Mendibil Prestakuntza Zentroak aurrematrikula epea irekiko du ekainaren 1etik 19ra

Oinarrizko Lanbide Heziketaren barruan, Mendibil Prestakuntza Zentroak 3 modalitate eskaintzen ditu: Informatika eta Komunikazioa, Sukaldaritza eta Ile-apainketa. Erdi-mailako graduen artean, berriz, alde batetik, Ile-apainketa eta Kosmetika eta, bestetik Estetika eta Edergintza graduak daude aukeran. Mendibil Prestakuntza Zentrotik gogoratu dutenez, Estetika eta Edergintza erdi-mailako gradua izan ezik, gainontzeko formazioa eskaintza publikoaren barnean sartzen da, beraz, ez du inolako kostu ekonomikorik.

Hurrengo ikasturtean Mendibil Prestakuntza Zentroan izena emateko asmoa duten ikasleek zentroarekin harremanetan jartzeko bide ugari dauzkate eskura. Alde batetik, Mendibil Prestakuntza Zentroaren webgunean webgunea ikastaroen inguruko informazio osagarria aurkituko dute. Hortaz gain, zentroak info@apmendibil.eus posta-elektronikora idatziz, 943 610 610 telefono zenbakira deituz edo WhatsApp aplikazioaren bitartez 627 130 721 zenbakira idatziz gero zentroko profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango dute zalantza guztiak argitu ahal izateko.

Oinarrizko Lanbide Heziketa
Oinarrizko Lanbide Heziketaren barnean eskainitako ikastaroek bi urteko iraupena dute. Mota honetako ikastaroak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitu gabe, haien formazioa Lanbide Heziketaren bitartez jarraitu nahi duten ikasleentzat pentsatuta daude. Horrela, ikastaro hauek, oinarrizko ikasketen multzoan sartzen direnez, doako eskaintzaren parte dira.

Erdi-mailako graduak
Erdi-mailako graduek bi urteko iraupena izango dute, guztira, 2.000 orduko formazio eta bigarren ikasturtean lantokietan zuzenean egingo diren praktikekin osatuko dena. Hortaz gain, Erdi-mailako Graduetan izena eman ahal izateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua izatea ezinbestekoa izango da.

Zentroaren filosofia
Mendibil Prestakuntza Zentroak aurkeztutako formazio ikastaroen eskaintza zabalaren artean aukeratuz, ikasleei etorkizun profesional zabaleko lanbideetara sarbidea izateko aukera eman nahi zaie. Izan ere, Mendibilen heziketa prozesu integral gisa ulertzen da, heziketaren bitartez hazkunde pertsonalerako prozesua garatzeko aukera ematen duena. Era berean, heziketa prozesua ikasleen beharretara egokitzeko ahalegina egiten dute.

Hortaz gain, ikasleengan Irun eta Bidasoako inguru fisiko, sozial eta kulturalarekiko jakin-mina pizten da. Gainera, ikasleen artean elkarbizitza konstruktiboa garatzen dute, zentroko jardueretan era aktiboan parte hartzeko gaitasuna lantzen duten bitartean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude