Hazlan Irungo Letxunborro hiribideko 58. zenbakian kokatutako josketa tailerra da eta ehungintzarekin lotutako era askotako proiektuen abiapuntua da. 2014 urtean sortu zen ehungintzaren sektoreko produkzio-tailerren hutsunea betetzeko asmoz. Etengabe hobetzeko bokazioak bultzatuta, Mariam Irastorza Hazlan tailerreko zuzendariak enpresaren funtzionamendua azaldu du.
Zergatik erabaki zenuten Hazlan enpresa martxan jartzea?
Prozesu nahiko luzea izan zen, baina, pixkanaka jende gehiago hartzen joan ginen. Lan oso gutxirekin hasi ginen, izan ere, Euskadin mota honetako tailer gutxi zeuden hasieran, baina, azken urteetan zehar mota honetako ekoizpena Txina eta bestelako herrialdeetatik itzuli da. Guretzat oso positiboa izan da bertako tailerrak berriro martxan jarri ahal izatea. Azkenaldian, batez ere, proiektu berritzaileak dauzkan jende gaztea edo material birziklatuekin ekoiztea bilatzen duen jendea hurbiltzen ari zaigu.
Bezero gutxirekin hasi zineten lanean, baina, pixkanaka bezero taldea zabaldu duzue?
Adibidez, gure lehen bezeroa Ormaiztegiko Irizar autobusak izan ziren. Ordutik, egunero autobusentzako gortinak ekoizten ditugu. Sei urteren ostean bezero berri asko iritsi zaizkigu.
Erraza da egun ehungintzaren merkatuan sartzea?
Enpresa martxan jartzeko modua topatu genuen eta pixkanaka jende batzeko modua topatu genuen. Pozik gaude, urte hauetan zehar enpresara batu den jendea gurekin lanean gelditzeko modua topatu dugulako. Momentuko egoera konplikatua izan arren, poliki, baina, ondo goazela esan dezakegu.
“Konfinamenduan zehar lantegiko lana ez eteteko modua topatu genuen”
Nolako proiektuekin lan egiten duzue?
Gaur, adibidez, neska australiar batek Txiletik bidalitako oihalekin sortutako poltsak sortzen ari gara. Beste adibide bat Ekomodok plastikozko botila birziklatuen bitartez sortutako produktu ezberdinak dira. Dena dela, orain gehien lantzen ari garen produktua musukoak dira. Ez da lan erraza izan, baina, azkenean maskarak omologatzeko modua topatu dugu. Patroiak eta material egokiak lortu ostean, orain maskarak pertsonalizatzen hasi gara, izan ere, enpresentzako oso erakargarria da maskara pertsonalizatuak izatea. Maskarak pertsonalizatzeko logotipoa bordatzen diegu.
Zuen jarduera pandemiara egokitu behar izan duzue?
Zorionez, konfinamenduan zehar lantegiko lana ez eteteko modua topatu genuen. Osasun krisialdia hasi eta segituan maskarak ekoizteko moduak bilatzen hasi ginen. Hortaz gain, konfinamenduan zehar Osakidetza eta beste zenbait lantegientzat batak ere ekoiztu genituen. Produkzio aldaketa horren ostean, orain berriro pandemiarekin zerikusirik ez duten proiektuen eskariak jasotzen hasi gara.
Pandemiak bestelako beharrei erantzuteko premia sortu du?
Bai, zalantzarik gabe. Inoiz imajinatuko ez bagenu ere, orain dela gutxi beroaren bitartez zigilatzeak egiteko makina bat erosi dugu Frantziatik hildakoentzako plastikozko poltsak ekoizteko eskaria jaso baitugu.
Zuen bilduma propioa ere atera duzue?
Bai, gure bilduma propioa martxoan atera genuen, baina, osasun krisialdiarekin dena eten behar izan genuen. Gainera, aurten ere Irun Ekintzan saria jaso genuen. Ni diseinatzailea naiz eta horrelako proiektuak egin ahal izatea interesatzen zait, baina, horrelako enpresa bat duzunean era guztietako proiektuak jasotzeko prest egon behar duzu.
“Kilometro 0 motako produktuen aldeko apustuak gora egin du azkenaldian”
Azkenaldian jendeak bertako ekoizpena sustatzeko joera duela nabaritu duzue?
Bai, hain zuzen ere, Hazlanen jende gazte, heldu, enpresa txiki zein handien eskari asko iristen ari zaizkigu azkenaldian. Proiektu asko berriak dira, baina badira aurretik ekoizpena beste lurraldeetan egiten zuten enpresak. Hortaz, Kilometro 0 motako produktuen aldeko apustuak gora egin du azkenaldian eta guk geu ere inguruko herrietako tailerrekin lankidetza egiten ahalegintzen gara.
Hazlan kalitatea eta eskulanaren aldeko apustuaren adibidea da?
Bai, makina eta teknologia berriak, gure langileen eskulanarekin uztartzea gustatzen zaigu. Horrela, enkargu berriak jasotzen ditugun heinean enpresan makina eta teknologia berriak eskuratuz goaz, beti ere, langileen lanpostua ordezkatu gabe. Gure prozesu gehienetan eskulana funtsezkoa da.
Datozen hilabeteetara begira proiektu garrantzitsurik duzue eskuartean?
COVID-19aren pandemia iritsi aurretik martxan geneuzkan proiektuak eta lan erritmoa berreskuratu nahiko genuke. Gure arropa bilduma propioari beste bultzada bat eman nahiko genioke. Dena den, ahal dugun neurrian, ideia berriak entzun eta gure tailerretan proiektu berriei lekua egiteko prest gaude. Azken finean, bertako produkzioa sustatzen jarraitzea garrantzitsua irudi- tzen zait, pandemiak erakutsi baitigu kanpo ekoizpenak mendekotasuna sortzen baitu, ondorioz, bertako enpresen jardueraren etendura eraginez.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.