Amaita maskota dendak 30 urte daramatza hiriko animalien osasuna zaintzen. Abuztuaren 17a Etxerik Gabeko Animalien Nazioarteko Eguna da, animalia-denda honetako langileentzat esanahi berezia duen eguna. Dendan jasotako etxerik gabeko animalia guztientzako etxea aurkitzen saiatzen dira Amaitan. Maria Angeles Dominguezek azaldu du nola kudeatzen diren Amaitan adopzioak.
Etxerik gabeko animalien nazioarteko eguna garrantzitsua da zuentzat?
Bai eta, ez egun hori bakarrik, guretzako urteko gainontzeko 364 egunak dira garrantzitsuak. Urte batean kaleko 150 katurentzako edo baserrietan jaiotako 30-40 txakurrei etxea aurkitzeko gai gara, zorionez, jaiotzen direnean jada ez baitituzte hiltzen. Horrelako kasuetan jendea gurekin harremanetan jartzen da, etxe bat aurkitu diezaiegun. Horretaz gain, jendeak kaletik aurkitzen dituen txoritxoak ekarri ohi dizkigu eta, behar dituzten sendaketak egin eta zaintzak eman ostean, beren habitatera itzul daitezen prestatzen ditugu. Lan hori oso garrantzitsua dela uste dugu. Hala ere, egia da helburu bera duten elkarte asko daudela.
Oraindik uda eta oporraldi garaietan animalien abandonuak areagotzen direla nabaritzen duzue?
Ez, nire ustez gizartea asko aldatzen ari da eta, beraz, animaliak zaintzeko modua eraldatu dela uste dut. Animalia bat nahi duzunean ondorio on eta txar guztiekin maite duzu. Udan dendan animalia txikientzako hotela dugu eta jendeak horrelako zerbitzuak geroz eta gehiago erabiltzen dituela nabaritu dugu oporretan animaliak behar bezala zainduta egon daitezen. Batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta animalia gutxiago abandonatzen dira.
Jendea jabetzen al da animalia bat edukitzeak dakarren erantzukizunaz?
Zorionez gehiengoa bai. Animalia bat adoptatzea erabakitzen denean jabeek beren gain hartzen dute adopzioak dakarren erantzukizuna, egiten ari direnaren garrantzia ezagutzen baitute. Beti dago ergelen bat, baina zorionez dena asko aldatzen ari da, gizartea gero eta konprometituagoa dago eta arduratsuagoa da animaliei dagokienez.
Adopzio bat egiteko, oso garrantzitsua da Amaita bezalako dendetatik egiten duzuen kontzientziazio-lana?
Adopzioan ematen ditugun animaliek gutxienez 20-25 egun igarotzen dituzte gurekin, animalia horiek adopzioan eman ahal izateko osasun-berme guztiak betetzen dituztela ziurtatzeko. Gurekin dauden egun horietan, adoptatzailea bere maskota bisitatzera dator eta harremana nolakoa den ikusten dugu. Bisita horiek baliatzen ditugu animalien jabea kontzientziatzeko eta animaliak beharko dituen zaintza-lanak azaltzeko, bai eta parasitoak kentzeko, txertoak jartzeko eta gainerako protokoloez hitz egiteko ere. Arazoren bat hautematen badugu, pertsona horrekin hitz egiten dugu eta animalia ez ematea erabaki dugula azaltzen diogu.
Amaitatik animalien erosketaren aurrean, adopzioa sustatzeko ahalegintzen zarete?
Bai, noski. Zoritxarrez, azken urteotan sortzen ari garen gizartean gero eta pertsona gehiago bakarrik bizi dira, eta animalia batek pertsona horiek ateratzen eta beste pertsona batzuekin harremanetan jartzen laguntzen du. Beraz, adoptatzeak abantaila gehiago ditu eragozpenak baino.
Jende askok ez daki, baina adoptatzeak ere baditu gastuak, ezta?
Kontuan izan behar da adoptatzea ez dela animalia bat oparitzea eta kito. Animaliak gauza batzuk behar ditu, eta lehenengo urtean behintzat txakurkume edo katakume horri jarraipena egitea gustatzen zaigu. Horretarako, oso tematiak gara, eta ondo txertatuta eta parasitorik gabe daudela kontrolatzen dugu. Honezkero, nahi dutena esan diezagukete, baina adoptatzeak zenbait gastu eragiten dituela jakin behar da.
Zein da adopzio bat gauzatzeko jarraitzen duzuen prozedura?
Lehenik eta behin, gurekin harremanetan jarri behar dira, aukerak zeintzuk diren ikusteko; izan ere, pertsona batzuek uste dute animaliak egiteko makina bat dugula. Askok oso ezaugarri zehatzak eskatzen dituzte animalia bat aukeratzeko orduan, baina hau ez da neurrira egindako jaka bat. Guk ezin ditugu % 100ean bermatu eskatzen dizkiguten gauza horiek guztiak, baina ahal dugun informazio guztia ematen saiatzen gara.
Nola iristen dira zuengana adopzioan ematen dituzuen animaliak?
Normalean, kaleko katuek erditu ohi dituzten katakumeak izan ohi ditugu, eta jendeak aurkitzen dituenean guregana ekarri ohi ditu. Nebak bezalako taldeekin elkarlanean aritzen gara ahal dugun katu guztiak esterilizatzen laguntzeko, nahiz eta beti agertzen den baten bat katutxoekin. Denon artean egiten dugun lana da.
30 urtez animaliekin lan egin ondoren, nabaritzen al da esperientzia?
30 urte bizitza oso bat da eta asko gustatu behar zaizu, hemen lan egiteak urteko 365 egunetan lan egitea esan nahi duelako. Ez dago erabateko deskonexio-egunik, ez Gabonik, ez ezer. Animaliek jan egin behar dute, eta berdin zaindu behar dira. Gainera, orain klinikarekin beti ditugu larrialdiak edo ospitaleratutako animaliaren bat.
Konpromiso horren erakusgarri da duela gutxi Beti Lagun programan parte hartu izana. Nola baloratzen duzue esperientzia?
Programa honen bidez, etxerik gabeko pertsonen txakurrei laguntzeko aukera izan dugu. Urgentziazko kirurgia bat egin behar izan genuen txakurtxoari ebakuntza egin behar zitzaiolako obarioetan infekzio bat zeukalako. Gure albaitariak konprometituta daude gaiarekin, gu bezala. Ebakuntza gure ordutegitik kanpo egin zen eta kito, ez dago beste aukerarik.
Etorkizunean etxerik gabeko animaliak ez dauden gizarte bat posible izango dela uste duzue?
Uste dut atzetik datozen belaunaldiak, zorionez, gu baino hobeak direla. Gure ondorengoak besteekiko errespetuan eta maitasunean hezten baditugu, etorkizuna oso ona da.