eta kontzentratzea lortu dugu.
5) Ez da gomendagarria ordu asko jarraian ikastea, horregatik, orduko 10 minutu deskantsatzea gomendatzen da.