Duela bost urte antolatu zuen Erlaitz elkarteak Irungo lehen mendi lasterketa. Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdiaren arrakasta ikusita, egitaraua zabaltzea erabaki zuten geroago. Aurten hirugarren aldiz antolatu dute Sky Games asteburua, maiatzaren 9an eta 10ean. Larunbatean kilometro erdi bertikala egin zuten Endarlatsatik Pagogañara. Arratsaldean, korrikalarien azoka jarri zuten Ola Sagardotegian. Igandean, berriz, Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdia egon zen jokoan.
Kilometro erdi bertikala lasterketa labur baina eskakizun handikoa da. 2,5 km-ko ibilbidean, 500 metroko desnibela gainditu behar izaten dute parte-hartzaileek. Horrek esan nahi du bataz bestekoa %25ekoa dela. %37ko desnibela duten maldak ere badaude Endarlatsatik Pagogañara doan igoeran. Maiatzaren 9an, arratsaldeko 15:30ean irten ziren parte-hartzaileak. Dabid García Gil izan zen azkarrena gizonezkoetan, 19’:28’’-ko markarekin. Ion Rivero eta Ibai Etxeberria izan zituen lagun podiumean. Jose Carlos Lopez Rekarte izan zen lehen irundarra. Emakumeen artean, Leire Martínez iritsi zen lehen postuan helmugara. Ana Reina izan zen azkarrena irundarren artean. Guztira, hogeita sei izan ziren kilometro erdi bertikalari aurre egin zioten ausartak.
Igandean, berriz, 350 parte-hartzaile izan ziren Erlaitz-Aiako Harria Mendi Maratoi Erdian. Mendi lasterketen artean izena hartzen ari da Irungo proba. Aurten Euskadiko Kopako lehen jardunaldia izan da. Goizeko 9:00etan irten ziren parte-hartzaileak Ola Sagardotegiko aparkalekutik, Saroia baserrira doan bidea hartzeko. 21 km-ko ibilbidea osatu behar izan zuten, 2.700 m-ko desnibel metatua gaindituta. Aurreko urteetan ez bezala, eguraldi eguzkitsua izan zuten korrikalariek. Beroari aurre egin behar izan zioten. Ismail Razgak, baina, ez zuen ia nabaritu ere egin. Marokon hamabost egunez entrenatu ondoren iritsi zen Aiako Harrira. Faboritoen zerrendan agertzen zen Gráficas Sestao taldeko korrikalaria, Euskal Herriko Txapelketan hirugarren izan ondoren.
Etxeko korrikalariak podiumetan
Hasieratik hartu zuen Razgak lasterketaren burua, abiadura bizian. Pagogaña inguruan 20 segunduko aldea zuen. Aiako Harriko lehen tontorrera igotzerakoan, minutu batera handitu zuen aldea. Abantaila erosoarekin sartu zen helmugan, 1h:48’’-ko denborarekin. “Errekorra egitera irten naiz, baina azken jai-tsiera oso teknikoa da, eta ez dut arriskatu nahi izan”, azaldu zuen irabazleak. Hiru minutu geroago iritsi zen Endika Gartzia. Lasarteoriatarra da, baina Irungo Mugalariak taldearekin dabil korrika. Ismail Razgak hasieratik ihes egin zuenez,
Asier Aguadorekin aritu zen hasieran. Hobera egin zuen ondoren, baina ez zen gai izan Razga harrapatzeko. Bost edizioetatik lautan parte hartu du Gartziak: “Lasterketa polita da. Korrika egin ahal izateko zatiak daude, baina aldapa gogorrak eta jaitsiera teknikoak ere bai”. Barakaldoko Asier Aguado igo zen podiumeko hirugarren tokira.
Emakumeen artean
, etxeko korrikalari bat izan zen azkarrena, Alizia Olazabal irundarra, 2h:13’’-ko denborarekin. Erlaitz-Aiako Harrian podiumera igotakoa zen Olazabal. Baina sekula ez lehen koskara. Garaipena pozgarria izan zen irundarrarentzat. Sendo aritu zen: “Sentsazio oso onak izan ditut azken boladan. Horregatik, nire erritmoa hartzea erabaki dut hasieratik. Ni ondo nindoan, baina ez nekien atzekoek zein martxa zeramaten”. Bere entrenamendu eremua izaten da Aiako Harria, eta ibilbidea ezagutzeak abantaila txiki bat ematen duela onartu zuen Olazabalek: “Koska okerrenak non dauden, edo non ibili behar den adi. Guzti hori ondo nekien”. Maria Zorroza izan zen bigarren, eta Montse Vazquez hirugarren. Erlaitz Mendi Elkarteko boluntarioen lanarekin amaitu zen mendi lasterketen asteburua. Garbi utzi zuten Aiako Harria, ehunka korrikalari inguruan ibili izan ez balira bezala.