Lorez apaindutako konfinamendua

Endanea Garden, duela 40 urte baino gehiago, haztegi gisa jaio zen lorezaintza zentroa da. Inguruko negozio guztien antzera, azken hilabeteetan zehar Covid-19ak eragindako osasun krisialdiaren ondorioak pairatu ditu. Hala ere, Endaneako langileek udaberria lorez betetzeko buru-belarri lanean jarraitu dute.

Martxoaren 15an alarma-egoera ezar- tzearekin batera itxi zen Endanea Gardenek Hondarribiko Jaizubia auzoan duen denda. Mari Carmen Gonzalez Endaneako jabekideak adierazi duenez, “Hasieran denda itxi genuenean ez genuen hurrengo asteetan biziko genuen egoera larria imajinatzen ”. Mari Carmen Gonzalezek azaldu duenez, udaberriaren hasiera lan handiko garai izan ohi da Endanea Garden zentroan, bai landare berriak landatu zein landareen salmentari dagokionez.

Denda itxi eta lehen astea egoera ulertu nahian igaro arren, lorezaintza zentroko zereginekin aurrera jarraitzea ezinbestekoa izan zen, animaliek zein loreek ez baitute etenaldirik onartzen. Erosleek dendara zuzenean joateko aukerarik izan ez arren, denboraldiko loreak landatzen jarraitu zuten Endaneako langileek. Negozioa aurrera ateratzeko lan ezinbestekoa egiteaz gainera, sare sozialen munduan murgildu eta konfinamenduan zehar jarraitzaileei landareen modu egokian zaindu edo lorezaintzako trikimailuak erakusteko edukiak ere sortu zituzten.

Mari Carmen Gonzalezek onartzen zuenez, konfinamenduan zehar telefonoz deituz zein Endaneako webgunearen bitartez egindako eskari asko jaso zituzten. “Telefono zein webgunearen bitartez jasotako eskariek denboraldiko loreak saltzen jarraitzeko aukera eman digute”, azaldu du Endaneako jabekideak. Webgunearen kasuan, “bezeroen erosketak laguntzeko garraio-kostuak murriztu genituen”. Hortaz gain, gehiegizko produkzioa zutela ikusita, eskaintza bereziak egiteko erabakia hartu zuten Endanean, horretarako, deskontuak iragarri eta landareen prezioa jaitsiz. Konfinamenduko eskaerei dagokienez, eskaera gehienak hirietako herritarrek eginak izan direla nabaritu zuten.

Zentzu horretan, Mari Carmen Gozalezek adierazi duenez, alarma-egoeran zehar bezero berri askoren eskariak jaso zituzten. “Orain arte lorezaintzarako denborarik ez zuen jendeak denbora librea aprobetxatu eta lorategi, balkoi zein leihoak txukuntzeko tartea atera du”, gaineratu du Maria Carmen Gonzalezek. Ohiko bezeroek orokorrean denda fisikoaren irekierara arte itxaron dute, aurreko denboraldietan dendan erositako materialak eskura zituztenez, ez zuten gauza berriak erosteko hainbesteko beharrik.

Irundarrek egindako eskarien banaketa egin zituztenean, hiriko zonalde askotan giro auzotar atsegina antzeman zuten enpresako banatzaileek. Izan ere, Endanea Gardeneko furgonetan banaketa bat egitera joan eta beste hainbat eskari berriekin itzultzen zen dendara. Gainera, auzotarrek inguruko bizilagunekin Endanea Gardenek etxerako banaketa zerbitzua martxan zuelaren albistea ahoz-aho partekatzen zutela ikusi zuten bana- tzaileek.

Osasun krisialdiak eragindako egoeraren ondorioz sanmartzialetako ekitaldi gehienak bertan behera gelditu direla iragarri arren, jendea dendara kolore zuri-gorriko landareak erostera hurbildu dela azaldu du Mari Carmen Gonzalezek. Horrela, geranio, sesamo edo bestelako loreak erosten ari dira leiho zein balkoiak apaindu eta urte ezohiko honetan jai giroa falta ez dadin.

Solidaritaterako tartea
Mari Carmen Gonzalezek azaldu duenez Endanean produkzioa era mailakatuan egiten da, hau da, landareak 15 egunean behin landatzen dira, bi astero landare berri eta freskoak eskaini ahalko dituztela ziurtatzeko. Krisialdi egoeran landare guztiak saltzea ezinezkoa zela ikusita, loreak ondatu eta soberakinak sortu aurretik, inguruko lore-ekoizleen ekimena jarraitu eta loreak oparitzeko ideiarekin bat egitea aproposa iruditu zitzaien. “Bidasoako Ospitalearekin kontaktuan jarri ginen langileei loreak oparitzeko egitasmoa proposatzeko eta segituan baietz esan ziguten”. Ospitalean egitasmoak izandako arrera ona ikusi ostean, Hondarribiko hiritarrekin antzeko zerbait antolatu nahi izan genuen, baina, azken momentuko segurtasun arazoen ondorioz ezinezkoan izan zen egitasmoa aurrera ateratzea.

“Bidasoako Ospitalearekin kontaktuan jarri ginen langileei loreak oparitzeko egitasmoa proposatzeko eta segituan baietz esan ziguten”

Mari Carmen Gonzalez, Endanea Gardeneko jabekidea

Hasiera berria
Konfinamenduan zehar, zereginak gutxitu ostean, langile kopurua murriztea beharrezkoa izan da. Osasun krisialdiaren hasieran gutxienez langileen %30a aritu zen lanean ondoren, egoera egonkortu ahala langileen %50a lanean hasi arte. Ia bi hilabeteren ostean, maiatzaren 11ean Endanea Gardenek denda fisikoa irekitzeko aukera topatu zuen berriro Gobernuak ezarritako arau eta gomendio guztiak errespetatuz. Pixkanaka normaltasuna Endanea Gardenera itzultzen den bitartean, langileen %15a falta da soilik pertsonal guztia berriro lanean izateko.

Endaneak astelehenetik larunbatera goizeko 10:00etatik 14:00etara telefonoz aurretiazko hitzordua hartzeko aukera eskaintzen die bezeroei. Hala ere, erosketako-orgak erabiltzen dituzten dendan sartu daitekeen jende kopurua neurtzeko eta bezero bakoitzak erabili ostean, orgak desinfektatzen dituzte, bestelako segurtasun neurrien artean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude