Ohiko moduan Emakumeen Nazioarteko Eguna modu berezian ospatu da hirian. Kaleak more kolorez jantzi ziren martxoaren 8an. Egun seinalatua izanik hainbat ekintza egin baziren ere, Irunen Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekintzak martxo osoan zehar egingo dira. Dena den, berriro ere behintzat egun batez kaleak hartu eta emakumeen eskubideak aldarrikatzeko beharra argi gelditu zen.
Martxoaren 8a euritsu hasi zen Irunen eta goizeko ekitaldiak euri tantek zipriztinduta egon ziren. Urak, ordea, ez zituen emakumeen omenez antolatutako ekitaldiak zapuztu. Irunen egindako lehen ekitaldia Zabaltza plazan Bidasoko M8 Asanblada Feministak antolatutako “Zatoz eta utzi zure mezua” ekintza izan zen. Tailerrak goizeko 11:00etatik aurrera plaza ingurutik igaro zen jendeari mahaira hurbildu eta haien aldarrikapen mezua kartel batean idazteko aukera eman zion.
Irene Kastezubi Arellano asanbladako kideak azaldu zuen, “aurten berriro Euskal Herriko Mugimendu Feministak ateratako lemarekin bat egin dugu: Sua patriarkatuari”. Izan ere, aurten lehen aldiz M8 asanbladak antolatutako ekintzak Irungo Udalak antolatutako egitarauaren barnean txertatu dira. Izan ere, Irene Kastezubi Arrellanok adierazi duenez feminismoak batasuna behar du eta zenbat eta gehiago batu indar handiagoa izango du mugimenduak.
Eguerdiko 12:00etan udaletxe aurrean udal korporazioak “Egunero izan beharko litzateke M8” elkarretaratzean parte hartu zuen. Miren Echeveste Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariaren hitzetan, “urteko egun guztietan aldarrikatu beharko litzateke emakumeak gure gizartean duen papera”. Emakumeei aintzatespen hori egiteko Irunen lortutako zeharkakotasuna azpimarratu du Berdintasun ordezkariak, benetan berdintasuna lortzeko, Berdintasun zerbitzuaz gainera, udal talde osoaren, elkarte feministen eta gizarte osoaren konpromisoa beharrezkoa baita.
Arratsaldean, berriz, aldarrikapenak kalera irten eta Txingudi badiaren mutur batetik bestera barreiatu zituzten Bidasoko M8 asanblada feministako kideek antolatutako mobilizazioaren bitartez. Manifestazioa Hondarribiko M8 plazan hasi, Irungo erdigunea zeharkatu eta Bidasoa ibaia zeharkatuz iparraldeko lurretaraino iritsi zen. Bidean, goizean Zabaltza plazan bildutako mezuak jasotzeko etenaldi txikia egin zuen manifestazioak eta bidean aurrera egin ahala aldarrikapenak ibilbide morera batu ziren.
Oraindik egiteko dauden jarduerak
Martxoaren 8ak 24 orduko iraupena besterik ez duen arren, ospakizunak denboran luzatuko dira, Emakumeen Nazioarteko Egunak hala merezi baitu. Martxoaren 19an, Irungo Udalak antolaturik, “Man up” antzerkia ikusi ahalko da Amaia Kultur Zentroan. Martxoaren 23an, berriz, Yurre Ugartek, Oihana Etxebarrietak, Leire Ibargurenek, Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek “LISIPEren inguruan. Gure Mahaia” mahai-inguruan parte hartuko dute. Martxoaren 25ean Emakumearen Nazioarteko Egunarekin loturiko ekintzak CBA liburutegian gauzatuko dira, Anna Freixasek “Yo vieja” elkarrizketa saioa eskainiko baitu.
Era berean, martxoaren 4tik 18ra Irungo Adinekoen espazioetan “Elsa & Fred” filma eman eta ondoren filmaren inguruko mintzaldia egingo da Bidasoaldeko Elkarte Feministaren eskutik. Anaka-Puianako, San Migeleko eta Behobiako emanaldien ostean, azkena martxoaren 18ko emanaldia izango da, Belaskoenean egingo dena. Gainera, martxoaren 4tik apirilaren 23ra bitartean Gazteartean Expo Ainara Azpiazuren “Zabal zabalik” erakusketa egongo da ikusgai.
Martxoaren 8a pasata, eguneroko ekintza eta gertaerek erakutsiko dute benetan martxoaren zortzigarrenaz gain, ea urteko gainontzeko egunak Emakumeen Nazioarteko Eguneko aldarrikapenen isla diren.