Mikel Estomba, kooperantea : “Ni izan naiz gehien ikasi duena”

Urteak daramatza Irungo Taupadak Gobernuz Kanpoko Erakundeak Boliviako Amazonian lanean. Indigenen herrietan azpiegiturak sortzeko helburuaren baitan, San Ignacio de Moxos-eko Musika Eskola da proiektu nagusietako bat. Hiru hilabete eman ditu bertan Mikel Estomba kooperante irundarrak, irakasle.
Bi abesbatza zuzentzeaz gain, herrialdeko errealitatea ezagutzeko aukera izan du.

bolivia4

– Nola erabaki zenuen Boliviara joatea?
Eusko Jaurlaritzaren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren bitartez sortu zitzaidan aukera. Ehun diru-laguntza ematen dituzte, Latinoamerikara edo Afrikara joan eta Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin hiru hilabetez lan egiteko. Hautaketa prozesu bat egoten da, eta profilaren arabera banatzen dituzte hautagaitzak. Nire formazio musikala zela eta, Taupadak-ekin San Ignacio de Moxos herrira joatea egokitu zitzaidan. Niretzat pozgarria izan zen Irungo GKE batekin lan egin ahal izatea.
– Taupadak aldez aurretik ezagutzen zenuen?
Bai erakundea, baita jendea ere, Irungo Bandan dabilena batez ere. Gainera, Taupadak-ek Boliviako indigenak ekarri izan ditu Irunera ikastera. Batzuk irakasle dabiltza gaur egun San Ignacio de Moxos-en. Irunen ezagututako jendea han topatzea atsegina izan zen.
– Zein da Taupadak-ek San Ignacio de Moxos-en daukan proiektua?
Musika Eskola Bilboko moja batek jarri zuen martxan, duela hamabost urte inguru. Tradizio eta ondare kultural eta folkloriko handia daukatela konturatu zen eta, galdu aurretik, Musika Eskola eratzea erabaki zuen. Geroago Taupadak sartu zen proiektu horretan. Pixkanaka proiektua sendotu zuen, eraikuntzan parte hartuz, edo instrumentuak eta irakasleak lortuz. Kontuan hartu behar Amazonia lurralde handia eta basatia dela. Musika Eskola oso gauza berezia da han.
– Musikari bezala baduzu esperientzia, baina zer moduz irakasle lanean?
Esango nuke ni izan naizela gehien ikasi duena. Bi abesbatza eduki ditut, txikiena eta gazteena. Lan polita egin dugu kontzertu bat antolatu arte. Alde horretatik pozik nago. Gero, metalezko haize-instrumentuak jotzeko hastapen ikastaro bat ere eman dugu. Han, orain arte landu duten bakarrak haria, zurezko haizea eta perkusio pixka bat izan dira.
– Nolakoa izan da zure eguneroko bizitza Bolivian?
Astelehenetik ostiralera klaseak genituen goizez eta arratsaldez, irakasleei ere klaseak ematen genizkielako. Asteburuetan inguruko komunitate edo herrixka txikiak bisitatzeko aukera izan genuen, benetan nola bizi diren jakiteko. Gu eskolan bertan bizi ginen, eta nahiko pribilegiatuak ginen alde horretatik. Zorua geneukan, baita ura eta argia ere.
– Nolako herrialdea ezagutu duzu eskolatik kanpo?
Joan aurretik azalpen batzuk eman zizkiguten arren, harrigarria izan zen guretzat. Oso azpiegitura eta baliabide gutxirekin egiten dute aurrera, baina zoriontsu dira. San Ignacio de Moxos-en kontraste handiak ikus daitezke. Badaude dirudun ba-tzuk, etxe politak dituztenak, baina parean zurezko etxolak daude. Errepideak lurrezkoak dira, eta ehun kilometro egiteko hiru ordu behar izaten dituzte gutxienez. Bizi-tzeko beste erritmo bat daukate. Eguraldiari dagokionez, bero ikaragarria egiten du. Berrogei gradu eta %90eko hezetasuna ere jasan behar izan ditugu.
– Hiru hilabete denbora nahikoa izan da zuretzat?
Motza izan da, ziztu bizian pasa zait. Hemen ere konpromisoak dauzkat, noski. Baina nire ideia da Taupadak elkartearekin lanean gehiago inplikatzea, Boliviara bueltatzeko asmoz. Bertako proiektuaren parte sentitzen dut orain nire burua, eta hasitako lanarekin jarraitu nahiko nuke.
Gainera, Taupadak-ek dituen beste proiektuetan ere laguntzea gustatuko litzaidake.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude