Loidiren oroimena eta ondarea

Duela ehun urte jaio zen Irungo botikari polifazetikoa

1999ko uztailaren 9an hil zen Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, Irunen. Hutsunea utzi zuen hirian, eta ondare baliotsua bizitzan zehar landu zituen diziplina guztietan. Aurten, bere jaiotzaren mendeurrenaren urtean, Euskaltzaindia euskararen akademiak omenaldia eskaini dio, ekainaren 17an, Irungo Carlos Blanco Aguinaga kultur gunean. Ez da azkenekoa izango, Irungo Udalak ere mendeurrena ospatzeko ekimenak aurreikusi baititu. loidi

1916ko abuztuaren 22an jaio zen Jose Antonio Loidi Bizkarrondo, Errenterian. Farmazia, optika eta akustika ikasketak egin zituen, eta 1942an, farmaziako lizentzia lortu zuen, Santiagoko Unibertsitatean. Hurrengo urtean hasi zen botikari lanean, Irunen. Horregatik gogoratzen dute irundar askok. José Antonio Santano alkateak berak horrela ezagutu zuen: “Gizon solemnea zen, eta begirunea eta errespetua transmititzen zituen”. Serioa baitzen Loidi, pertsona isila, lotsati itxurakoa. Hala ere, momentu egokietan, “komunikatzaile bikaina” zela baieztatu du Iñaki Garrido historialari eta Luis de Uranzu Kultur Taldeko kideak: “Bere intereseko gaien inguruan luze eta zabal mintzatzea gustuko zuen”.

Bere intereseko gaien inguruan luze eta zabal mintzatzea gustuko zuen”
Iñaki Garrido, LUKTko kidea
Jakituria handi baten jabe zen, baina herriaren onerako erabili zuen”
Andres Urrutia, Euskaltzainburua

Irungo farmazia ikuskatzaile izan zen Loidi, hogeita bederatzi urtez. Baina botikatik kanpo, beste jakintza arlo askotan sakondu, ikertu eta idatzi zuen: osasun publikoa, hidrologia, botanika, historia, antropologia, toponimia, literatura eta linguistika, besteak beste. Ekarpen guzti horiek ere ezagutu zituen, gerora, Santanok. Loidik nortasun “errenazentista” zuela azpimarratu du: “Profesional petoa zen, jakintsua, bere ezagutza handitzeko eta gizartearen mesedean erabiltzeko helburua zuena”. Azken ideia horixe nabarmendu du, era berean, Andres Urrutia Euskaltzainburuak: “Jakituria handi baten jabe zen, baina herriaren onerako erabili nahi izan zuen”.

Euskararen eta euskal kulturaren alde aritu zen

Makina bat kolaborazio idatzi zuen José Antonio Loidik argitalpen ezberdinetan. Gertukoenak aipatzearren: Uranzu, El Bidasoa, Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, Oarso, Egan, Argia, Jakin. Literaturan sartu-irten bakarra egin zuen, baina ez edonolakoa. Hamabost egun Urgainen idatzi zuen 1955ean, euskarazko lehen polizia eleberria. 1957tik aurrera Euskaltzaindiko urgazle izan zen, eta 1998an, hil aurreko urtean, Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten. Euskaltzalea eta euskararen aldeko eragile sutsua izan zen Jose Antonio Loidi. Irungo ikastolaren sorreraren bultzatzaile izan zen, 1960ko hamarkadan. “Diktaduraren garaian euskarak biziraun zezan gogor lan egin zuen sare horretako partaide izan zen”, adierazi du Andres Urrutiak. 66an, Gerra Zibilaren ondorengo lehen Euskal Jaiak antolatu zituen Irunen.

1980an sortu zenean, Luis de Uranzu Kultur Taldeko lehen presidentea izan zen. Elkarteak 1984 urtean argitaratu zuen Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkariaren lehen alea. Liburu haren sarreran eman zuen Loidik elkartearen helburuaren berri: “Bidasoako kultur gaietan lanean ari diren ikerle eta ikastunak elkartzea, bata bestearen laguntzaz, errazago, hobeto, zehatzago eta sakonago lan egin dezaten”. Uranzu-Iranzu-Aranzu toponimiari buruzko ikerketa argitaratu zuen Loidik ale hartan. Gai horrekin lotuta, nabarmentzekoa da Irungo kale izendegia moldatzeko eta egokitzeko egin zuen lana, 1992an kaleen ortografia zuzentzeko eta izen berriak proposatzeko enkargua egin baitzion Irungo Udalak.

Gaur egun, Jose Antonio Loidi Bizkarrondo izena darama hiriko kale batek. CBA kultur guneko areto batek ere bai. Gainera, Loidik bere ibilbidean zehar landu zituen arloetan ikerketak egiteko beka eskaintzen du udalak. Jose Antonio Loidik hirian utzitako arrasto sakonaren inguruko zalantzarik ez dago, beraz. “Ez gaitezen iraganean geratu”, aldarrikatu du, hala ere, Andres Urrutia euskaltzainburuak: “Haren mezua eta eredua berriro ekarri behar ditugu, lehenengo Irunen, baina gero Euskal Herri osora proiektatzeko, gure kultura indartzeko helburuarekin”. Irungo testuinguruan, bederen, Loidiren gisako erreferenteen beharrean dabil euskal mundua.

Hamabost egun Urgainen, euskarazko lehen polizia eleberria

Jose Antonio Loidiren etxean euskaraz egiten zen. Gaztelania eskolan ikasi zuen. Hogeita hamar urte zituela, konturatu zen gaztelaniaz irakurtzen eta idazten zekiela, euskaraz ez, ordea. Euskarazko gramatikari buruzko liburuak biltzeari eta irakurtzeari ekin zion: Azkueren Morfología Vasca, Seber Altuberen Erderismos, Zabalaren Gramatika etab. Gehiago lantzeko, erdarazko liburuak euskara itzultzea bururatu zitzaion. Momentu horretan, Christieren, Conan Doyleren edo Simenonen polizia nobelek arrakasta handia zuten. Azkenaren, George Simenon belgikarraren lan bat itzultzeari ekin zion. Baina gehiegizko lana zen, hura, euskaraz modu autodidaktan trebatu zen botikariarentzat.

Simenon utzi, eta nobela bat idazteari ekin zion, bere kasa. Hamabost egun Urgainen amaitu, eta Euskaltzaindiak antolatutako literatur lehiaketa batetara aurkeztu zuen, 1954an. Lehen saria, Jon Etxaideren Joanak Joan nobela historikoak eskuratu zuen. Baina Loidik, epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen. Jose Angel Irigarai euskaltzainak idatzi zuen Hamabost egun Urgainen liburuaren lehen argitalpeneko hitzaurrea, eta azalpen argigarriak eman zituen. Alde batetik, polizia gaia euskal liburuetan sekula erabili gabea zela. Bestetik, euskara “arrunt” eta “herritar” batean idatzia zegoela: “Ez da hiztegirik behar nobela irakurtzeko, eta euskal liburu batez hori esatea ez da gauza ttipia”.

Ordura arte idatzitako euskarazko eleberri nagusiak zerrendatu zituen, ondoren, Irigaraik: Elizanbururen Piarres Adame, Agirreren Kresala eta Garoa eta Mogelen Peru Abarka, adibidez. Zerrenda horrekin lotuta, Loidiren liburuaren bigarren argitalpeneko hitzaurrean, Emilio Mas-ek ondorengoa adierazi zuen, gaztelaniaz: “Antzinako hizkuntza hori egokia iruditzen zitzaigun arrantzaleen eta nekazarien bizimodu arrunta deskribatzeko, edo erlijio irakaspenetarako”. Ideia hori apurtu zuen, beraz, Jose Antonio Loidik. Bide erakusle izan zen Hamabost egun Urgainen, eta arrakasta izan zuen, gainera. Zazpi aldiz argitaratu zuten 1991ra arte, eta bi urtean behin, hurrengo hamarkadan zehar. Loidiren jaiotzaren mendeurrenean, haren liburua irakurtzea izan daiteke omenaldirik onena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude