Micrisantemo artistak margotutako horma-irudi feministak apainduko du Gabarrari plaza

Cristina Laborda Obretako ordezkariak astelehenean jakinarazi duenez, Belaskoeneko Gabarri plazaren berrurbanizazioan bi horma-irudi egingo dira gai feministekin. Gaur egun gauzatzen ari den obra-proiektuaren barruan,  Cristina Juániz ilustratzaile irundarrari (izen artistikoa, Micrisantemo) egin zaio proposamena. Micrisantemok inguruko bi hormetarako diseinua asmatu du, eta, berak definitzen duen bezala, natura auzora “hurbiltzen” saiatuko da, eta “naturaren eta norbanakoaren arteko lotura, feminismoari keinu bat eginez” irudikatuko du.

“Duela egun batzuk erakutsi diegu diseinua bizilagunei, eta asko gustatu zaie”, adierazi du Cristina Labordak. “Proposamena oso ondo egokitzen zaio inguruari; kolorea emango dio, eta, jakina, mezu feminista gehiago zabaltzeko balioko du. Emaitza ikusteko irrikaz gaude, gainerako berrurbanizazioarekin batera. Beste urrats bat da hirian, hiri-arteari dagokionez, eta etxeko zigilua du, emakume irundar batek sinatuko baitu”.

Bi horma-irudi izango dira, bata, nagusia, eta bestea, sekundarioa. Lehenengoa plazaren bihurgunean egingo da, Pentekoste parrokiarekin eta Arkale kalearekin bat egiten duen tokian; hori ere berrurbanizatzekoa. “Harresirik altuena aukeratu dut horma nagusi gisa, haren forma eta altuerari esker irudi nagusi bat ardaztu baitaiteke, angelu desberdinetatik ikuspen ona duena “, azaldu du artistak. Puntu honetarako diseinuak belaunaldi desberdineko hiru emakume ditu erdian; gazteena ezkerrean eta zaharrena eskuinean; “haien aurpegiek lasaitasuna agertzen dute, baina baita segurtasuna ere, eta azala morea dute, emakumearen kolorea bezalakoa. Uretan murgilduta daude, dantza egiten dieten landarez eta arrainez inguratuta, eta bakoitzari landareak ateratzen zaizkio bularretik, gizabanakoak naturarekin duen loturaren adierazgarri”. Micrisantemok gaineratu duenez, “eszenatoki fantastiko honetan, kolore hotzak nagusitzea nahi izan dut, lasaitasuna eta sosegua transmititzea, baina kolore beroagoko elementuak gehitu ditut deigarriagoa izan dadin eta inguruari poza eman diezaion”.

Horma sekundario gisa, artistak hurbileko beste horma baxuago bat aukeratu du, parrokiaren aurrean; “kasu honetan, norbanakoaren irudikapena eskuak izango dira, gure lan-tresna baliotsuenak; izan ere, horiekin sortzen dugu, eta guk proposatzen duguna egitea lortzen”, zehaztu du Juanizek. L formako horma bat da. Proposatutako diseinuan, lehenengo eskua ukabila da, “mugimendu feministaren borroka-sinbologian ohikoa”, nabarmendu du ilustratzaileak; urari eta landareei buruzko elementuak ere sartzen dira, “horiek irudika litzakete hezeguneak eta Bidasoa ibaia, eta, esaterako, hain hurbil dugun kostalde zoragarriko itsasoa”.

Horma-irudietako lanak hasi dira eta Aste Santu aldera bukatzea, ondo bidean, ingurua berrurbanizatzearekin batera, egoera aurreratuan baitago.

Berrurbanizazioa

Jarduketaren helburua plazatxoaren eta inguruaren egoera orokorra hobetzea da, eta, horretarako, funtsean, oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira, Arkale kaleko zati batekoak barne, bertako gune batzuk hondatuta baitaude eta konpondu egin nahi baititugu.

Proiektuaren funtsezko alderdi bat espaloiak hobetzea da: espaloiak pixka bat zabalduko dira, bi metrotara iristeraino. Era berean, bidean esku hartu, eta zoruaren sekzio osoa berrituko da. Saneamenduaz gain, jarduketaren esparruan, argiteria ere berrituko da, osorik: bai hoditeria, bai argi puntuak LED teknologia instalatuta. Hurbil dagoen Arkale kaleko argiteria ere hobetuko da.

Proiektua Urbycolan SLri esleitu zaio, eta aurrekontua 403.138, 71 eurokoa da.

Micrisantemo

‘Micrisantemo’ izen artistikoarekin, Cristina Juánizek marka bat sortu du, eta marka horrekin eskuz pintatutako zamarrak egiten ditu, eta beren diseinuko dekorazio-artikulu batzuk ere bai. Pieza bereziak izan daitezen saiatzen da, hala nola zurezko eskuak, animalien buru-hezurrak eta aluminiozko bihotzak, diseinu original eta bakarrekoak.  Betidanik liluratu izan dute horma-irudiek; uste du “munduko edozein leku edertzen dutela; nire bidaietan beti preziatu izan dut hori, eta, jakina, nik neuk sortzea, are gehiago. Maitemindu ninduen Txile horretan, aukera izan nuen halako batzuk margotzeko hainbat hiritan”.

Besteak beste, hainbat lan egin izan ditu hemen ere; esaterako, taberna batzuetako paretak pintatu ditu, Larreaundin ere horma-irudi bat egin zuen, eta bere azken lan handia San Migeleko arrantxoko etxolak pintatzea izan da (ludoteka eta Scouts elkartea).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude