Konfinamenduko etenaldiaren ostean, Martindozenea Gaztelekua aurrez aurreko zerbitzua eskaintzen hasi da berriro. Alba Aranguren, Ane Calvo eta Amaia Izeta dinamizatzaileek Gaztelekuaren funtzionamendua azaldu dute.
Zein zerbitzu eskaintzen da Martindozenea gaztelekutik?
Irungo Gaztelekua Elizatxo hiribidean kokatuta dago, La Salle ikastetxearen ondoan eta 12-17 urteko gazteei aisi sozio-hezitzailea eskaintzen diegu. Horretarako, asteartetik larunbatera irekitzen dugu arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Bukaera ordua, aldiz, arratsaldeko 20:00etan izan ohi da, ostiral eta larunbatetan izan ezik, Martindozenea Gaztelekuaren ateak gaueko 21:00etan ixten baitira. Bertan, gu hirurak egon ohi gara eta Gaztelekuak eskaintzen dituen espazio eta baliabideak erabiltzeko aukeraz gainera, hilero ekintza eta tailer ezberdinak proposatzen ditugu.
Zein adineko gazteekin lan egiten duzue?
Orokorrean, 12 eta 17 urte bitarteko gazteekin. Gero bada bigarren zerbitzu bat, 18 eta 25 urte arteko gazteentzat, Konekta zerbitzua deituriko, baina, guk zehazki adin-txikiko gazteei zerbitzua eskaintzen diegu.
Nola egokitu zineten konfinamenduan zehar hiriko gazteei zerbitzua eskaintzen jarraitzeko?
Zerbitzua itxita egon da, baina, birtualki zerbitzua eskaintzen jarraitu dugu. Adibidez, Instagram bidez ekintza ugari antolatu ditugu edo bideo-deiak egin ditugu. Aktibo ibili gara gazteekin harremana mantentzen aldera eta, zerbait behar izanez gero, hemen jarraitzen genuela adierazi nahi izan genien.
Orain aurrez aurreko zerbitzua berreskuratu duzue. Nola moldatu zarete horretarako?
Urritik normaltasun berri honetara egokitu eta, protokoloak jarraituz, zerbitzua normaltasunez eskaintzen ari gara. Beti bezala, ekintzen eskaintza zabala eskainiaz eta ahal den heinean gazteen elkargune bat izaten ahalegintzen gara.
Gaztelekua leku segurua izan dadin neurri zorrotzak hartu dituzue?
Martindozenea Gaztelekua bere osotasunean leku segurua dela esan dezakegu. Izan ere, Gobernuak finkatutako osasun neurri guztiak betetzen ditugu. Esaterako, Gaztelekuko edukiera mugatuta dugu, sartu baino lehen Gaztelekura sartzen diren pertsona guztien tenperaturak neurtzen ditugu, aldiro-aldiro eskuak desinfektatzen ditugu. Gainera, Gaztelekuko materialen bat erabiliz gero, gauzak berriro gorde aurretik material guztia desinfektatzen dugu.
Gaztelekura sartu ahal izateko baimen-orria eskatzen da, zergatik?
Baimen-orri hori gazteak Gaztelekura sartu aurretik guraso edo tutoreek eta seme-alabek sinatu behar dute. Baimen-orri horren bitartez protokoloan zehaztutako guztia onartzen dutela sinatzen dute eta ezarritako arauak errespetatuko direla konpromisoa hartzeko modua da, besterik ez.
Hilero ekintza ezberdinak proposatzen dituzue. Nola antolatzen zarete horretarako?
Gazteei aisialdiko aukera ezberdinak eskaintzen ahalegintzen gara. Normalean ekintzak hilero antolatu ohi ditugu, baina, azkenaldian egitaraua hamabost egunero antolatzen ari gara, azken orduko neurri berrietara egokitzeko aukera izateko. Hortaz, orain bi astero datozen hamabost egunetan zehar egingo diren ekintzak aurkezten ditugu. Ekintza zein tailerren inguruko informazioa webgunean argitaratzen dugu, ekintzarekin lotutako xehetasun guztiekin: Hasiera eta bukaera ordua, non egingo den, ordutegia, zenbat pertsonentzako tokia dagoen, … Gainera, Instagram eta Facebook sare-sozialetan Martindozenea Gaztelekuak eskaintzen dituen ekintzen inguruko informazioa ere partekatzen dugu.
Gazteartean Erakusketak Martindozenean hilero antolatzen den ekintza aipagarrienetako bat izan daitezke?
Bai, horixe. Hilabetean behin edo sei astero erakusketa aldatzen dugu. Erakusketa hauen helburu nagusia Irun edo inguruko artista gazteei espazio bat eskaintzea da. Horrela, haien lanak erakutsi edo erakusketa bat antolatzeko lehen aukera hori eskaini nahi zaie. Hilabetean behin erakusketa horren aurkezpena egiten dugu eta artistak gazteentzako tailer bat proposatzen du. Tailer horietan artistek lanen sorreretan erabilitako teknikak azaldu ohi dituzte eta gazteek emaitzak etxera eraman ohi dituzte.
Bestetik, Asexorate zerbitzua duzue?
Bai, hilabetean behin Raquel sexologoa Gaztelekura dator eta hemen bertan aholkularitza zerbitzua eta tailerrak eskaintzen dizkie gazteei. Hortaz gain, gazteek modu anonimoan egindako galderei erantzuten die.
Non aurki dezakete gazteek ekintzen inguruko informazioa?
Modu ezberdinak daude. Batetik, sare sozialak daude, gazteek asko erabiltzen dituzte guk geuk ere asko erabiltzen ditugu garrantzi handia baitute. Gazteei zuzenduta Instagramen ekintzen inguruko informazio guztia partekatzen dugu eta gurasoei zuzenduta, aldiz, Facebook-a gehiago erabiltzen dugu. Webgunean informazio guzti-guzti aurkitu daiteke. Gainera, hiriko eskolek guk antolatutako ekintzei zabalpena ematen laguntzen digute. Bestelako informazioa eskuratzeko, zuzenean jendea Gaztelekura hurbildu daiteke edo telefonoz deitzeko aukera dute ere.
Datozen hilabeteetan zehar nola lan egingo duzue?
Gaztelekutik lanean jarraitzeko asmoa duzue. Urritik martxan hartu dugu eta oso gustura gaude. Gazteek zerbitzuaren beharra zutela ikusi dugu eta lanean jarraituko dugu.
Elkarrizketa osoaren bideoa ikusteko aukera Txingudi Online webgunean.