Nuria Alzaga Kulturako ordezkariak aurkeztu du, asteazken honetan, Elena Mendizabalen erakusketa “Lege Propioa”, bere azken obretako bik osatzen dutena: «Lurrean, hondakinak bezala» eta « Lau ahotseko elkarrizketa». Ordezkariak eta Helena Elbusto erakusketako komisarioak bi lan horien xehetasunak azaldu dituzte; lanak azaroaren 24tik otsailaren 18ra bitarte egongo dira ikusgai, Menchu Gal erakusketa-aretoan.
“Erakusketa berri honekin ixten da Menchu Gal-en urteko zikloa. Aretoak artista garaikide handien lanak hartu ditu, Gaur Taldeko kideenak barne, eta programazio-ildo bat eskaintzen du, tokiko eta eskualdeko artisten lanen erakusketaren aldeko apustua eginez eta arreta berezia eskainiz emakume artisten ikusgarritasunari. Urte hau bereziki bizia izan da zentzu horretan. Denboraldia Aurora Bengoetxearekin ireki genuen, udan Menchu Gal protagonista bihurtu zen, eta orain Elena Mendizabalen erakusketa bat inauguratu dugu. Emakume hori arte kontzeptualaren ordezkaria da, eta asmo-adierazpen oso bat egiten du erakusketaren izenburuarekin, “Lege propioa”, bere sormen-lana aldarrikatzeko. Beste behin, Menchu Gal aretoko espazioetako muntaketarekin ere esperimentatu dugu, erakusketa bakoitzean berrasmatu eta bisitaria harritzen duena”, azaldu du Kultura ordezkariak.
Bi obra erakutsiko dira, berariaz Menchu Galeko espazioetara egokitu ondoren. Alde batetik, areto handienean Sur le sol comme le débris (Lurrean, hondakinak bezala) izeneko obra jarriko da. Hiru zati ditu: metalezko horma bat; haren atzean jarritako hiru dimentsioko irudiak (gehienak 3D inprimagailu baten bidez eginak) eta bi eskultura: Sulibarria-Rivas atea eta Rivas-Sulibarria atea. Obraren parte bakoitzak sinbologia propioa du. Aurreko parteak, alegia, «ateek», sinbolismo pribatuko analogia bat dakarte, guraso eta seme-alaben arteko harremanetan eta bizitzaren iraupenarekin lotutakoetan oinarrituta. Horrez gainera, berriki hildako lagun bati egindako omenaldia ere badira.
Tartean, «horma» dago. Muga sinboliko bat da, ikusleen espazio «errealaren» eta fikzioaren espazioaren artekoa, loaldiaren eta esna-aldiaren artekoaren baliokidea.
Atzeko aldean, figurak daude. Askotariko eskulturak dira, formari eta erreferentziei dagokienez. Batzuen jatorri formal eta tematikoa aurreko hiru obratan bilatu behar dugu: Adatsa (1986), Arrautza (2000) eta Emakume-Txakurra (2007). Guztietan, urteen poderioz gertatzen diren fisionomia-aldaketak zentzu-aldaketak ere badira, giza bizitzan bezalaxe.
Bestalde, Elena Mendizabalek «Lege propioa. Lau ahotseko elkarrizketa» izeneko beste obra bat ere ekarri du. Obrak bi zati ditu, soinua ematen duen parte bat eta altzari batzuk, ikusleei entzuteko esertzeko edo etzateko gonbita egiten dietenak. Azken zati hori fruta-kaxekin eginda dago, arinak eta konbinatzen errazak baitira. Audioan Elena Mendizabalek berak idatzitako testu baten interpretazioa aditzen da, lau artista historikoren arteko fikziozko elkarrizketa bat irudikatzen duena: Louise Bourgeois, Lygia Clark, Barbara Hepworth eta Leonora Carrington, Testu horretan, hainbat gairi buruzko pentsamenduak agertzen ditu, hala nola zahartzaroa, gorputzak, besteen edertasuna edota gizarte-klaseak.