Maider Atxukarro, Guau Guau proiektuko kidea: “Gelaguau proiektua hemen inguruan garatu ahal izateko ikastetxeren bat animatzea nahiko genuke”

Guau Guau adingabeen artean txakurrekiko elkarrekintzan oinarrituta gizarte-trebetasunak sustatzeko eta hobetzeko proiektua da. Dena den, nerabeez gainera, Guau Guau elkarteak haur eta familiekin loturiko zerbitzuak proposatzen ditu eta www.guauguau.eu webgunean kontsulta daitezke. Maider Atxukarrok Guau Guau elkarteak bultzatutako ekimenak azaldu ditu.

Nola bururatu zitzaizuen Guau Guau proiektua martxan jartzea?
Guau Guau 2020an sortutako talde bat gara. Proiektuaren ideia Donostiako Gizarte Zerbitzuetan piztu zen. Bikote baten ideia izan zen eta talde moduan atera ginen bertatik. Egun lau pertsonek osatzen dugu elkartea. Hainbat programa eskaintzen ditugu, Guau Guau programarekin aurrera jarraitzeaz gainera.

Psikologo terapeuta zarenez gero, noiz ohartu zinen txakurrekin lan egiteak gizakiengan izan ditzakeen onurez?
Donostiatik Iruñera joan nintzen abegi-etxeetan lan egitera. Lan txandetan txakurra nirekin eramaten nuen eta emaitza onak jasotzen hasi nintzela ikusi nuen. Zerbait berezia zegoela sumatu nuen eta txakurrarekin txandetara joaten jarraitzea erabaki nuen haur eta gazteen erantzun anitzak antzeman nituen. Lehen esperientzia horien ostean Virginiarekin elkarlanean hasi nintzen eta elkarrekin txakurrek gizakiak laguntzeko zeuzkaten trebetasunez ohartu ginen. Donostiara itzuli nintzenean taldeekin eta familiekin gauzak probatzen jarraitu nuen. Nire koordinatzaileari urte luzez proiektua benetan martxan jarri ahal izateko baimena eskatzen ibili nintzen eta, horretarako garaia ez zela eta hainbat ezezkoren ostean, baiezkoa eman zidan azkenean. Horrela, Ana Masoliver txakur-hezitzaile paregabearen kontaktua lortu nuen eta berarekin proiektua martxan jarri nuen. Berak txakur taldeak sortu eta nerabeekin topaketak antolatzen hasi ginen. Oso pozik gaude orain arteko ibilbidearekin.

Proiektuaren hasiera konplexua izan zen?
Bai, txantxetan gure burua kamikazetzat dugu. Batez ere, hasiera zaila izan da programa gehienak taldekako ekintzetan antolatuta geneuzkalako. Dena den, berrogeialdian zehar gure bizitzek izandako atsedenaldia aprobetxatuz, guztia ondo pentsatu, finkatu eta sakontzeko aukera izan dugu.

Guau Guau proiektuaren atzean txakur eta gizaki talde handia duzue?
Bai, bestela, ezinezkoa litzateke hau guztia sortzea eta martxan jartzea. Nik kameraren aurrean aurpegia jartzen dut, baina atzetik taldea daukat eta haiek gabe ezingo nuke ezer egin, hori argi eta garbi utzi behar dut.

Guau Guau proiektuak eskaintzen duen programetako batek haurrekin lotura estua du, ezta?
Gelaguau izeneko programa da eta eskolaz kanpoko ekintzak antolatzen ditugu. Lehen Hezkuntzako haurrentzat pentsatutako jarduera da, hau da 6 eta 9 urte artekoentzat. Beste edozein eskolaz kanpoko ekintzen moduan, Gelaguau programan izena ematea eskatzen da eta astean behin saioak izango ditugu. Saio horietan sentimenduak identifikatzen ikasiko dugu. Txakurrak beraien artean nola komunikatzen diren aztertuko dugu eta zein trebetasun dauzkaten ikusita, guk zer ikas dezakegun ikusiko dugu. Gelaguau proiektua hemen inguruan garatu ahal izateko ikastetxeren bat animatzea nahiko genuke.

Urbanguau programa orain dela gutxi estreinatu duzue?
Bai, Urganguau programaren lehen taldea pazko-astean sortu genuen. Aurtengo udararako Urbanguau programarekin loturik zerbait antolatu dezakegun aztertzen ari gara eta hiriko kanpaldiak izango lirateke. Hau da, haurrak goizetan jasoko genituzke eta jolasen bitartez txakurrek zernolako zentzumenak erabiltzen dituzten ikasiko genuke, gure erabilerarekin alderatzeko.

Urbanguau programaren lerro beretik, Campinguau programa duzue, ezta?
Campinguau programa gaua kanpoan igarotzeko pentsatuta dago. Pandemia garaian horrelako ekintzak antolatzea konplexuagoa denez, Campinguau programa momentuz geldirik dugu. Uste dugu, egoerak hobera egiten badu, zerbait antolatzeko aukera izango dugula.

“Hasiera zaila izan da programa gehienak taldekako ekintzetan antolatuta geneuzkalako”

Familiguau programan, aldiz, familia osoa inplikatzen duzue?
Bai, hori da. Programa honetan parte hatzeko familiak txakur propioa izan dezake edo, bestela, gure txakurretako batekin lan egingo genuke. Alde batetik, txakurrak berak edozein arazo izan dezake. Bestela, familian zerbait arraroa nabaritu ostean, gurekin harremanetan jar daitezke, elkarrekin arazoa non dagoen identifika dezagun. Horretarako, txakurra guk eramaten dugu arazorik duen ikusteko eta, arazorik aurkitu ezean, familiarekin lan egiten hasiko ginateke harremanean arazoa non dagoen identifikatzeko. Behin arazoa identifikatuta, txakurrarekin lantzeko eta arazoari konponbide bat bilatzeko aukera eskaintzen diegu familiei, erabakia norberak hartu behar baitu.

Voluntaguau programak proiektuaren alde solidarioena adibide da?
Bai, Voluntaguau beste programa eta elkarte bat da. Oraintxe bertan bi taldek osatzen dute, bata Donostiakoa eta, bestea, Iruñekoa. Bertan nerabeak elkartu eta Gareseraino doaz hainbat ekintzen bitartez haien ibilbidea eraikitzen dute.

Orain arte proiektuak izandako emaitzekin pozik zaudete?
Gure programetan parte hartu duten pertsonak oso pozik azaldu dira lortutako emaitzarekin. Aurretik aipatu dudan moduan, Donostiako baliabidea oso interesgarria eta baliagarria izan zen guretzat, zernolako emaitzak lortu genitzakeen erakutsi zigulako. Oraintxe bertan Voluntaguau eta Familiguau programetan parte hartu duten pertsonen balorazioak berriki jasotzen ari gara eta guzti-guztiak poz-pozik daudela esan dezakegu, beraz, proiektua martxa polita hartzen ari da.

Beraz, Guau Guau proiektuak txakurrak gizakion lagun onenak direla erakutsi du?
Bai, inolako zalantzarik gabe hori horrela da. Are gehiago, ez nuke esango txakurrak gizakien lagunak direnik, familiako beste kide bat baizik.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude