“Mi dulce guerrero” elkarteak 1. motako diabetesa ezagutarazteko eta ikertzeko lan egiten du

Mi dulce guerrero” 1. motako diabetesaren aurka borrokatzeko sortutako elkartea da. Elkartea patologia hau duten amek eta aitek eta lagundu nahi duten pertsonez osatua dago. Elkartearen jarduera 2021eko azaroan hasi zen, nahiz eta irabazi asmorik gabeko elkarte bezala berriki erregistratu den. Elkarteak diabetesa ikusarazi eta ikerketarako funtsak biltzeko helburua du, beste gauza batzuen artean.

Ana Esgueva eta Garbiñe Rodríguez elkarteko kideak dira eta beren seme-alabek 1. motako diabetesa dute. Anaren semeak 2021eko otsailaren 22an debutatu zuen 1. motako diabetesean. Anaren hitzetan, “gaixotasun hau shock bat da, zure bizitza egun batetik bestera aldatzen duelako”. Gaixotasuna ikertzen hasi eta diabetesaren ikerketarako dirua biltzen zuten pertsonak eta DiabetesCero Fundazioa ezagutu zituen. “Nire amak oihal-denda bat zuenez, bururatu zitzaidan poltsak eta bestelako osagarriak sortzea ikerketarako dirua lortzeko”, adierazi du Ana Esguevak. Lehen salmentak lagunen eta senideen artean egiten hasi zen, baina Anak erabaki zuen “Mi dulce guerrero” elkartea sortzea jarduera handitzen joan zein heinean.

Garbiñe Rodríguezen kasuan, 1. motako diabetesa duen 15 urteko neska baten ama da eta bereak 12 urterekin debutatu zuen gaixotasun honetan. Egun batean emakume batzuk ikusi zituen 1. motako diabetesaren aldeko dirua biltzen eta beraiengana hurbiltzea erabaki zuen. Beraz, horrela ezagutu zuten elkar Anak eta Garbiñek. Garbiñe Rodríguezek azaldu duenez, “neure burua eskaini nien behar zuten guztian laguntzeko” eta ordutik lantalde bikaina osatzen dute.

1. motako diabetesa gaixotasun autoimmunea da. Garbiñe Rodríguezek adierazi duenez, odoleko azukremailak handitzen ditu pankreak intsulinarik sortzen ez duelako. Bizi ahal izateko gaitz hau sufritzen dutenek intsulinainjekzioak behar dituzte egunero. Horregatik, batez beste, egunean 10 aldiz ziztatzen dira intsulina injekzioak jartzeko eta odolean duten glukosa kantitatea egiaztatzeko. Horrek esan nahi du urte batean 3.500 ziztada baino gehiago jasotzen dituztela, baina, horrez gain, Ana Esguevaren hitzetan “janari errazioak neurtuz jaten dute, karbono-hidratoen gramoak pisatuz eta uneoro odoleko glukosa fluxuak zainduz”.

365 egun 24 orduz

Ana Esguevak azaldu duenez, atsedenik hartzen ez duen gaixotasuna da diabetesa: “urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan mantendu behar da oreka”. Diabetesak glukosa mailak etengabe neurtzea eskatzen du; maila altua bada glukosa-pastilla bat hartzeko eta baxua bada, berriz, atseden hartzeko. “Jendeak uste du diabetesaz ari garenean gure seme-alabek ezin dutela azukrerik jan, baina hori baino askoz gehiago da”, erantsi du Esguevak. Hau da, lerro baten gainean ibiltzea bezalakoa da, alde batera zein bestera okertzea ezinezkoa delarik.

“Jendeak uste du diabetesaz ari garenean gure seme-alabek ezin dutela azukrerik jan, baina hori baino askoz gehiago da”

Ana Esgueva, “Mi dulce guerrero” elkartea

Beraz, haurren eguneroko bizitzari zuzenean eragiten dio. Garbiñe Rodriguezek azaldu duenez, “beraien ustetan nekagarri hutsak gara”, beti nola dauden eta zenbateko glukosa duten galdezka ari garelako. “Zure seme-alabarekin harremantzeko modua erabat aldatzen da, nola dauden galdetzen diezunean zifra batekin erantzuten dizutelako”, gaineratu du Garbiñe Rodriguezek. Haurren egunerokoa nolakoa den ulertzeko adibide bat jarri du Garbiñe Rodriguezek: “Nire alabari deitu behar nion Hondarribiko Jaietako Zapateroan saltoka ari zenean lasaitu beharra zuela esateko, glukosa maila oso altua baitzuen momentu horretan”. Dena den, Ana Esguevak adierazi du, handitzen direnean haurrek diabetesa kudeatzen ikasten dutela eta bere gorputza ezagutzen dutenez, errazagoa zaie beharrak identifikatzea. “Azken batean, gu pankrearen lana egiten ari gara beraiekin batera, baina kapotik”, azaldu du Ana Esguevak.

Elkarrekin diabetesaren aurka

“Mi dulce guerrero” elkartearen helburuetako bat da 1. motako diabetesa ikusaraztea. Horretarako, gaixotasun honen errealitatea erakusten laguntzen duten ekintzak antolatzen dituzte. Garbiñe Rodriguezek abenduan Amaia kultur zentroan estreinatu zuten dokumentala aipatu du: “gure seme-alaben adibidea erabili dugu gaixotasun honen diagnostikoa nolakoa den eta beraien bizitzak nolakoak diren azaltzeko”.

Bestetik, elkarteko kideek ere beste helburu bat dute: Ikastetxe guztiek eskolako erizainak izan ditzatela. Ana Esguevak azaldu duenez, “eskoletan profesional honen laguntza oso beharrezkoa dela uste dugu, batez ere, haur  batek diabetesean debutatu duenean”. Dena den, erizaina beste gaixotasun edo behar batzuetarako ere lagungarria izan daitekeela azaldu dute.

Azkenik, “Mi dulce guerrero” elkartearen barruan egiten diren ekintza guztiek helburu bakarra dute: 1. motako diabetesaren ikerketarako dirua biltzea. “Ikerketan sinisten dugu, momentuz sendaketarik gabeko gaixotasuna delako”, aipatu du Ana Esguevak. Horretarako, elkartetik bi ekintza antolatzen dituzte: Zumbatoia eta martxa nordikoa. “Ekintza horiei esker jendeak gero eta gehiago ezagutzen gaitu eta gauza gehiago egitea eskatzen digute”, adierazi du Garbiñe Rodríguezek. Gainera, Rodriguezen hitzetan, beste elkarteekin eta entitateekin kolaboratzeko aukerak elkartea eta gaixotasuna ezagutarazten laguntzen die. Duela gutxi, Bidasoa Atletiko Taldeak Gabonetako Kroseko irabaziak “Mi dulce guerrero” elkarteari dohaintzan emango zizkiola iragarri zuen. Rotary klubak ere Gabonetako ongintza kontzertuan bildutako diruarekin gauza bera egin zuen. Irungo Hiritar Foroak ere elkartea aurkezteko hitzaldia antolatu zien. Hiriko auzoko jaietan ere postu bat jarri ohi dute, elkarterako dirua biltzeko asmoz gauzak saltzeko. Beraz, argi eta garbi dago diabetesaren alde lanean jarraitzeko gogorik ez zaiela falta.

“Zure seme-alabarekin harremantzeko modua erabat aldatzen da, nola dauden galdetzen diezunean zifra batekin erantzuten dizutelako”

Garbiñe Rodríguez, “Mi dulce guerrero” elkartea

Aurretik azaldutako guztiarekin, horrelako gaixotasunentzat ikerketa zeinen garrantzitsua den gogoratu nahi izan dute Anak eta Garbiñek. “Jendeak gure egoera zein den jakitea garrantzitsua da, ikerketa bultzatzearen garrantziaz ohartu daitezen”, azaldu du Ana Esguevak. Bi ama irundar hauentzat ikerketak hainbesteko garrantzia du, non kotxez egun bakar batean 1.000 kilometro egitera animatu ziren Espainia mailan ikerketa aurreratuenetako bat duen ikerlari bat ezagutzeko. “Gaixotasun kroniko eta larria duen haur bat daukan ama batentzat jainkoa ezagutzea bezalakoa da”, azaldu du Ana Esguevak. Dena den, 1. motako diabetesaz gain, edozein gaixotasunentzako ikerketa garrantzitsua dela azpimarratu dute Anak eta Garbiñek. “Hemendik aldarrikatzen dut ikerketara bideratutako aurrekontu handiagoa beharko litzatekeela”, azaldu du Ana Esguevak.

“Mi dulce guerrero” elkarteko kideekin harremanetan jarri nahi dutenek elkartearen webgunera edo Instagram kontura jo dezakete. Hala ere, Garbiñe eta Anak adierazi dute elkartearen postua leku askotan ipintzen dutenez, interesatuak ere hara hurbildu eta beraiekin hitz egiteko aukera izango dutela. Familien gaia Gipuzkoako Diabetesaren Elkarteak kudeatzen duela gogoratu dute, “Mi dulce guerrero” elkartean, berriz, ikerketarako funtsak biltzeaz arduratzen direlarik. Nolanahi ere, beren esperientzian oinarrituz aholkuak emateko prest daude elkartekideak, guztion artean diabetesari borroka irabazteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude