7 urte igaro dira Marte sorkuntza laborategiak Larreaundi auzoan lur hartu zuenetik. Egun, Miren Gonzalez Goikoetxeak, Larraitz Torrezek eta Iratxe Airesek beren sorkuntzekin betetzen dute unibertso paralelo hau. Pandemiaren ostean aldaketa nabarmen bat nabaritu dute, haurrez gain, helduek ekintza artistikoak bereziki erakargarriak topatu dituzte. Miren Goikoetxea Gonzalezek Marteko sorkuntza ikastaroak nolakoak diren azaldu du, non euskarak beti ateak parez pare zabalik dauzkan.
Zazpi urteko ibilbidearen ostean, Marte sorkuntza laborategia guztiz egonkortua dago?
Bai, urteen poderioz ezaguna egiten zara. Nik ere auzoan hartu-eman asko dauzkat, izan ere, auzoan talde bezala moldatzen gara, denda txikiekin eta elkarteekin harreman estua dugulako.
Zergatik erabiltzen duzue sorkuntza laborategi hitza espazio honetako jarduera deskribatzeko?
Hemen sortzen delako, ez dauka besterik. Azken bost-sei urteetan aldaketa nabariak izan dira hemen. Ainara Oskozek eta nik burutu genuen laborategiko proiektua. Gero berak joan egin behar izan zuen eta orain Larraitz Torres eta Iratxe Aires daude nirekin. Beraz, espazioa hiru emakume sortzaileon artean partekatzen dugu. Sorkuntza laborategiaren martxa apur bat aldatu da, orain bakoitzak bere proiektua eramaten duelako. Ni, batez ere, irakasle moduan, hemengo tailerrak zuzentzeaz arduratzen naiz. Horretaz gain, nire proiektu piktoriko propioa dut. Larraitzek eta Iratxek, aldiz, bakoitzak bere lana dute. Hala ere, beti esperientziak eta informazioa partekatzen dugu, beraz, oso aberasgarria da.
Zer nolako ekintzak egiten dituzue bertan?
Haurrentzako ekintza asko antolatzen ditugu, baina bereziki aipagarria da azkenaldian helduen tailerrak indar handia hartzen ari direla. Egia esan, ez dakit zergatik. Urteak egon gara soilik umeekin bakarrik. Azkeneko urteetan heldu pila animatzen ari dira margotzera. Badirudi pandemiarengatik gure buruan gauzak asko aldatu direla, jendea gauza ezberdinak probatzera ausartu baita. Hain zuzen ere, orain helduen hiru talde dauzkat eta tailerrak egiten ditugu astean hirutan. Deigarria da parte-hartzaile guztiak emakumeak direla, ez dakit kasualitatea izango ote den edo ez.
Zeintzuk dira azkenaldian gehien eskatzen dizkizuten tailer motak?
Nik hemen ez dut modarik jarraitzen, nire estilo propioa jarraitzen dut. Nik beti nire klaseak modu batera eman ditut, ariketen bidez ikasleek ezagutzak barnera ditzaten. Beraz, modak ez dira nire proiektu artistikoaren parte. Nik nire egia jarraitzen dut.
Nola imajinatzen duzu Marte sorkuntza laborategiaren etorkizuna?
Egia esan, ez daukat inongo planik. Orain arte bezala jarraitzen badut oso pozik egongo naiz. Egiten dudan guztia aberasgarria dela iruditzen zait. Atetik sartzen den pertsona bakoitzak zerbait berria ekartzen du: gogo edo nahi berriak. Beraz, horrela jarraitu nahiko nuke, ez dut besterik eskatzen.
Zergatik erabaki zenuten espazio honi Marte izena jartzea?
Zerbaiti izena jartzea oso zaila iruditzen zait. Zerbait desberdina nahi genuen eta inizialekin eta hitzekin jolasten hasi ginen. Arte hitzarekin jolastuz, Marte hitzera iritsi ginen. Gainera, Marte hitzak beste konnotazio batzuk ditu, beste unibertso batean sartzea esan nahi duelako. Azkenean horrekin geratu ginen. Jendeari gustatzen zaio, “banoa Martera” esan ahal izatea, beste planeta batera zoazela dirudielako.
“Nire lehenengo hitzak beti euskaraz izaten dira, baina beti askatasunez”
Kalean Bai programara atxikitako elkarteetako bat zareten heinean, euskara sustatzeko konpromiso estua duzuela esan daiteke?
Bai, noski. Ez da erabaki zehatz bat izan, euskararekin loturiko zerbait proposatzen didatenean ni zuzenean animatzen naiz. Nire lehenengo hitzak beti euskaraz izaten dira, baina beti askatasunez. Umeei beti euskaraz hitz egiten diet, nahiz eta gero askotan jasotzen dudana desberdina izan, askotan gaztelera. Nik behintzat nahi horrekin jarraitzen dut, baina ez dut zerbait derrigorrezkoan bihurtzea nahi. Ni ez naiz inor jendeari zein hizkuntzatan hitz egin behar duen esateko. Nik euskaraz hitz egiten diet eta gero normalean modu naturalean zer gertatzen den ikusten dut.
Elkarrizketa osoaren bideo ikusgai duzue Txingudi Onlinen.