Irungo judo-klubak ekitaldi solidario bat antolatu du gaztetxoen artean kirolaren etika sustatzeko
Mayumi judo klubak antolatutako irabazi asmorik gabeko ekitaldia Lekaeneako gimnasioan izango da abenduaren 17an. Iñaki Roderok, elkartearen egungo zuzendari eta entrenatzaileak, urte batzuk daramatza ekitaldia antolatzen. Helburua gazteenak elkartzea eta judoaren parte-hartzea eta zabalkundea sustatzea da, klubaren filosofiari eutsiz. Horretarako, hainbat erakunderen laguntza du, eta, batez ere, bi klubeko kideena: Amaia Aguirre eta Lorena Agote.
Lehenik eta behin, nola sortu zen ekitaldi hau Irunen antolatzeko ideia?
Amaia: Ekitaldia duela hamar urtetik egiten da. Gauza da klubean eta ikastetxeetan gero eta jende gehiago dagoela, beraz, oraingoan, eszenatokiz aldatzea erabaki da. Ez da berria, baina orain beste buelta bat ematen saiatzen ari gara.
Iñaki: Normalean, urtean bi ekitaldi egiten ditugu: bata solidarioa Gabonetan eta bestea ikasturte amaieran, ekainean. Hau hogeigarren edizioa da. Gehienetan Belaskoenean egin izan da, baina oraingoan Lekaenean antolatu dugu.
Nori zuzenduta dago edo norentzat dago pentsatuta ekitaldi hau?
Lorena: Nagusiki, Mayumin judoa egiten duten haurrak elkartzea da helburua, beraz, bai klubean, bai ikastetxeetan dauden haurrei dago zuzenduta.
Zergatik erabaki da jardunaldia Lekaene ikastetxean egitea?
Iñaki: Orokorrean, Irunen dauden kirol-instalazioak onak dira, baina horrelako ekitaldietarako onena Lekaenea da, dudarik gabe, ezaugarri aproposak baititu. Egia esan, ikastetxe batean egitea oso positiboa da, mota honetako ekitaldiak egiteko aukera ematen baitu, baita publiko kopuru handia elkartzekoa ere, dimentsioengatik.
Ekitaldi sozial bat da, baina bere izaera solidarioarengatik da aipagarria.
Amaia: Bai, beste urte batzuetan ere egin da izaera berarekin, izan ere, bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko. Parte hartzen duen judoka bakoitzak kilo bat janari ekartzea eskatzen dugu, ondoren ongintzako erakunde bati emateko. Azkenean, hori baita Iñakik klubarekin umeengan sustatu nahi duena. Judoak ere horixe adierazten du: elkartasuna.
Dena den, ez da izaera lehiakorreko proba izango, ezta?
Iñaki: Ez, ez. Gu ez gaude lehiaketaren aurka, ezta gutxiago ere, guztiz kontrakoa. Alde oso positiboak dituela uste dugu, baina tira, hau Mayumiren filosofia da, parte-hartze hutsekoa. Guk oso argi daukagu, haur guztiek dute txapeldun ez izateko eta diziplinan onenak balira bezala tratatuak izateko eskubidea.
Aukeratutako data abenduaren 17a da, zergatik?
Lorena: Gabonetako egunetatik gertu izatea nahi da, eta, urte honetako egutegia kontuan hartuta, jaiegunen aurreko asteburuan eta haurren eskolako jarduera amaitu aurretik antolatu da.
Beste helburuetako bat judoa kirol gisa sustatzea da, ezagutzera ematea.
Iñaki: Bai, agian duela urte batzuk helburua hori zen, baina ekitaldi honekin benetan nahi duguna da judokek judoa egiten jarraitzea eta, noski, baita kirol hau ezagutzen ez duen jendeak judoa ezagutzea.
Hemen aipamen berezia egin behar zaio emakumezkoen judoari, ezta?
Amaia: Nik bost-sei urte daramatzat judoan, baina txikitan karatea egin nuen eta, nire ustez, arte martzialek, oro har, segurtasuna ematen dute. Garrantzitsuak dira transmititu ditzaketen balioak.
Lorena: Bai. zeure buruarekin seguruago sentitzen zara behar dituzun baliabideak edukitzeagatik. Azkenean, autoestimua igotzen zaizu, indartsu eta segurorago sentitzen zara.
Testuinguruan kokatzeko, zein da judoaren egoera gaur egun?
Iñaki: Bidasoko eskualdean oso positiboa da. Mayumi ez ezik, inguruan klub gehiago daude, eta badakit topera ari direla lanean. Horregatik, gaztetxoak judoa probatzera gonbidatzen ditugu, batez ere neskak, segurtasuna ematen dielako. Oso kirol parte-hartzailea da. Estatuko mugetatik kanpo joanez gero, kirol jendetsua da, olinpikoa, oso baloratua eta oso errespetatua, arrazoi askorengatik ospea duena.
Ekitaldira itzuliz, kolaboratzaileen ekarpena lagungarria izan da?
Amaia: Bai. Aurreko urteetan kolaboratzaile batzuekin lan egin dugu, eta hor jarraitzen dute, laguntzen, ahal duten guztia emanez. Aurten jende gehiagorengana iritsi eta pixka bat handiagoa egin nahi genuela ikusita, kolaboratzaileen gaia gehiago mugitu nahi izan dugu, bai Irungo negozio txikiekin bai enpresa handiekin.
Eta amaitzeko, zer egin behar da izena emateko?
Iñaki: Mayumiko haur guztiak eta guk funtzionatzen dugun ikastetxeetako haurrak inskribatuta daude jada. Baina parte-hartzea ez da itxia, irekia bazik, beraz giroa probatu eta parte hartu nahi dutenek gurekin jarri behar dute harremanetan.