Luzaideko inauteria antzeztuko dute Irunen

Zortzigarren aldiz antolatu du Kemen Dantza Taldeak Euskal Herri Inauteria

Euskal ohitura zaharrekin lotutako ekimenak ere badira Irungo inauterietan. Puska Biltzea, adibidez, inauterietako ohitura zaharrena da bailaran. Zenbait kultur taldek eusten diote gaur egun. Inguruko herri inauteriek, halaber, badute tokia Irunen. Duela zortzi urte, Euskal Herri Inauteria antolatzeari ekin zion Kemen Dantza Taldeak. Herri ezberdin bateko inauteria ekartzen du urtero hiriko kaleetara, inauterietako larunbat goizean. Otsailaren 25ean izango da aurten, eta Luzaideko (Nafarroa) inauteria antzeztuko dute.

Euskal tradizio dantzatua zabaltzea dago Kemen Dantza Taldeak dituen helburu nagusien artean. Hori erdieste aldera jarri zuten martxan Euskal Herri Inauteria, 2010ean. Lantz, Altsasu, Goizueta, Amezketa eta Lizartza herrietako inauteriak antzeztu dituzte, besteak beste. Aurten, Luzaideren txanda izango da. Euskal Pirinioan dago Luzaide, Nafarroako lurretan, baina Donibane-Garazi Nafarroa Behereko hiriburutik hamaika kilometro eskasera. “Bizimodu behenafartarra dute, beraz”, argitu du Andrea Berrotaran Kemen Dantza taldeko kideak.

Kabalkada bat da, formazio hierarkizatua du”
Andrea Berrotaran

Bolant deiturikoen dantza multzoa inauteri garaian dantzatzen zen garai batean, Nafarroako eta Iparraldeko haranetako hainbat herritan. Bigarren Mundu Gerraren garaian galdu egin zen, ordea, eta Luzaidek besterik ez dio eutsi ohiturari. “60ko hamarkadan berreskuratu zuten”, zehaztu du Berrotaranek. Gaur egun, Luzaideko gazte eta herritar asko kanpoan bizi direnez, Aste Santura atzeratu dute ospakizuna. Luzaideko dantzei buruzko zenbait xehetasun eman ditu Andrea Berrotaranek: “Kabalkada bat da, formazio hierarkizatua du, eta egitura militarrarekin antzekotasun handiagoa du, inauterietako ohiko formazio informal eta anarkikoarekin baino”.

Helduen eta haurren jantziak egin behar izan ditugu”
Maitane Aranburu
Ekimen irekia da

Inauteri aberatsa eta anitza da Luzaidekoa, dantzen eta pertsonaien kopuruari eta ikusgarritasunari dagokionez. Parte hartzaile guztientzako jantziak lortzea izan da Kemeneko kideen buruhauste handienetako bat. “Zortzi bikoterentzako jantziak besterik ez genituen taldean. Helduenak eta haurrenak egin behar izan ditugu”, adierazi du Maitane Aranburuk. Kemeneko harrobia den Adaxka taldeko haurrak, azaroaz geroztik ari dira Luzaideko dantzak lantzen. 150 neska-mutil inguru ariko dira otsailaren 25ean, Kemeneko gazteekin, eta astean behin euskal dantzak ikastera joaten diren helduen taldekoekin batera.

Edonola ere, egitasmo irekia da Euskal Herri Inauteria. Horregatik, interesa duen edonork parte hartu dezake Kemenek antolatu dituen entsegu orokorretan. Azkena otsailaren 18an izango da, 11:00etan Dunboa eskolan. Otsailaren 25ean, 12:00etan irtengo da Luzaideko kabalkada, Irungo Pio XII plazatik, bertan dantzatu ondoren. Beste hiru aldiz dantzatuko dute gero, Zabaltzan, San Juanen eta Erromes plazan egingo dituzten geldialdietan.

———————————————————————————————————————————

Puska Biltzea egingo dute igandean

Euskal Herri Inauteriaren egun berean, puskak biltzen ariko dira Eraiki eta Meakako Adixkideak dantza taldeak, eta Txorimaloak soinu taldea, Behobia-Bidasoa, Meaka eta Anaka auzoetan, hurrenez-hurren. Kemen Dantza Taldea igandean irtengo da, Olaberria auzoan zehar. Fandango eta arin-arin dantzak eskainiko dituzte baserrietan, janariaren truke. 1936ko gerraren aurretik, eskean ateratzen ziren Irungo gazteak, Gabonetan edo Santa Ageda bezperan bezala. Inauterietan, kantatu beharrean, dantza egiten zuten. 40 urteko diktaduraren ostean, 1970eko hamarkadan berreskuratu zuten ohitura zaharra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude