Juncal Eizaguirre ordezkariak «Destinia» erakusketa aurkeztu du ostegun honetan. Ainize Txopiteak lagunduta, Kultura arloak Menchu Gal aretora ekarri duen proposamen honen xehetasunen berri eman du; erakusketa irailaren 24tik azaroaren 21era bitartean egongo da ikusgai.
«Ainara Oskoz irundarraren obraz gozatu eta gero, erakusketa berri bat dugu Menchu Gal aretoan. Hari esker, hiriko kultur agenda indartuko da, arte garaikideari dagokionez. Guztiz berezia da, instalazioaren ibilbidean, gaur hizpide dugun erakusketa. Ez da bi artistaren lana batera eskaintzen dugun lehen aldia, baina berritasuna da aita baten eta alaba baten lanak izatea eskainitakoak, are gehiago Txopitea abizenaren ospearekin», adierazi du Juncal Eizaguirrek.
Destinia erakusketaren komisario-lanez Ainize Txopitea bera arduratu da, eta artearen eta belaunaldien arteko testuinguru garaikide bat sortzen da erakusketa-instalazioaren bidez, Daniel Txopitearen (1950-1997) eta haren alaba Ainizeren artean. Proposamenean Daniel Txopiteak azken urteetan eginiko obra argitaragabeen berrinterpretazioa egiten da eta, horrez gain, haren arte-ibilbidearen zenbait uneren laburpena eskaintzen da.
Hirurogei obrak eta dokumental baten proiekzioak osatzen dute erakusketa. Alde batetik, Daniel Txopitearen (1950-1997) 30 obra daude, bere ibilbideko hainbat puntutakoak eta askotariko formatu eta tekniketan eginikoak. Nabarmentzekoak dira bere eskuei buruz egin zuen azterlan bateko marrazkiak, bai eta bere azken sormen-aldiari dagozkion margolan batzuk ere. Horiekin elkarrizketan, Ainize Txopiteak berriki eginiko beste 30 pieza daude, Lisboan eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan sortutakoak. Bisita egiteko ordutegiak hauek dira: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.
Menchu Gal aretoko aurtengo programaren barruan dago aipatutako jarduera. Bertako artisten obrak erakustea da Menchu Gal aretoko programaren ezaugarria, baina, azken urteotan, sorkuntza garaikidea ere sartu da bertako erakusketa-ildoan, eta, bereziki, emakumezko artistak ezagutarazteko arreta jarri da. Urte hasieran Iñaki Ruiz de Eguinoren erakusketa eskaini zen, eta haren ondoren, udako hilabeteetan, Ainara Oskozena.