Txikitatik tipo berritsua, lotsagabea, umoretsua eta saltseroa izan da Mateo. “Agur, banoa Bartzelonara film labur bat grabatzera”, esan zien gurasoei orain 20 urte. Ez zen itzuli. Telebistako platoak bere lantokiak dira, eta publikoa, zuzendu beharreko orkestra.
Dagoeneko 46 programatan lan egin du; tartean, Tu cara me suena, Operación Triunfo, Tú sí que vales eta Atrapa un millón. Mateo gabe saioak ez du arimarik.
– Komediante jaio zinen, eta harremanetarako dohain berezi batekin. Umorea etxean edan zenuen?
Bai, hala da. Aita izaera sendokoa eta karismatikoa da. Eguneroko bizitzako edozein egoera antzerkiz eta umorez jantzi izan ditu beti. Familian, ordea, ez da sekula aktorerik izan. Nik Hezkuntza Bereziko ikasketak burutu nituen, eta ondoren interpretaziokoak. Artista sen hori ez zuten etxean ondo hartu, baina mundu horretan pozik ikusi nindutenean onartu zuten.
– Zertan datza zure lana?
Zuzeneko edo grabatutako telebista-saioetako publikoa dinamizatzea, koordinatzea eta entretenitzea. Bizitzako pailazoa naiz; hori bai, sudurra nik neuk ipintzen diot nire buruari.
– Jendeak ordu asko itxaron behar du platoan. Zer gertatzen da tarte horretan?
Bada, ordu horietan publikoak bokata bat jaten du eta ondoren sare sozialen tartea izaten da, mundu guztiak jakinarazi nahi duelako kitzikagarria den zerbait egiten ari dela. Azkenik, egin beharrekoa azaltzen zaie, hori guztia pazientzia dosi eta ilusio handiz onduta.
– Gogoan duzu lehenengo aldia?
2004an TVE Eurojunior programa ematen ari zen. Bada, zuzeneko saioa hasi baino hiru ordu lehenago ekoiztetxetik deitu eta zera galdetu zidaten: Mila pertsona anima ditzakezu? Jakina, erantzun nien. Eta halaxe, ordutik ez dut etenik izan!
– Zer nahiago duzu, 100.000 pertsona ala 50 dinamizatu behar izatea?
Nik Hamelingo txirulariarena egin behar izaten dut. Lehenengo hamar minutuak erabakigarriak dira; tarte horretan ez bazaituzte begirunez tratatzen, jai duzu. Errazagoa da ikus-entzule gutxi dinamiza-tzea, baina politagoa da 100.000. Mallorkan egin nuen sei orduz.
– Halako egoeretan anekdotak barra-barra gertatuko zaizkizu…
Anekdota txarren iturri dira axolagabekeria, errespetu falta eta zabarkeria. Esaterako, platoan sartu ahala eserleku-ilarak okupatzea (batez ere agertokitik hurbilen daudenak), opari bana hartu beharrean familia guztiarentzat eraman nahi izatea (nahiz eta 10 zentimoko oparia izan)… Heziera txarreko jende asko dago; nik denetarik entzuten dut, irainak, ogitartekoa ez dela uste bezain goxoa…
Esperientzia onen aldean telebistako izarrekin bizitakoak jarriko nituzke. Horietako batzuk dira Carlos Sobera, Christian Gálvez, Paula Vázquez, Carlos Latre…
– Nolakoa da harremana kamera aurrean daudenekin?
Denetarik dago. Batzuentzat, kamerak i-tzaltzen direnean, ez zara existitzen. Beste batzuk, berriz, pertsona zoragarriak dira. Beldur handia ematen didate arrakasta lortu duten haurrek, handikiak izan ohi dira eta.
– Saio batzuetan ikus-entzule gisa parte hartzeagatik ordaindu behar da?
La Voz saiora joateagatik, adibidez, publikoari kobratzen hasi zaio. Oro har, Madrilen ikus-entzuleei ordaindu egiten zaie, agentzien bidez hautatzen diren figuranteak direlako. Bartzelonan, ordea, nahi duenak joateko aukera dauka dohainik, atzean dagoen irizpidea telebista denona dela baita.