Urriaren 20an Espainiako Itzuliaren abiapuntu izango da Irun. Hiria txirrindularitzaren munduarekin lotutako ekitaldi garrantzitsuenetako baten lekuko izango zela ezagutu bezain laster Irungo txirrindulari kluba hainbat ekitaldi antolatzeko lanean hasi zen. Pandemiaren ondorioz ekitaldi gehienak bertan behera gelditu diren arren, Luis Antonio Sánchez Irungo Txirrindulari elkarteko presidentea klubeko “normaltasun berriaz” mintzatu da.
Hiriko txirrindulari elkartearentzat pozgarria da Irun Itzuliaren abiapuntu izatea?
Bai, noski, Irun Espainiako Itzuliaren abiapuntu izango zela ezagutu genuenean asko poztu ginen. Maiatzeko hilabetearen inguruan hirian egingo ziren ekitaldiak antolatzen hasi ginen, baina, tamalez, osasun krisialdiaren ondorioz Itzuliaren inguruan antolatu nahi ziren ekitaldi osagarriak bertan behera gelditu dira. Hiriko biztanleak kirol ekitaldi garrantzitsu honen partaide egitea bilatzen zen, baina, tamalez, ezingo da hala izan.
Zein motatako ekitaldiak antolatzea aurreikusten zen?
Hiri osoaren inplikazioa bilatzen zen, hau da, etxeko txikientzako tailer eta familientzako ekintzak. Bestetik, kirol jarduerei dagokionez, Itzulia abiatu aurreko egunetan proba zikloturista bat antolatzeko asmoa genuen Irungo Txirrindulari elkartean.
Ekitaldiak bertan behera gelditu aurretik, Itzuliaren hasiera antolatzeko lantaldearekin biltzeko aukera izan zenuten?
Bai, alkatearen gonbidapena jaso genuen hasierako antolakuntza bileretan parte hartzeko. Egoeraren bilakaera ikusita, antolakuntza lan horiek eten eta ekitaldi gehienak bertan behera uztea erabaki zen, azken momentura arte Itzuliaren irteera bera zalantzan egon dela ikusita.
Itzuliaren irteeraren murriztapenak ikusita, nolako giroa dago klubeko kideen artean?
Jendeak ilusio handiz espero zuen data zen eta, nahiz eta nahi genuen guztia antolatzeko aukerarik ez izan, klubeko bazkideak Itzuliaren irteera antolatzen lagun- tzeko haien burua eskaintzen ari dira. Badira oraindik beste ekitaldirik antolatzea lortu ote den galdezka dabiltzanak, baina, klubetik probaren antolakuntzatik zabaldutako neurri eta murriztapen guztiak betetzeko mezua zabaltzeko ahalegina egiten ari gara.
Goi-mailako kirolariak Irungo erdiguneko kaleetan ikustea berezia izango da?
Bai, izan ere, probaren irteera eta iritsiera antolatzen duten hiriek, hirian barrena egingo den ibilbidea diseinatzeko pribilegioa dute. Bestela, ezinezkoa litzateke pelotoia Irun erdiguneko kale guzti horietan barrena ikustea. Adibidez, txirrindulariak kale nagusian gora ikustea berezia izango dela uste dut.
Itzulia hiritik abiatzea Irunen txirrindularitzarekiko zaletasun berpiztea eragingo du?
Pandemiaren ostean, batez ere hiriko gazteak, garraio publikoaren erabilera saihestuz, udaran zehar hondartzara joateko edo hiritik mugitzeko bizikleta asko erabiltzen hasi direla ikusi dugu. Hortaz, txirrindularitzarekiko zaletasuna sustatu eta jendea gure klubera erakartzeko une aproposa dela uste dugu. Udazkenean bizikletaren munduarekiko interesa duten horiek klubera hurbildu daitezen hainbat ekintza antolatzea pentsatu dugu.
Klubean pandemia iritsi aurreko lan-erritmoa berreskuratu duzue?
Denboraldia oso arraroa izaten ari da. Txapelketa guztiak pandemiaren une latzenetan bertan behera gelditu ziren eta udazkenera atzeratu ziren. Hortaz, aurreko denboraldia amaitu gabe dugu denboraldi berria prestatzen ari beharko ginatekeen bitartean. Denboraldien egutegiak elkarren segidan doazenez, txirrindulariek ia ez dute atseden hartzeko astirik izango. Adibidez, kadete junior eta sub-23 kategoriako kirolariek urriaren amaierara arte txapelketen jarraituko dute. Normalean, urriaren amaiera hurrengo urteko aurre-denboraldiarekin hasi ohi gara. Dena den, kimu eta haurren taldeak osatu ditugu, jende berria sartu da eta urriaren 22an entrenamendu ofizialak hasiko ditugu.
Momentuko egoera dela eta, kirola bakarka praktikatzeko aukera emateagatik txirrindularitza kirolarien zaletasuna irabazten ari da?
Bai, hori egia da. Horregatik, klubetik “challenge” moduko bat antolatzeko asmoa dugu, jendea bere kontu bizikletaz ibiltzera atera dadila animatzeko. Jolas antzeko zerbait izango litzateke eta parte-hartzaileak bi maila ezberdinetan bereiziko lirateke egindako kilometroen arabera. Aplikazioak bizikletarekin egindako irtenaldi bakoitzeko puntuak gehitzen joango da eta urtearen amaieran lortutako puntuek irtenaldi gehien egin dituzten kirolariak zeintzuk izan diren erakutsiko lukete. Oso ekimen interesgarri eta erakargarria izan daitekeela uste dugu.
Kirolariez gainera, klubeko zuzendaritzarentzat denboraldi konplikatua izaten ari da?
Bai, izan ere, egun batetik bestera gauzak aldatu daitezkeela kontutan izan behar dugu, beraz, edozein albiste edo aldaketa egokitzeko gaitasuna eduki behar dugu. Esaterako, klubean Juanma Garate martxa zikloturista ohi bezala ekainean antolatzeko asmoa genuen eta probaren data udazkenera atzeratu ostean, azkenean ezinezkoa izango zaigu aurtengo edizioa burutzea.
Irunen bizikletaren erabilera sustatzeko pausuak ematen ari direla uste duzu?
Bai, gehigarri bat izan daiteke. Bizikleta, garraiobide mota bat izateaz gainera, zaletasunean bihurtu daiteke eta horretarako lan egin behar dugu. Gazteen heziketan zein helduen aisialdian bizikleta era aproposean eta horretarako egokitutako espazioetan erabiltzea sustatu behar dugu. Klubetik zaletasuna indartzeko ekintzak eta jarduerak antolatzea ezinbestekoa da, gaurko ekintzak etorkizunean irudikatuko baitira.