Irungo Udaleko Memoria Historikorako Bulegoa 1936ko estatu kolpearen eta 1945. urtearen arteko giza eskubideen urraketa eta errepresioa ikertzen ari da, eta, bide horretan, Santi Jiménez ordezkariak Bulegoak abian jarri duen proiektu berria ezagutarazi du.
“Memoria Historikorako Bulegoak gure hirian sortutako pertsona askok sufritutako mina errekonozitzeko beste pauso bat eman du; gaur, Espainiako Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren harira desberdin pentsatzeagatik edo, besterik gabe, une eta leku okerrean egoteagatik eraildakoak. Basakeria hori ahanzturatik berreskuratzeko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko beste ahalegin bat da errolda hau”, azpimarratu du ordezkariak.
Aurkeztutako ekimen berria bitarte horretan Irunen hildakoen erroldaren argitalpena da, eta, dokumentua osatzeko, hainbat artxibo kontsultatu dira, milaka dokumentu aztertu, eta erregistro lan luzeak egin, Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legearekin bat etorriz; izan ere, lege horren 9. artikuluaren (biktimen Estatu mailako erregistro eta erroldari buruzkoaren) arabera, administrazioek lan horiek egin behar dituzte, eta egiten lagundu.
Irunen, Memoria Historikorako Bulegoak irundarren heriotza, fusilamendua, erailketa… ekarri zituzten giza eskubideen urraketak zein udalerrian hildakoak sartu ditu erroldan: guztira, errepresio frankistak eta fronteko gertaerek hildako 324 lagun, gudu betean hildakoak, fusilatutakoak, bonbardaketek hildakoak edo, besterik gabe, espetxeetan edo kontzentrazio esparruetan preso egon bitartean eraildakoak. Alde horretatik, bereziki aipatzekoa da genero ikuspegia, biktima guztietatik 21 (% 6,52) emakumeak baitziren: hamalau bonbardatuta hil ziren, Katalunian nagusiki; bost (tartean, gudu zelaian eraildako bi bakarrak), fusilatuta; bat, zehar kalteen ondorioz, behin Irungo gudua bukatuta granada bat lehertuta; eta bestea, gatibualdian erailda.
Errepresio militarrari buruzko datu basea
Memoria Historikorako Bulegoak Errepresio militarra Irunen 1936tik 1945era bitartean proiektua lantzen jarraitzen du. Duela urte batzuk jarri zen martxan proiektu hori, eta, duela hilabete gutxi, giza eskubideen urraketen biktima izandako 3.000 lagunen izen-abizenak identifikatzeko langa gainditu zen. Ikerketa bukatzeko dago oraindik, baina, orain arte bildutako datuen arabera, behin Estatuko hainbat artxibo kontsultatuta, 1936ko gerraren eta frankismoaren arteko biktima irundarren kopurua eta bitarte horretan Irunen errepresioa jasan zutenena, guztira, ia 3.600 da.
Zehazki, artxibo hauetan egindako landa lanari esker bildu dira kopuru horiek:
– Itsas Charenteko Departamenduko Artxiboa (Arroxela, Frantzia)
– Frantziako Kanpo Arazoetarako Ministerioaren Artxibo Diplomatikoak (Paris)
– Administrazioaren Artxibo Nagusia (Alcalá de Henares)
– Ávilako Artxibo Militar Nagusia
– Guadalajarako Artxibo Militar Nagusia
– Gipuzkoako Artxibo Nagusia (Tolosa)
– Euskadiko Artxibo Historikoa (Bilbo)
– Espainiako Artxibo Historikoa (Madril)
– Espainiako Alderdi Komunistaren Artxiboa (Madril)
– Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoa (Oñati)
– Bizkaiko Agiritegi Historiko Probintziala (Bilbo)
– Ipar-mendebaldeko Erdi mailako Artxibo Militarra (Ferrol)
– Irungo Udal Artxiboa
– Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (Iruñea)
– Memoria Historikoaren Dokumentu Zentroa (Salamanca)
Proiektuaren behin-behineko emaitza 20.000 dokumenturen baino gehiagoren kontsulta, aipatutako garaiko 2.000 egunkariren hustuketa eta garbitu, espetxeratu edo zigortutako irundarren 1.000 espediente pertsonalen baino gehiagoren azterketa da.
Beste proiektu batzuk
Aurrez aurkeztutako proiektuen artean, aipatzekoak dira orain arte egindako aurkikuntzak, hala nola Pikoketan fusilatutako bi emakumeen (Mercedes López Cotarelo eta Pilar Vallesen) argazki argitaragabearena; argazki horretan ageri den beste pertsona fusilatu baten (Miguel Lorenzo Pascualen) identifikazioa; eta azken bi urteetan antolatutako jarduerak, hala nola hitzaldiak, erakusketak, ikastetxeekin memoria jorratzeko ariketak eta, berriki, memoria demokratikoari buruzko Estatu mailako lehenengo kongresua.