Memoria Historikorako ordezkari Santi Jiménezek eta Memoria Historikorako teknikari Aitzol Arroyok aurreikusitako programazioaren berri eman dute. “Aste honetako ekitaldien helburua izango da gure hiria ibilbide bat bihurtzea, non memoria historikoaren pisua presente egongo den”, azaldu du Santi Jiménezek.
Batetik, astelehen honetan, 1936ko gerrari buruzko lau euskarriz osatutako aire zabaleko erakusketa bat jarriko da, hiru tokitan: San Juan plazan, Zabaltza plazan eta San Migel plazan. Irailaren 6ra arte egongo da ikusgai. Bestetik, bi hitzaldi programatu dira aste honetarako.
Lehena abuztuaren 31n izango da, asteartearekin, 19:00etan: “Marcelo Usabiaga: Bizitza askatasunaren alde borrokan”, Aitor Azurki eta Miguel Usabiagaren eskutik. Bigarrena egun bat geroago izango da, irailak 1, ordu berean: “Rosas y balas. El preludio de la guerra en Irun”, Mertxe Trancheren eskutik.
Amaia KZko hitzaldi aretoan izango dira biak –entzuleek López Becerra kaletik sartu beharko dute–. Sarrera doakoa izango da, eta tokiak bete arte sartu ahalko da aretora. Alde horretatik, aretoaren edukiera murriztuko da, COVID-19 pandemiaren ondorioz hartu beharreko neurrien esparruan. Horrela, era berean, maskara erabili beharko da nahitaez, gel hidroalkoholikoa banatuko da, etab.
“Iruditzen zaigu berebiziko garrantzia duela Irunen Memoria Historikoaren Astea antolatzeak, eta gobernu honek eta Elkarrekin Podemos – Ezker Anitza taldeak gure historia ez ahazteko lan egiten jarraituko dugu”, erantsi du Santi Jiménezek.
1936a Irunen
Irungoa iparraldeko fronteko gudu nagusietako bat izan zen, eta, horrexegatik, kolpisten bultzadaren aurkako borroka eta erresistentzia heroikoaren eredutzat dugu oro har.
Gerraren ondoren, demokrazia eta Bigarren Errepublikaren legezkotasuna defendatu zituztenen kontrako errepresio bolada bat ekarri zuen okupazioak, eta jende hori guztia giza eskubideen urraketen biktima bihurtu zen. “Horregatik, Udalak 1936ko udan gertatutako guztia omendu eta azpimarratu nahi du, ahatz ez dadin”, adierazi du Memoria Historikorako Zerbitzuak.
Programak adierazpen instituzional bat ere hartzen du barnean; Memoria Historikorako Zerbitzua berau lantzen ari da dagoeneko.
“Azkenik, irailaren 13an Memoria Historikorako Bulegoa zabalduko dela gogorarazi nahi dugu, eta ahal duten neurrian laguntzera deitzen diegu berriro irundarrei: dokumentazioa entregatzera zein egia jakiteko, justizia egiteko eta gertatutakoa ez ahazteko lekukotasuna ematera”, oroitarazi du Bulegoak
Udal Artxiboaren ondoan egongo da Bulegoa, Pikoketa karrikan, eta, arreta jasotzeko, hitzordua eskatu beharko da, 010 edo 943505152 telefonora deituta.