Memoria Historikoko zerbitzuak Gerra Zibilaren hasieran errepresaliatutako bi pertsonen istorioa berreskuratu du

Ostegun honetan, Santi Jiménez ordezkariak Memoria Historikoko zerbitzuaren lanari eta ikerketari esker egindako azken bi aurkikuntzen berri eman du. Orain arte ezagutzen ez zen informazioa azaleratu da, zehazki, gerra zibilaren hasieran errepresaliatutako bi pertsonaren istorioa.

Gerra Zibilean eta diktadura frankistan, 140.000 pertsona baino gehiago bidegabeki atxilotu zituzten, familietatik banandu zituzten inolako azalpenik gabe, fusilatu eta hobi komunetan lurperatu zituzten, oraindik dauden areketan, eta haien ondorengoek oraindik ez dakite non dauden gorpuak edo nola amaitu zen haien bizitza. Hemen ere, Irunen gauza bera gertatu zen. Kanbodiaren ondoren, hobi komunetan ehortzirik, pertsona kopuru handiena duen herrialdea gara”, adierazi du Santi Jimenezek. “Zor bat dugu haiekin guztiekin eta haien familiekin. Haietako bakoitzaren benetako historia ezagutu arte lanean jarraitu behar da, justizia egin eta egindako kaltea erreparatu”.

Ondorioz beste bi izen gehitu behar zaizkio 1936ko gerran Irunen kolpistek errepresaliatu zituztenen zerrendari: Miguel Lorenzo Pascual eta Macario Roman Breton Marzo.  Jaso gabe zegoen bi gizon horien istorioa, eta orain izan dugu haien berri, 86 urte geroago.

Miguel Lorenzo Pascual Agramuntekoa zen jaiotzaz (Lleida), burdinbideetan egiten zuen lan, eta «Norteko Geltokiko Batzorde Iraultzaileko» kidea zen. 35 urte zituen 1936an, eta Marciana González Diazekin ezkonduta zegoen. Treneko zerbitzari gisa lanean zebilen burdinbideetan.

Irunen ekain amaieran osatu ziren herri-milizietako bide zen, eta Pikoketan desagertu zen abuztuaren 10etik 11rako gauean. Seguruenik, preso hartu eta fusilatu egingo zuten, posizio hori babesten zuen gainerako soldaduekin batera, abuztuaren 11ko goizaldean.

Ondorio horietara iritsi dira Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentrotik berreskuratutako agiriak aztertuta, PSET funtsen artean (Pagaduría Secundaria del Ejército de Tierra). 1978an hasi ziren Pikoketan fusilatutakoen senideak antolatzen eta gorpuak bilatzen, baina Miguel Lorenzo ahaztuta geratu zen, seguruenik senideek ez zekitelako posizio horretan hil zela 1936ko abuztuan. Orain arte, ez genuen Miguel Lorenzo Pascual eta Pikoketa lotzen zituen erregistrorik, eta gaur egun ere ez dago heriotza-ziurtagiririk.

 Macario Roman Breton Marzo, 1903ko martxoaren 1ean Quel-en jaioa (Errioxa). Bertan Ejaiotako alaba bat izan zuen 1929an, eta Queleko Udaleko aguazila zen.  Bigarren Errepublikaren garaian, Irunera etorri ziren, 1934 inguruan. Macario Romanek fruta-denda bat zuen Cipriano Larrañaga kalean, eta Kale Nagusian bizi ziren. Militarrek estatu-kolpea eman zutenean, boluntario agertu zen kolpisten aurka egiteko, eta haren kamioneta erabili zuten San Martzialeko frontera elikagaiak, hornigaiak eta soldaduak eramateko. Abuztuaren 20an desagertu zen Gorrua posizioan (Gorrua/Gorroaga baserrian), egungo Olaberria auzoan, Zubeltzuko frontera bidean. Bidaia haietan izandako baten testigantzaren arabera, kolpistek segada batean harrapatu eta han bertan fusilatu zituzten. Horrez gain, Ávilako Artxibo Militar Nagusian berriki aurkitutako dokumentu batzuen artean, kolpistek abuztuaren 22an Nafarroako Komandantzia Militarrera igorritako txosten bat agertu zen. Agiri horretan esaten da Macario Breton delako bat harrapatu zutela Olaberria inguruan.  Memoria Historikoko zerbitzuak azaltzen duenez, informazio horri erreparatuta, indarra hartzen du hipotesi batek: deklarazio hartu eta ondoren fusilatuta hil zutela, hain zuzen.

Irungo hilerrian lurperatu zuten. Ez dago jasota 1936an edo 1946an lurperatu zuten, baina azken urte horretan inskribatu zuten erregistro zibilean, zegokion heriotza-ziurtagiriarekin, non jasotzen baita gerra-ekintza batean zaurituta hil zela 1936ko abuztuaren 20an.

Kasu honetan, Mercedes Postigo Bretonek (Macarioren biloba) egin zuen kontsulta, Udaleko Memoria Historikoko Bulegoaren bidez, haren amak (Macario Bretonen alaba) esaten duelako aitona agian Pikoketan fusilatuta hil zutela. Memoria Historikoko Bulegoak izapide hauek egin ditu:

  • Bulegoak duen dokumentazio guztia biltzen duen espedientea helarazi zaio (kasu honetan, istorioaren ia % 100).
  • Olaberri ingurua bisitatzera joan dira berarekin (aitona 1936ko abuztuaren 20an desagertu zen eremura).
  • Aholkularitza eman zaio amaren DNAren lagin bat ateratzeko (aita-alaben arteko zuzeneko lotura).
  • Istorioa ezagutzera eman da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude