Luis Sagües Errandoneak Dunboa eskolan eta Pio Baroja Institutuan ikasi zuen. Gero Euskal Herriko Unibertsitatera joan zen Zuzenbidea ikasteko, eta orain abokatua da, baina ez da horretaz bizi. Hoteletan harreragile gisa lan egiten du. Lanbide horrek bizitza nomada samarra ahalbidetu dio, abokatuaren bizitza sedentarioagoa dela uste du. “Olvidos del recuerdo” liburua idazteko bere lan jardunaldia murriztu du. “Nire fakturak ordaintzeko behar dudana irabazten dut, eta horrela, denboraz aberatsagoa naiz”. Orain Zurichen bizi da, Irun eta bere jendea faltan botatzen ditu, eta Luisen ustez, “Olvidos del Recuerdo” pixka bat terapeutikoa izan da.
Lehenik eta behin, zorionak liburua idazteagatik. Zertan datza?
Mila esker. 18 istorio labur dira. Haien guztien lotura Iñigo Arregi narratzailea da. Bere arbasoei entzundako istorioak kontatzen ditu, batzuk Orkolagako gezur-etxapean kontatuak, Irungo Kale Nagusian kokatzen dudan taberna klandestino moduko batean, ostatu bateko sotoan. Internet edo telebistarik gabeko garaiak ziren, eta han biltzen ziren pertsonaia xelebreak, sutondoan istorioak kontatu eta entzutera. Horietako bat attona Mashimino zen, Iñigoren arbaso zaharra… Beste pertsonaiak ere badaude: Intxaurra harroa, Zatorra sorgina, Tontobobo azkarra, Arroka garaiezina, Madame Luti misteriotsua…
Eta zergatik “Olvidos del Recuerdo”?
Tituluak, inor gutxik oroitzen dituen istorioak islatu nahi ditu. Orainaldiko iturrietatik sortu, baina iraganean itsasoratzen diren istorioak, eta etorkizun batean edango zitezkeela kontutan hartu gabe kontatu izan ditugunak.
Kontatzailea Iñigo Arregi da, errealitatean existitzen da?
Ez, fikziozko pertsonaia da. Baina leku zehatz bateko sustrai sakonak dituen pertsona irudikatzen du. Kasu honetan, leku hori Bidasoaren lurraldea da (El país del Bidasoa), eleberrian batzuetan erabiltzen dudan Barojaren esamoldea. Pertsona hauek istorio zahar asko dakizkite, baina ez dira jakitun altxor bat daukatenik, ahozko istorioa galtzen delako.
18 kontakizun horietan istorio eta bizipen pertsonalak daude?
Beno, istorio horiek mende ezberdinetan gertatu izan dira. Badago Oiassoko baskoi bat Erromako legiotik desertatu duena, Frantzia naziko kolaboratzaileen aurkako hendaiar bat , Hondarribiko kortsario damutu bat, Ondarraitzeko lehen surfista, edo “Bidasoaren lurraldeko” lehen futbol selekzioa… Bizitza horiek bizi ahal izatea gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ezinezkoa izan da, edo behintzat ez dut gogoratzen…(Barre egiten du).
Zure bigarren liburua da, kostatu zaizu idaztea?
Bai, nire bigarren liburua da. Oso esperientzia baikorra izan da. Istorio guztiek “Bidasoaren lurraldea”rekin zerikusia dute, eta idazten ari nintzela, nolabait lurraldearekin lotuta sentitzen nintzen. Oker historikoak ez egiteko, Bidasoko herriei buruz pixka bat ikasi nuen. Suitzan nengoen, baina nire pentsamenduak Bidasoan zeuden.
Nola ikusten duzu literaturaren panorama gaur egun?
Oso ondo. 2014ean Irundik joan nintzenean, lau idazle berri elkartu ginen: “Bidasoko belaunaldia” deitu genion. Orain, hamar baino gehiago gara. Ikuspuntu ekonomikoaren aldetik, literaturak oso gutxi ematen du, dirua irabaztea talentu asko duen jendeak bakarrik lortzen du, Belén Estebanek adibidez….(barre egiten du) Baina horrek bere ikuspuntu baikorra ere badauka, dirua sartzen denean, normalean dena usteltzen delako.
Non lortu daiteke zure liburua?
Oskarbin, Irunen hainbeste laguntza eman duen liburu dendan. Euskal Herrian hain zabaldua dagoen Elkarren ere bai, eta Amazoni esker, mundu osoko edonork eskura dezake. Informazio gehiago, Facebook-en jaso daiteke. Bertan, laguntza emateko, “Atsegin dut” sakatzea eskertuko nuke.