Lorena Pidal Itxaropen Telefonoaren zuzendaria: “Gizartearen termometroa gara”

3.300 dei inguru jasotzen dituzte urtean Gipuzkoako Itxaropen Telefonoan (900 840 845). Hamar-hamabost, egunean. Kezkak askatzeko aukera ematen dio telefonoaren beste aldekoari. Eguneroko lan horrek aitortza jaso du azken urteotan. Onura Publikoko Elkarte izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak 2007an, Gipuzkoako Boluntariotza Saria jaso zuen 2011n, eta Donostiako Hiritar Merezimenduaren Domina, 2014an. Irundar bat ari da zuzendari lanean: Lorena Pidal psikologoa.

SONY DSC

– Zein elkarte edo erakunde dago eskaintzen duen zerbitzuaren atzean?
Gipuzkoako Itxaropen Telefonoa irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, 1987an sortua. Estatuan, lehen Itxaropen Telefonoa Madrilen sortu zen, 1971n. Gipuzkoakoa ekimen pribatua izan zen. Gaur egun, Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta hainbat Udalen diru-laguntzak jasotzen ditu Gipuzkoako Itxaropen Telefonoak. Doako zerbitzua eskain-tzen duen bakarra da, estatu osoan.
– Boluntarioen ekarpenari esker egiten duzue lan?
Bai. Berrogei pertsona inguruko taldea dugu. Koordinatzailea eta zuzendaria gara soldata jasotzen dugun bakarrak, eguneroko kudeaketa lana egin behar dugulako. Gainerakoak boluntarioak dira, baita zuzendaritza batzordekoak ere.
– Nola banatzen duzue lana?
Hiru entzute txanda egiten ditugu egunean. Boluntario bakoitzak txanda bakarra egiten du astean. Horrela, entzutearen kalitatea maximoa dela bermatzen dugu. Minduta edo hunkituta irteten den boluntarioak aste osoa izango du atseden hartzeko. Soldatapekoek zerbitzua zuzentzen dugu, formazioa eskaintzen dugu eta jarraibideak zehazten ditugu, besteak beste.
– Baldintzarik bete behar al du boluntarioak?
Printzipioz, ez. Talde aberatsa dugu, lanbide eta eremu profesional ezberdinetako jendea dugulako. Hori bai, prozesu oso bat gainditu behar izaten dute. Hautatze elkarrizketak egiten ditugu lehenengo. Gero, formazio ikastaroa egiten dute boluntarioek, ezinbestekoa den prestakuntza jasotzeko. Hiru hilabeteko formazioa izaten da.
– Zer lantzen duzue formazioan?
Arlo teorikoa eta praktikoa izaten dira. Teorikoan, entzute aktiboari buruzko kontzeptuak eta telefono bidezko komunikaziorako teknikak lantzen ditugu. Itxaropen telefonoaren balioak oso argi uzten ditugu: kofidentzialtasuna eta anonimotasuna. Entzuleek ez dute inoiz beren burua identifikatzen, eta deitzen duenari ez diote inolako daturik eskatzen. Arlo praktikoan, simulakro ariketak egiten ditugu. Nabarmendu nahi nuke hilero eskaintzen ditugula boluntarioei zuzendutako formazio saioak.
– Entzuterakoan ez duzue inolako iritzirik edo aholkurik ematen?
Inoiz ez. Gu ez gara inor horretarako. Hogei eta berrogei minutu arteko elkarrizketak izaten dira. Denbora horretan, ez duzu per-tsonaren ikuspegi zabalik. Kontatu dizun egoeraren zirriborroa besterik ez duzu. Aholku errazak kalean barra-barra erabiltzen dira. Guk ez dugu hori egiten. Galderen eta bestelako tekniken bidez, deitzen duenak konponbideak bere baitan bila ditzan saiatzen gara.
– Zein dira aurkitzen dituzuen egoera edo arazo ohikoenak?
Ordenean aipatuta, lehenengoa, bakardadea. Bakardade mingarria. Izan daiteke adineko per-tsona bat, egoitza batean dagoena, edo etxean bakarrik dagoena. Edo izan daiteke gazte bat, familia, lana eta lagun taldea dituena; baina bakarrik sentitzen dena, inguruak bizkarra eman diolako. Gero gatazka sentimentalak daude, oso ohikoak. Bikotekideen artean, edo guraso eta seme-alaben artean. Antsietateak eta depresioak ere detekta-tzen ditugu. Gizartearen termometroa garela esan daiteke.
– Zein izaten da deitzen duten pertsonen ohiko profila?
%70 emakumezkoak izaten dira, gutxi gora behera. Hala ere, gizonezkoak gero eta gehiago dira, duela hamar urte baino askoz gehiago. Adinari dagokionez, behera egin du bataz bestekoak. Gaur egun, 45-55 adin tartea oso presente dago.
– Itxaropen Telefonoaren berri emateko egin duzuen lana al dago aldaketa horren atzean?
Hein handi batean, bai. Gaur egun lehen mailako arreta zerbi-tzuek, gizarte laguntzaileek edo emakumeen elkarteek badute I-txaropen Telefonoaren berri. Interneten eta sare sozialetan dugun presentzia ere azpimarratzekoa da. Bestalde, hitzaldi zikloa antolatzen dugu urtero, eta hizlari ezagunak gonbidatzen ditugu. Azken urteotan egin dugun lan handiaren ondorioak antzematen ari gara orain.
– Telefonoaz gain, aurrez aurreko atentzioa ere eskaintzen duzue egoitzan. Zein kasutan?
Ikusten dugunean deitzen duen pertsonak laguntza psikologikoa behar duela.
Zerbitzu profesionalena da, psikologoek bakarrik parte hartzen dutelako. Diagnosirik eta tratamendurik ez dugu egiten, eta sei saio egiten ditugu gehienez ere. Behar izanez gero, beste profesional batzuengana bideratzen ditugu ondoren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude