Maisuengandik ikasten

Bakailaoa sukaldatzeko tailerrak antolatu ditu “Bakailaoa dasta ezazu” elkarteak

bacalao_lasalle

Jendea iristerako, sukaldariak La Salle elkarteko suen artean ari ziren, bakailaoari lehen ukituak ematen. Ikasle izango zirenak inguruan kokatu ziren, begi-belarriak erne, eta koadernotxoa prest. Zura jatetxeko Alberto Liebanak zuzendu zuen tailerra, baina beste hiru gonbidatu ere izan zituen ondoan: Hondarribiko Arraunlari jatetxeko Iñaki Barros eta Bacalaos La Barajillako Luis Tojal eta Josema Gonzalez. Plater nagusia maionesarekin lagundutako bakailao gainerrea izan zen. Alberto Liebanak hainbat jarraibide eman zituen. Halere, sukaldariaren nortasuna aldarrikatu zuen: “Bakoitzak bere estiloa dauka. Errezetak interpretatu egin behar dira”.

bakailaoia72724_n
Ikasleak galdezka hasi ziren laster, lotsak alde batera utzita. Aholkuak eta trikimailuak eman zituzten, baina bereziki azpimarratu zuten lehengaiaren kalitatearen garrantzia. “Bakailaoa auto bat bezalakoa da. Diferentzia ordaindu egiten da. Genero ona erosteak merezi izaten du, ordea”, azaldu zuen Iñaki Barrosek. Arraunlari jatetxeko sukaldariak bakailaozko tripakiak prestatu zituen. La Barajillako kideek, bakailaoaren buruko mamia sukaldatu zuten, pil-pil erara. Ezohiko platerak dira biak ala biak, baina merkeak eta erabilgarriak. Hala uste du La Barajillako Luis Tojalek: “Tripakiak eta buruak bota egiten dira askotan. Baina Portugalen eta Katalunian badute jateko ohitura”. Non eros daitezkeen galdetu zuten ikasleek. Bakailao-dendetara joateko gomendatu zieten sukaldariek.
Elkarreragina handituz joan zen pixkanaka. Perrexila, labaina edo ardoa zirela, ikasleak sukaldariei laguntzen hasi ziren. Pil-pilaren musika entzutearekin batera, gosea zabaldu zen laster La Sallen bildutakoen artean. Bakailaoa dastatzeko aukera ere izan zen, Rueda Jatorri Izendapeneko ardo zuriarekin lagunduta. Tailerrak emandakoarekin pozik zegoela azaldu zuen Sonia García Bakailaoa dasta ezazu ekimeneko koordinatzaileak: “Hogei lagun inguru elkartu gara. Sukaldean biltzeko aukera izan dugu, eta tailerra oso dinamikoa izan da”. Eskualdeko bakailao-enpresen elkartea da Bakailaoa, dasta ezazu. Produktuaren kontsumoa sustatzea du elkarteak helburu. Testuinguru horretan antolatu dituzte elkarte gastronomikoetako tailerrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude