Maialen Ramos, judoka: “Judoa banakako kirola da, baina taldea ere ezinbestekoa da”

Maialen Ramos Ama Guadalupekoa Judo Klubeko kirolaria da. 2021ean Espainiako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen hirugarren urtez jarraian. Irundarrak judoaren munduarekin loturik dituen proiektuak azaldu ditu.

Noiz eta nola hasi zinen judoa praktikatzen?
Judoa txikitatik praktikatu dudan kirola da. Zazpi urte nituenean hartu nituen lehen judo eskolak. Hondarribian ikasten nuenez eta nire gurasoek bertan lan egiten zutenez, haientzat erosoagoa zen nik kirola bertan egitea. Nire gurasoek eskolan eskainitako aukeren artean judoa niretzat aukerarik egokiena izan zitekeela pentsatu zuten. Orain 23 urte ditut eta denbora honetan guztian kirol asko probatu ditudan arren, kirol honekin hasi nintzen eta hemen geratu naiz.

Orain gutxi Espainiako Txapelketan brontzezko domina lortu duzu hirugarren aldiz. Nola egin duzu?
Azkeneko txapelketa senior mailan brontzezko domina lortu dudan hirugarren aldia izan da. 2012an nire lehen domina lortu nuen Espainiako Txapelketa batean eta orduan urrezko domina irabazi nuen. Orain, guztira, Espainiako 7 domina ditut eta, egia esan, oso pozik nago podiumean molestatzen jarraitzeaz.

Berriro urrezkoa edo zilarrezkoa lortzeko aukerarik ikusten duzu?
Bai, nik uste oraindik aukerak badauzkadala. Finalaurrekoan nire akats batengatik galdu nuen borroka eta pena handia eman zidan. Finalera iristeko aukerak nituela pentsatzera iritsi nintzen, baina ezinezkoa izan zen. Egia da lehenengo postuan geratu zena guztien gainetik dagoela, asko entrenatzen baitu. Izan ere, behin maila batera iristen zarenean, zure bizitzaren zati handi bat kirolari eskaini behar diozu helburu jakin batzuk lortu ahal izateko. Laburbilduz, finalera sartzeko aukerekin ikusten dut nire burua, baina garaipena segundo kontua da.

Nola prestatzen zara maila handiko txapelketetan lehiatzeko?
Judoa banakako kirola da, baina taldea ere ezinbestekoa da. Azken batean, taldeak eskaintzen dizkizun aukerak eta denbora ezinbestekoak dira. Taldeak fisikoa lantzeko balio dizu, judo teknikak eta giltzak landu eta maila bakoitzera horiek nola egokitu daitezkeen ikasteko. Lehiaketetako borrokak aurretiaz prestatu behar dituzu eta ordu asko sartzen ditugu tatamian zein entrenamendu fisikoetan.

Zeintzuk dira zure hurrengo txapelketak?
Orain Ziklo Olinpikoa hasiko da eta horretan parte hartu ahal izateko dirutza ordaindu behar da. Aurten ez dakit zikloan sartzera iritsiko naizen edo ez, oraingo aurretiko hautaketa fasean sartu naiz ekainean Joko Mediterraneoetara joateko, baina ez dakit sailkatzea lortuko dudan, baina saiatuko naiz. Bestetik, aurten, beste taldekide batekin batera, kluba hartu dut eta orain klubean irakasle lanetan nabil. Nire ikasleen helburuak ere nire helburuak dira.

Irakasle ikasketak egin dituzunez errazagoa izan zaizu klubaz arduratzea?
Bai, ikasketak orain dela 2 urte amaitu nituen, Lehen Hezkuntzako ikasketak, eta orain Haur Hezkuntzakoak egiten ari naiz. Aurten kluba hartzeko pausua ematea erabaki dut eta oso pozik nago, haur txiki asko dauzkagulako. Lehiaketei berriro ekiteak ilusioa piztu du haurrengan. Gainera, judoa kontaktuko kirola denez, beti jarduera berreskuratzen azkenak izan gara. Datorren hilabetean infantilen txapelketak hastea espero dugu. Haiek pozik ikusita ni ere pozik nago.

Zer behar da judoka on bat izateko?
Batik bat, gogoa izatea. Taldekide asko ezagutu ditut eta gogoa izateaz gainera, funtsezkoa da irakasleengan konfiantza izatea. Edonor izan daiteke judoan borrokak edo txapelketak irabazteko gai. Beste kirol batzuetan argiago dago kirolari onek izan beharreko ezaugarriak, judoan, aldiz, kirolariak pisuka sailkatzen direnez, pertsona bakoitzak bere berezitasunak ditu. Horregatik, bakoitzak judoa bere izaerara edo bertuteetara egokituko du. Nesken eta mutilen judoa nahiko desberdina da, nesken kasuan pisu altuagoetan motelagoak diren arren, giltzetan hankak asko erabiltzen dira. Mutiletan, berriz, zenbat eta pisu handiagoa izan orduan eta handiagoa da sakrifizioa ere. Nik egiten dudan judoak mutilen judoarekin antzekotasun gehiago dauzka, mutilekin asko entrenatu dudalako.

Azken urteetan judoan neska zein mutilen aukerak berdindu direla uste duzu?
Egia da kirol askotan desberdintasun izugarriak daudela, bai soldatan edo baliabideetan. Nik judoan nabilenetik ez dut horrelako alderik ikusi. Betidanik neskak eta mutilek ordu berdinean eta aukera berdinekin entrenatu eta lehiatu gara. Diru-sarien kasuan ere gauza bera gertatzen da. Izan ere, kopuru orokorra kirolari guztien artean zuzen banatzen da, kirolaria gizona edo emakumea den edo zein mailatakoa den kontuan hartu gabe. Nire erreferenteei buruz galdetzen badidazu, emakumeak zein gizonak aipatuko nizkizuke. Hori horrela da txikitatik horrela ikustarazten digutelako.

Judoa askok uste bezain kirol bortitza da?
Ez, hori ez da horrela. Nire lagun guztiek esan ohi didate nik haiek defendatuko ditudala edo nirekin ez dutela arazorik izan nahi, nik astindu bat emateko beldur direlako. Judoa eraso kirola izan ordez, defentsa ekintza bat da, zure buruaz harro egoteko eta seguru egoteko balio du. Gurasoei ziurtatzen diet beren haurrek erortzen ikasiko dutela, minik hartu gabe eta, oso garrantzitsua, gainontzekoei minik eman gabe. Elkar jotzea debekatuta dago, urrezko araua da. Haurrei argi eta garbi esaten diet kalean edo judoa egiten ari ez direnean, indarra eta dakizkiten trikimailuak erabiltzea gaizki dagoela, gainontzekoak bota edo mintzeko erabiltzen badute. Ondo baino hobeto dakigu zer egin dezakegun eta, ziurtasun hori duzunean, zure indarra mina emateko gutxiago erabiltzen duzula uste dut.

Elkarrizketa osoa Txingudi Onlinen ikusgai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude