Lur-Alai kluba squasha ezagutarazteko bidean

Lur-Alai Squash kluba Hondarribian kirol hau praktikatzeko asmoarekin elkartzen zen lagun baten ekimenetik sortu zen. 2013 urtean Gorka Arretxe, taldekideen babesarekin lagunduta, kirol kluba eratzeko abenturan murgiltzea erabaki zuen. Squasha ezagutarazteko helburuarekin, beste jarduera batzuen artean, haur eta gazteei zuzendutako ikastarakoak antolatzen dituzte Irungo Udalak koordinatutako Uda programaren barnean.

Zer nolako ikastaroak eskaintzen dituzue Uda programaren barnean?
Oraindik ez gara ikastaroak ematen hasi, izan ere, prozesuaren lehen fasean aurkitzen gara, squasha eta gure klubaren jarduera ezagutzera emateko lanetan. Gure eskaintza oso zabala da, ekaina eta irala artean ikastaroak eskaintzen ditugu, goiz edo arratsaldetan. Ahal den heinean, interesdunen eskakizunak kontutan hartzen saiatzen gara, ahalik eta jende gehien erakartzeko helburuarekin. Hala ere, zailtasunak izaten dira jendea elkartu eta talde bat osatzeko.

Zenbat pertsona beharko zenituzkete talde bat osatzeko?
Ez gara ezertara mugatu nahi. Klase indibidualak egiteko aukera dugu, bikoteka edo hirukoteka, baina, pista bakoitzeko 3 ikasle jasotzea izango litzateke onena. Beraz, 4 pista dauzkagunez, 12 pertsonez osaturik egongo litzateke talderik handiena.

Zein adin tartera zabaldu nahiko zenuteke eskaintza?
Udako ikastaroetan 16 urte arterako gazteak jasotzeko asmoa dugu. Adin minimoa, ordea, ez dakigu non jarri, izan ere, bakoitzaren trebeziaren kontua da. Eskola Kirolak esaten duenaren arabera, egokiena 8 urtetik gorako haurrak hartzea da, baina, txikiagoak diren haurrek ere trebezia handia daukatela ikusi izan dugu, beraz, agian 6 urtetik gorakoak hartzeko prest egongo ginateke.

Inguruko eskola edo elkarteekin harremanik duzue?
Printzipioz Irungo Eskola Kirola programaren barruan dauden ikastetxe guztiekin lan egiten dugu. Lehengo urtean, berriz, eskolekin harreman zuzena izaten hasi ginen ikastetxeetara gure kirola aurkezteko. Joan den urtean Toki Alaia eta Elatzetako gorputz hezkuntzako klasetan izan ginen. Datorren urtean ekintza hori errepikatzeko asmoa dugu, Irun eta Hondarribiko beste ikastetxeetara heltzeko asmoarekin.

Nolakoa izan da eskoletan jasotako harrera?
Oso ona. Esperientzia oso aberasgarria izan da, haurrentzako oso kirol entretenigarria baita squasha, frontoi eta pilotaren inguruko kirolak bezala. Pareta edo frontoia eta pilota dira jolasteko behar diren material bakarrak eta guk jartzen dugu material guztia erraztasunak eman eta jendea animatzeko.

“Squashera neskak erakarri nahiko genituzke,

gainontzko kiroletan bezala, bazkideen arteko genero desoreka ezabatzeko”

Gorka Arretxe, Lur-Alai Squash klubeko kidea

Zein instalakuntza erabiltzen dituzue squasha praktikatzeko?
Kluba Irunen eratu genuenez, bertako instalakuntzak erabiltzen ditugu gehien bat. Artaleku kiroldegian 4 pista dauzkagu, kalitate onekoak eta oso ondo zainduak. Noizbehinka, ordea, Hondarribiko kiroldegiko bi pistetan jolasten dugu ere eta Galtzarabordako pistetara hubildu izan gara ere, pistak aktibo mantendu ahal izateko.

Zeintzuk dira squasha praktikatzearen abantailak?
Batetik, squashera jolasten ikastea oso erraza delako, pilota pistatik ateratzen ez delako, oso joko azkarra delako eta bikotearen txanda itxoin beharrik ez dagoelako. Gainera, kirol aniztasuna sustatzeko modu bat da eta 80ko hamarkadan izandako arrakasta berreskuratzea lortu nahi dugu.

Egun zenbat kidek osatzen duzue Lur-Alai Squash kluba?
2013an kluba 12 bazkiderekin abiatu zen eta urte honen amaieran 70 bazkide inguru izatera iritsiko garela uste dut. Klubera jendea erakartzen jarraitu nahi dugu, baina, bereziki squashera neskak erakarri nahiko genituzke, gainontzko kiroletan bezala, bazkideen arteko genero desoreka ezabatzeko.

“Ahal den heinean, interesdunen eskakizunak kontutan hartzen saiatzen gara, ahalik eta jende gehien erakartzeko helburuarekin”

Gorka Arretxe, Lur-Alai Squash klubeko kidea

Zein jarduera antolatzen dituzue klubaren barnean?
Hilabetero bazkideen artean ligak antolatzen ditugu, bakoitzaren maila errespetatuz, taldeko jokalariekin jolasteko. Urtean zehar beste 6 txapelketa antolatzen ditugu.

Zein helburu ezartzen dizkiozue klubari etorkizunari begira?
Beste kirol elkarte baten maila berean ikusi nahiko genuke gure burua. Izan ere, kluba kirol jarduera handitu eta squasha ezagutarazteko asmoarekin sortu zen, beraz, kirola hau normalizatzea gustatuko litzaiguke, horretarako, jende gaztea kirol mota guztiak probatzera animatuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude