MAIALEN GARCIA: “Urtetan ikasitako guztia transmititzen saiatzen naiz”

Hiru urte besterik ez zituela hasi zen Maialen Garcia gimnasia erritmikoan. Hemezortzi urterekin utzi zion lehiatzeari, baina entrenatzaile aritu da orduz geroztik, Asociación Deportiva Irunesa elkartean. Aldi berean, dantzari gisa ere ibilbidea egin du, My Dance Studio akademia irekitzeraino. Colon Ibilbideko 39.ean dago, eta 3 urtetik gorako 150 ikasle ditu. IMG_3872
Gogoan duzu zergatik hasi zinen gimnasia erritmikoan?

Lehengusina nagusiak gimnasia erritmikoa egiten zuen, eta haren urratsak jarraitu nituen. Hemezortzi urte bete nituen arte ibili nintzen. Orduan, lesio baten ondorioz utzi behar izan nuen.

Nola gogoratzen dituzu urte haiek?

Gimnasiak diziplina, ordena eta konpromisoa edukitzen irakatsi zidan. Taldekideekin ariketa aurrera eramateko ahalegin hori oso aberasgarria da.

Arlo asko lantzen dira gimnasia erritmikoan”
Ballet-a, dantza eta gimnasia uztartzen ditu, besteak beste. Nola definituko zenuke?

Kirol osoa da, arlo asko lantzen ditu. Malgutasuna, adibidez, ezinbestekoa da. Erresistentzia ere bai, ariketa osoan zehar nekeari eusteko. Erreakzio abiadura da beste aspektu garrantzitsuetako bat, uztaia, pilota edo zinta hartzeko. Indarra ere lantzen da.

Ibilbide laburra izaten dute gimnastek. Zergatik?

Gaur egun, AD Irunesa klubeko helduenek unibertsitateko klaseekin uztartzen dute gimnasia erritmikoa. Baina egia da gimnasta gehienen ibilbideak laburrak izaten direla. Normala da, ikasketekin uztartzea zaila baita. Astean lauzpabost orduz entrenatzen dute Irunesako neska-mutilek.

Entrenatzaile zabiltza gaur egun. Oso ezberdina al da?

Urtetan ikasitako guztia transmititzen saiatzen naiz. Lehen aholkuetako bat izaten da dena ez dela lehen saiakeran ondo ateratzen. Ahalegina egin behar dela, eta emaitzak denborarekin iristen direla.

Zein da klubaren egoera, gaur egun?

Sei-zazpi entrenatzaile gaude. Entrenamenduak adinen arabera banatzen ditugu. 3 urteko gimnastak ditugu, eta 20tik gorakoak ere bai.

Neskak dira, batez ere?

Bizpahiru mutil daude. Beste klub batzuetan, ordea, gero eta gehiago dira. Arazorik gabe egin dezakete mutilek gimnasia erritmikoa. Maila handia ematen duten mutilak daude Espainiako Txapelketetan.

Dantzaren munduan ere bidea egin duzu, My Dance Studio akademia irekitzeraino.

Artaleku kiroldegian eta beste akademia batzuetan ibili izan naiz dantza klaseak ematen. Baina senideek eta nirekin dantzan ari ziren haurren gurasoek animatuta, nire akademia irekitzea erabaki nuen. Bigarren ikasturtea daramat dagoeneko, eta oso pozik nago. 150 ikasle inguru ditugu.

Zein dantza eta jarduera mota eskaintzen duzue?

Gorputz-teknika, Dancehall, Break Dance, Hip-hop, Funky eta Zunba taldeak ditugu.

“Lehiaketetan parte hartzen hasi ginen, haurrek dantza egiteko aukera gehiago izan zitzaten”
Lehiatzen ere hasi zarete?

Bai, lehiaketetan parte hartzen hasi ginen, haurrek dantza egiteko aukera gehiago izan zitzaten. Bestela, bizpahiru saio besterik ez zituzten izaten urte osoan. Ondo pasatzera joaten gara, irabazteko helbururik gabe. Hala ere, emaitza onak lortu ditugu. Martxoan hasiko da aurtengo denboraldia.

Dantzan ere neskak al dira nagusi?

Gehiago dira, baina Break Dance moduko estiloetan, adibidez, mutil asko daude.

Gero eta akademia gehiago daude. Loraldia bizi du dantzak?

Lagunek egiten dutenaren arabera erabakitzen dute haurrek zein jarduera egin. Baina egia da azken urteotan dantzak indarra hartu duela. Ni asko pozten naiz. Oso gomendagarria da kirol jarduera gisa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude