
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak ikerketa bat egin du Guda Zibiletik ihesti, erbestea ezagutu zuten Gerrako Umeak identifikatzeko eta beraien memoria berreskuratzeko. Martxoaren 18an, larunbatean, Gipuzkoako Foru Aldundiak gerratik ihesi erbestean izan ziren Gipuzkoako haurrak omenduko ditu. Ekitaldia goizeko 11:30ean hasiko da eta parte-hartu ahal izateko aurretiaz gonbidapena eskuratzea beharrezkoa izango da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekitaldira erbestera joan behar izan ziren eta egun oraindik bizik dauden pertsona guztiak gonbidatuak daude. Beraz, Interesatuak foru erakundearekin harremanetan jar daitezke 943 11 39 65 telefono zenbakira deituta edo erakunde.harremanak@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.
Ekitaldiaren bitartez 10.000 haur baino gehiago omenduko dira Kursaalean egingo den ekitaldian. Hala ere, ikertzaileek uste dute erbesteratutakoen kopurua orain arte jasotako datuek erakusten dutena baino handiagoa izan daitekeela.
Gerlan zuzenean parte hartu ez bazuten ere, gatazkaren ondorio latzak jasan zituzten haur eta gaztetxo haien izen-abizenak, argazkiak eta testigantzak ikertu eta batu dira lan honen bitartez, lurraldeko memoria historikoa osatzeko asmoz. “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteak Intxorta 1937 Kultur Elkartearekin elkarlanean aritu da tokiko informazioa biltzen laguntzeko.
Ikerketaren datuak
Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egindako ikerketaren bitartez 10.067 haur identifikatu dira, bere izen-abizenekin, eta horietatik 105 erbestean jaio zirela jakin da.
Bestalde, erreferentzia minimo bat duten beste 270 haur topatu dituzte, baina kasu horietan informazioa falta da. Hau da, aurkitutako dokumentazioari esker jakin dute ama, edo aita oso kasu gutxitan, erbesteko herri edo hiri batean egon zela eta seme-alabak zituztela, baina kasu horietan ez beren izena, lehen abizena, adina edo jatorria aurkitu, soilik haurrak zituen emakume bat zela.
Ikerketak argitu du 10.232 haurrek, 16 urtetik beherakoak, Gipuzkoatik irten eta muga zeharkatu behar izan zutela. Zehazki, 5.053 mutil eta 4.960 neska. Horietatik, 141 bizirik daude eta elkartearekin harremanetan egon diren beste 18 ikerketa egiten ari zen bitartean hil dira.
Identifikatutako pertsonak 56 herri desberdinetakoak dira. Beste 246 Gipuzkoakoak dira, baina ez da udalerririk zehaztu. Horrela, 3.681Donostiar identifikatu dira, baina kontutan izan behar Donostia jatorri generiko bezala erabili zela, beraz, ezin daiteke ziurtatu bertakoak zirenik. Bestetik, zifra altuenak dituzten beste hiri edo herriak honakoak dira: Irun 1.590 haur , Hondarribia 609 eta Pasaia 571. Altzo, Zizurkil, Zaldibia, Asteasu (ume bat), Abaltzizketa, Elgeta, Lazkao eta Zegama (bi) dira aldiz izen gutxien dituztenak.
Helmugako lekuei dagokienez, guztiak Frantziara igaro baziren ere, askotan erbesteratuak herrialde bat baino gehiagotan izan ziren erbestean zehar. Izan ere, 4.840 erbestean zehar Frantzian bizi izan ziren. 4.155 Katalunian, 580 Belgikan, 312 Britainia Handian, 465 Errusian, 26 estatuan, Valentzian edo Madrilen, 16 Europako beste herrialdeetan eta 64 Ameriketan. Hala ere, 443 ez da lortu 443 erbesteratuen helmugako herrialdea identifikatzea.