Luccio Saggiorok ia 9 urte eman ditu Guadalupeko santutegiko kapilau eta errektore bezala. 2013ako abuztuan iritsi zen eta Hondarribiko jaiak ospatzeko bederatziurrenak eginez segituan irabazi zuen eskualdeko eliztarren miresmena. Guadalupeko kapilauak azaldu du kargua uzteko behartuta ikusi dela Italian bere ama zaindu ahal izateko. Luccio Saggiorok denbora honetan guztian Guadalupen ikasitakoa errepasatu du.
Nola iritsi zinen Guadalupeko kapilaua izatera?
Duela ia 9 urte iritsi nintzen, 2013ko abuztuan. Aurretik, urtebeteko esperientziak izan nituen Errenterian eta Katalunian. Hona iritsi nintzen monje gisa bizi ahal izateko leku bat eskatu ostean, kontenplaziozko bizitza izan nahi nuelako. Iritsi nintzenean Hondarribiko jaiak prestatzen ari zirela ikusi nuen eta nik aurretik banuen esperientzia bederatziurrenak prestatzen. Egin nuen lehen bederatziurrenean asko harritu ninduen goizero 6:00etan etortzen den jende andanak. Uste dut lehen bederatziurren horrek asko lagundu zidala herrian integratu ahal izateko, izan ere, nire ile luzea eta tatuajeak ez datoz bat apaizek izan ohi duten itxurarekin. Hasiera ez zen erraza izan, batez ere, lekuak konponketa lan asko behar zituelako, baina jendeak oso harrera ona egin zidan eta horri esker Guadalupe nire etxe propio bezala sentitu dut, ez lantoki bat bezala. 2015ean nire gurasoak gaixotzen hasi ziren eta Italiara bidaia asko egin ostean nire gurasoen zainketan zentratzeko unea iritsi da.
Bederatziurrenek duten arrakastak harritu zituen beraz?
Guadalupen bederatziurren batean egon ez denak ezin du ulertu han gertatzen dena, oso bereziak baitira. Goizeko 6:00etan eta 8:00etan egiten dira eta hemen jendeak ez du hain goiz esnatzeko ohiturarik, merezi duen zerbait egiteko ez bada. Urtero bederatziurrenetara guztira 12.000 pertsona inguru etortzen dira, egunero ia 1.000 pertsona. Horrela, haiek ahalegintzen diren heinean, nik ere horretarako ahalegin berezia egin behar nuela ulertu nuen eta maiatzean edo ekainean hasten nintzen homiliak pentsatzen. Lehen bi urteen ostean eliztarrekin lotura berezi bat sortu zen. Sermoietan bizitzaren zentzuaz, esperantzaz, bakeaz eta dolua kudeatzeko bideez hitz egin izan dugu, hau da, gizakiei zalantza asko eragiten dizkiguten gaien inguruan. Beraz, Bederatziurrenetara etortzea hazkunde pertsonaleko unea dela uste dut.
Euskara ikasteko ahalegin berezia egin duzu?
Bai, euskaraz hitz egiteko gai naiz. Nire euskera ez da Hondarribiko euskara, bertakoa ezberdina baita. Euskara ikastea erabaki nuen Hondarribira iritsi aurretik misiolari ibiltari bezala bizi izan nintzelako ia 20 urtez eta horrek erakutsi zidan hizkuntza herri oso baten izaera dela. Interesgarria iruditu zitzaidan bertan erabiltzen zen hizkuntza berezia ikastea, oso hizkuntza zaharra baita eta ikuspuntu antropologikotik oso interesgarria iruditzen zait. Nik ez dut bikaintasunez hitz egiten, baina ulertzearekin nahikoa zait. Azkar konturatu nintzen euskaraz elkarrizketa bat mantendu ahal izateko “gutxi gorabehera” eta “beti bezala” esatearekin nahikoa dela. Bizi izan naizen leku guztietan haur eta gazteek hizkuntza ikasteko garaian asko lagundu didate, hanka sartzen duzunean barrez erantzuten dutelako.
Nola laburbilduko zenituzke Guadalupeko santutegian emandako azken hilabeteak?
Duela asko gutun bat idatzi nuen nire egoera zein zen azaltzeko. Niretzako azken urte hauek oso gogorrak zian dira, nahiz eta horrekin ez dudan esan nahi munduan gehien sufritzen duen pertsona ni naizenik. Uste dut bizitzan egin nahi duzun guztira iristen ez zarenean aukeraketa bat egin behar duzula. Horregatik, nire nagusiei laguntza eskatu nien eta ondorioz, Guadalupeko santutegia utzi behar dut. Uste dut orain amari laguntzeko unea dela baina, era berean, santutegia uzteak sufriarazi egiten nau. Guadalupe niretzako ez da lantokia bakarrik, nire etxe propioa bezala sentitzen dut. Italiara noa baina han ez naiz etxean sentitzen, hemen bai. Jende askok ez du ulertzen niretzako Guadalupe leku soil bat baino gehiago izan dela. Kapilau arraroa naizela badakit, baina hemengo eliztarrak nire familia bezala sentitzen ditut eta faltan botako ditut bertan ezagututako pertsonak. Baina agur bat izan ordez, etenaldi bat eta laster arte bat direla pentsatu nahi dut. Hala ere, laguntza eskatu behar izan dudanean ohartu naiz nire gainetik dauden nagusiei hutsik geratzen zen lekua bakarrik axola izan zaiela eta beti gertatzen den bezala egiturak pertsonen behar edo sentimenduen aurretik jartzen direla.
Eliztarrek agur berezirik egin dizute?
Santutegira hurbildu den jendearekin oso harreman ona izan dut orain arte. Izan ere, herrira jaisten nintzenean kaletik jendeak gelditu egiten ninduen. Hau gertatzen zaidan lehen aldia izan da, orain arte leku berean gehienez 5 urte bizi izan naizelako eta normalean urte bateko egonaldiak egiten nituen. Hemen bederatzi urte eman ditut. Beti esan ohi dut esperientzia bat bihotzeraino iristen zaizunean bertan betirako gelditzen dela. Italian egonda ere nire bihotza Guadalupen egongo da eta gauzak sinatzerakoan “Luccio Guadalupeko apaiza” hitzak erabiltzen jarraituko dut, fisikoki bertan egon ezin banaiteke ere. Ez dakit nola eskertu azken egun hauetan jaso dudan maitasuna.
Zer mezu bidaliko zenieke eskualdeko biztanleei?
Egun hauetan pentsatu dut hemendik gutxira nire azken meza eman beharko dudala, baina jendeak uste dezakeenaren kontra ez dut ezer berezirik esateko. Guadalupe oso ederra bada ere, urte hauetan pertsonen begiei eta bihotzei erreparatzea nahiago izan dut, horiek baitira santutegi bat osatzen dutenak. Bertan egon diren pertsonek bakarrik dakite santutegian bizi izan duguna eta kanpotik ikusten dena baino askoz gehiago da. Han bizita ulertu dut zergatik den Guadalupe hain leku berezia. Beraz, jendeari bidali nahiko niokeen azken mezua da bizitzak egin diezazukeen oparirik handiena begiak irekitzea dela eta errealitatea den bezala ikusi ahal izatea. Bizirik egon zaitezke, baina elkarrizketa hau irakurriz jendeak begiak irekitzeko aukera izatea espero dut.