Makilaren zaindari

Deskarga kaleko seigarrenean sartzea denboran atzera egitea da. Bi mizpirondo daude eraikinaren atarian. “Alberdi” abizena tailatua duen oholak ongi etorria ematen dio bisitariari, egurraren eta artisautzaren erresuma txiki honetara. Etxabea familiako tailerra da, xumea bezain berezia. Antzinako usaina dario. Zorua zurezkoa da, eta lanerako tresnek eta makinek zahar itxura ematen diote. Hogeita hamar urte baino gehiago eman ditu Iñaki Alberdik tailerrean makilak egiten. Duela urte eta erdi Beñat semeak hartu du lekukoa.

Hirugarren belaunaldiak ere egurraren inguruko lanari lotuta jarraitu du. Aitona tailugile fina izan zen. Aitak makilak lantzeari ekin zion, eta Beñat Alberdik haren bideari heldu dio orain. Txikitatik ikasi zuen ofizioa, aitari lagundu izanaren ondorio. Beste lanbide batzuetan ere aritu izan da geroago, Tesa enpresan komertzial moduan, esate baterako. Baina bazekien aitak erretiroa hartzerakoan haren hutsunea beteko zuela: “Gaztetan beste zereginetan aritu izan naiz, eta munduan zehar bidaia-tzeko aukera izan dut. Baina orain gustura nago etxean, familiako enpresari eusten”, azaldu du Beñat Alberdik. Aitak eskertzen du erabakia: “Pena litzateke hau hiltzen utzi izan bagenu”.

Irunero 250 martxoak 31 xk_Irunero 203
Aitarengandik artisautzarako zaletasuna jaso ondoren, 1980ko hamarkadaren hasieran erabaki zuen Iñaki Alberdik euskal makilak egiten espezializatzea. “Iparraldean egiten ziren oraindik, baina Bidasoaren hegoaldean ia galdutako produktua zen”. Gaur egun bizpahiru artisau besterik ez daude Euskal Herri osoan makilak egiten. Euskal bastoi tradizionala da makila, eta mendeetako historia dauka. Euskal ondarearen ikurretako bat da. 1936ko gerraren aurretik erabili ohi zituzten makilen “erreplikak” egiten dituzte Lapitze auzoko tailerrean. “Makila tradizionala mizpirondo egurrez egindako bastoia da, gogorra, malgua, dotorea eta eskuz landua. Begirunearen eta boterearen ikurra da”, argitu du Iñaki Alberdik.
Ibilaldietan sostengu izateaz gain, babeserako arma ere bazen makila garai batean, heldulekuaren barruan ezkutatutako eztena dela eta. Goardia Zibilaren bisita jasotakoa da Iñaki Alberdi, ezaugarri horren ondorioz. Baimenik gabe armak ekoiztea leporatu zioten, baina antzinako objektuen erreprodukzioak egiten zituela frogatu ahal izan zuen. Gaur egun, apaingarri edo opari izaten dira euskal makilak. Azken lehendakariez gain, mundu osoko politikari, kirolari eta artistek jaso izan dituzte Alberditarrek egindako makilak. Joan Paulo II.a, Ronald Reagan, Emil Zátopek, Gerry Adams, Adolfo Suárez, Camilo José Cela, Jorge Oteiza, Bernando Atxaga eta Juan Martinez de Irujo daude, besteak beste, zerrenda esanguratsu horretan.

2 250 martxoak 31 xk_Irunero 203
Metodo tradizionalari eutsi dio semeak
Teknologiak zer edo zer erraztu badu ere, aitarengandik ikasitako prozedura mantentzen du gaur egun Beñatek. Udaberrian Pirinioetako basoetara joaten da, mizpirondoak aukeratzera. “Adar onenak ematen ditu, sendoak eta malguak”, azpimarratu du Alberdik. Markak egiten dizkie adarrei, olatuak eta puntuak. Makilaren ezaugarri diren forma bilakatuko dira denboraren poderioz. Neguan bueltatzen da adarrak moztera, ilbeherarekin batera. Lanaren zatirik “erromantikoena” dela onartu du Alberdik. Azala kentzeko labean sartzen ditu, eta, kolorea emateko, goro-tzetan edo kare bizitan. Adarrak zuzendu behar badira, beroaren laguntzaz egiten du. Lehortzen uzten ditu gero makilak, egonkortu daitezen. Bost urte beharko dituzte, gutxienez, prozesuarekin aurrera egin aurretik.
Eskuz landutako letoizko zorroa darama makilak beheko muturrean, eta txirikordatutako larru beltza eta adarrarekin egindako bola, goikoan. Ohorezko makilek zilarrezko heldulekua izaten dute. “Bastoi merkeagoak saltzen dituzte. Baina ez dira euskal makilak”, argitu du Beñat Alberdik. Makila arruntek 300 € inguru balio dute. Ohorezko makilek, 500 €tik gora. Artisau lanetik bizi ahal izateko, ehunka makila saldu behar izaten dituzte urtean. Krisiarekin salmentak behera egin duela baieztatu du artisauak: “Luxuzko produktua da, eta norbanakoen artean jaitsi egin da eskaria. Enpresei eta erakundeei esker eutsi diogu”. Gaur egun, Beñat Alberdiz gain beste langile batek lan egiten du tailerrean. Soldata handia izan gabe, modu “duinean” bizitzeko adina ematen duela nabarmendu du artisau gazteak. Balio erantsia du, gainera, lanbideak. Ahanzturatik babesten dute euskal makila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude