Martxoaren 8an Nazioarteko Emakumearen Eguna ospatzeko ekitaldi eta kontzentrazioak antolatzen dira munduko bazter ezberdinetan. Era horretan, Irunen urteko egun berezi hori ospatzeko ekintza ezberdinak antolatu dira martxoko hilabetean zehar, emakumeei ahotsa eman eta haien aldarrikapen eta eskubideei bozgorailua ipintzeko.
Argoiak, Uxoa eta Bidasoako Elkarteko Feminista bezalako emakume elkarteak Irungo Udalarekin lankidetzan aritu dira martxoaren 8aren inguruko ekitaldi-zerrenda luzea prestatzeko. Horrela, martxoaren 8an goizeko 11:45etan “Egunero izan beharko luke martxoak 8” leloaren azpian kontzentrazioa antolatu zen San Juan plazan. Horren ostean, hiriko erdiguneko kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsua abiatu zen plazatik.
Eguerdiko ahizpatasun bazkariaren ostean, 17:00etan Martxa feminista Irungo Zabaltza plazan elkartu zen, ostean, arratsaldeko 19:00etan Hondarribian Eskualdeko manifestaziora batzeko. 2018 urteko mobilizazio jendetsuen arrakasta errepikatu da aurten ere.
Izan ere, adin ezberdinetako gizon eta emakumeek bat egin zuten Nazioarteko Emakumearen Egunaren inguruan antolaturiko ekitaldi guztietan. Ekitaldi horietan eskualdeko biztanleek ahotsak bateratu zituzten emakumeen eskubideak aldarrikatu eta egunerokotasunean emakumeek jasaten dituzten erasoak saltatzeko.
Martxoaren 8ko mobilizazioez gain, hilabete osoko jarduerak antolatu dira egun honen inguruan. Otsailaren 28an “Irungo Emakumeak Plazara” dokumentala estreinatu zen. Martxoaren 4ean, berriz, “La mujer en la prehistoria” izeneko hitzaldia antolatu zen. Martxoaren 5ean “Mujer, historia eta sociedad” izeneko antzerkia eta hitzaldiak egin ziren Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan Eva Rodriguezen eskutik.
Eta martxoaren 8tik aurrera zer?
Martxoaren 9tik apirilaren 14ra Ana Lunaren “Emakume esanguratsuak” izeneko erakusketa ikusgai egongo da Martindozenea Gaztelekuan. Martxoaren 11ean, berriz, Rosa Gomez idazleak “Escritora del siglo XIX, mujeres a la intemperie” liburua aurkeztuko du Uxoa elkartearen egoitzan. Martxoaren 13an Argoiak elkartean “Vivir ancladas en el como si” hitzaldia entzuteko aukeraz gain, “Figuras ocultas” filmaren inguruko bideo-foruma egingo da San Miguel auzoko Adinekoentzako Gizarte Zentroan.
Hurrengo egunean, martxoaren 14ean, Uxoa antzerki taldeak “El lio de Pio” sainetea aurkeztuko du elkartearen egoitzan. Martxoaren 16ean Merche Tanchek ibilaldi historiko bat egingo du hiriko kaleetan zehar. Martxoaren 20ean, asteazkena, “Figuras ocultas” filma proiektatuko da Argoiak elkartearen egoitzan eta “La vida empieza hoy” pelikularen inguruko bideo-foruma antolatuko da Behobiako Adinekoentzako Gizarte Zentroan.
Martxoaren 27an “Mis momentos mis sueños” hitzaldia entzuteko aukera egongo da Palmera Montero guneko 2. aretoan. Azkenik, apirilaren 1ean “Retrato de una sociedad (años 20) a partir de la historia de las mujeres” proiektatuko da Uxoa elkartean hilabete osoko jarduerei itxiera emateko. Izan ere, emakumearen nazioarteko eguna ospatzeko egun eta hilabete zehatza duen arren, ez da ahaztu behar egunerokotasunean edonoren esku dagoela berdintasuneazko eskubideak eta baloreak defendatzeko aukera.