Mende bateko bilakaera Irungo jaietako egitarauaren barnean antolatutako ekintzetan

Irungo Artxiboaren webgunean jasotzen den Irungo jaietako lehen egitaraua 1909. urtekoa da. Ordutik, Irungo jaien harira antolatzen diren ekintzak modu nabarmenean aldatu dira. Urteen joanarekin ekain amaieran ospatzen diren hiriko festetara ekitaldi berriak batu dira, bitarte horretan, beste hainbat ekimen desagertu eta jada ospatzen ez direlarik.

Behartsuentzako bazkariak
1909. urteko Irungo festetako egitaraua gaur egun antolatzen diren ekintzekin alderatuta, hiriko pobreentzat antolatutako ekintzek atentzioa deitzen dute. Izan ere, 1909. urteko ekainaren 29ko goizeko 7:00etan eta uztailaren 1eko 6:00etan udaletxeko arkupeetan hiriko pobreei ogia banatzen zitzaien. Ogi errazioa jaso ahal izateko aurretik udal ikuskaritzan izena ematea beharrezkoa zen. 1912. urtean ogia banatu ordez, ogi eta haragi bonoak banatzen ziren hiriko behartsuen artean. 1919. urterako, berriz, uztailaren 1ean hiriko txiroentzat aparteko bazkaria prestatzen zen.

Zezenketak Mendibilen
Anakako kofradiaren webgunean partekatutako informazioaren arabera, Irungo zezen-plaza Gipuzkoako ospetsuenetako bat izan zen eta 1910eko ekainaren 29an inauguratu zen. Mendibilgo zezen-plazak 8.000 pertsonentzako edukiera zuen, zabalik iraun zuen urteetan Irungo festetako ekitaldi jendetsuenetako bat izan ziren zezenketak. Izan ere, zezenketek probintziako hainbat lekutatik eta Frantziatik ikusle asko erakarri zituzten, urte gutxitan publiko kopuru hain handiarentzat txiki gelditu zen Mendibilgo zezen-plazara. Esaterako, arrakasta horren erakusle da zezenketak 1912. urteko jaietako kartelean iragartzen zen ekintza nagusietako bat dela. Inauguratu zenetik hamar urte baino ez ziren igaro, eta negozioa espero bezain errentagarria izan ez zenez, 1920an lurrak Salvador Echeandia Gali saldu zitzaizkion.

Estropada eta igeriketa txapelketa
1919. urteko ekainaren 28an Bidasoko uretan Igeriketa eta Estropada Txapelketa antolatu zen, Etorbidearen zubiko inguruko uretan. Estropadan 4 arrauneko on- tziek parte hartu zuten, arraunlari profesionalak eta afizionatuak kategoria desberdinetan bereizi zirelarik. Igeriketa txapelketan, aldiz, ibaiaren bi aldeko igerilarien parte-hartzea onartu zen.

Jaietako Erreginak
1928. urtetik aurrera Irungo festetako erreginak aukeratzeko ekitaldi bat antolatzen zen. Horrela, jaietako 4 erregin aukeratzen zituzten hiriko 4 elkarte hauek: Trenbide-aisialdiko sozietateak, Irungo Kasinoak, Irungo Atsegiñak eta Real Unionek. Udaletxean antolatutako harrera ekitaldiaren ostean, erreginek Siziliako eta Udal Bandek girotutako dantzaldian parte hartzen zuten. Irungo Artxiboan bildutako argazkiek jaietako erreginak aukeratzeko ekintza gutxienez 1947. urtera arte mantendu zela erakusten dute.

Hiriko ikasleentzako sari-banaketa
XX. mendearen hasieratik festetako ospakizunen artean hiriko eskoletako Lehen Hezkuntzako ikasleak saritzeko sari-banaketa antolatzen zen. Hasiera batean ekitaldia ekainaren 29an udaletxean egiten zen eta Musika Bandak girotu ohi zuen. 1969. urterako, berriz, ekitaldia Amaia antzokian ekainaren 28ko goizean antolatu zen.

Moto Cross txapelketa
1973. eta 1976. urteetan Toki Goxoko zelaian, San Martzialeko igoera hasten zen tokian, San Martzial Moto Cross txapelketak antolatu ziren, Gipuzkoako Moto Elkarte Errealak antolatua.

“El rancho del soldado de San Marcial”
1976. urtean jarri zen martxan lehen aldiz “El rancho del soldado de San Marcial” izeneko zozketa, eta hurrengo 11 urtetan behintzat zozketaren antolaketa antolatu zen, 1987ko jaietako programak erakusten duenez. Zozketarako hiriko saltokiek produktuak dohaintzan ematen zituzten eta zozketa-txartelen salmentaren bitartez hiriko adinekoen egoitzako erabiltzaileentzat dirua biltzen zen. Zozketako lehen urteetan, saria Recondo eta Ferli enpresek utzitako lokaleko erakusleihoan erakusten zen. Denbora gutxian ekimenak arrakasta handia izan zuen, urtetik urtera bildutako diru kopuruak gora egin baitzuen eta urtero zozketan parte hartzeko txartel guztiak agortzen baitziren.

Aurretik aipatutako ekitaldiekin egindako laburpenak argi eta garbi erakusten du amaigabea dela iraganean Irungo festetan antolatutako egitasmoen zerrenda. Urteen poderioz jarduerak aldatzen joan diren heinean, ikusteko dago etorkizunean San Pedro eta San Martzial jaietako programa osatuko duten ekintzak zein izango ote diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude