
Mikel Garcia Idiakez Argiako kazetari eta idazle irundarrak “Pape Niang. Hasiera berri bat” liburu argitaratu zuen orain dela hilabete batzuk. Argia eta Mbolo Bilboko Senegaldarren elkartearen lankidetzatik “Inor ez da ilegala” proiektuaren bitartez argitaratu den liburua da eta, bertan, egungo Mbolo elkarteko lehendakariaren bizitzaren gorabeherak kontatzen dira migratzaileen krisia irakurleen begietara hurbiltzeko.
Nola sortzen da liburu hau publikatzeko ideia?
Ni Argiako kazetaria naiz eta 2018an Bilbora joan nintzen kale saltzaile senegaldarren inguruko erreportaje bat egitera, haien bizi baldintzak eta legeak nola tratatzen dituen aztertzeko. Erreportaje horren harira Bilboko Mbolo elkartea ezagutu nuen eta erreportaje bat izan behar zena elkarlan batean bihurtu zen Mbolo eta Argiaren artean. Horrela, “Inor ez da ilegala” aldarria eta proiektua abian jarri genuen. Arropa eta material ezberdinak sortu genituen aldarri horrekin eta, bide horretatik, Pape elkarteko lehendakaria ezagutzera iritsi nintzen. Papek oso bizitza interesgarria izan zuela deskubritu nuen eta Inor ez da ilegala proiektuaren baitan lehendakariaren bizitza eta historia kontatuz liburu bat ateratzea erabaki nuen.
Proiektu literario bat aurrera atera duzun lehen aldia izan da hau?
Duela urte pilo bat beste liburu bat atera nuen gai honekin zerikusirik ez zuena. Liburuak “Zeluloidezko begirada” izena zuen eta bertan Euskal Herriko hainbat zine zuzendarien profilak bildu nituen beraiei egindako elkarrizketen bidez, beraz, ez da liburu bat idazten dudan lehen aldia.
“Pape Niang. Hasiera berri bat” liburuak gaurkotasun handiko gaia du ardatz?
Bai, gaurkotasunezko gaia da ezinbestean, egunero entzuten ditugu migrazioari lotutako albisteak. Normalean albisteak modu ezkorrean kontatzen dira, baina, egia da errefuxiatuen krisia bizi dugula eta, ondorioz, migrazioa eguneroko ogia dela. Gaurkotasun horren barruan liburu honek ekarpen polita egiten duela uste dut, izan ere, migratzaile askok eta askok bizi duten errealitatea kontatzen duelako. Migrazio prozesu bakoitzak istorio ezberdin bat ezkutatzen du eta migratzaile bakoitza ezberdina bada ere, egia da hainbat ezaugarri partekatzen dituztela: ihes egiteko arrazoiak, nolako bide gogorra egiten duten Europara iristeko eta Europan aurkitzen duten errealitatea.
Nola laburbilduko zenuke liburu honek kontatzen duen istorioa?
Bere bizimodua kontatzen da bertan. Liburuaren hasieran Senegalen zeukan bizimodua kontatzen da eta hiriburura bizimodu hobe baten bila egindako lehen bidaia. Hortik, bat-batean Europara salto egiteko erabakia zergatik hartzen duen islatzen da ere, lehenengo Afrika zeharkatu eta, ondoren, Espainiako estatura iritsi arte Mediterraneoa pateran zeharkatzen egindako bide gogorrari ahotsa emateko. Hortik, Bilbora nola iritsi zen kontatu nahi izan dut eta bertan aurkitutako errealitatea ere, hain zuzen ere migratzaile eta beltza izateagatik bidean zenbat ate itxi dizkioten ezagutzera emateko. Azkenik, ekonomia sozialaren bitartez bizimodu duina eraman ahal izateko aukera topatu duela azaltzen dut ere.
Pape Niang-en istorioa kontatzeko dokumentazio lan handia egin duzu?
Proiektua garatzeko oinarrizko dokumentazioa Paperekin hitz egitea izan da, alegia, ostiralero biltzen ginen Bilboko Sos Arrazakeriako egoitzan. Bilera horietan bere bizitzaren inguruan hitz egiteaz gainera, gogoeta ugari egin ditugu eta gogoeta horiek liburuan jaso ditut. Paperen bidaia fisikoa izateaz gainera, mundu ikuskera aldatu dion barne bidaia izan da ere. Horrela, bidai honen ostean mundua begiratu eta Afrika nola ikusten duen oso modu interesgarrian kontatu du. Horrela jasotzen saiatu naiz eta gure ikuspegia zabaltzeko horiek ere irakurtzea interesgarria iruditzen zait.
“Paperen bidaia fisikoa izateaz gainera,
mundu ikuskera aldatu dion barne bidaia izan da ere”
Zaila izan da beste pertsona baten bizipenak zure hitzekin paperean islatzea?
Nire lanari begira hori iruditzen zait zailean, hau da, beste baten larruan jartzen zara bere bizitza kontatzeko. Enpatizatzea erraza izan zait bere bizitza oso gogorra izan delako eta oso era argian kontatzen duelako Papek. Berak kontatutakoa ahalik eta modurik zintzoenean kontatzen saiatu naiz.
Zenbat denbora behar izan zenuen liburua idazteko?
Hilabete batzuk besterik ez. Zeregin handiena ostiralero berarekin geratzea izan da eta elkarrekin elkarrizketa luzeak izatea berak gauza asko kontatu eta nik kontatutako guztia bildu ahal izateko. Ondoren, jasotako informazio guztiari forma ematen hasi nintzen, nire ustez modu irakurterrazean eta interesgarrian jaso ahal izateko. Istorioa lehenengo pertsonan dago kontatuta, Papek berak kontatuko balu bezala. Beraz, lana bikoitza izan da, batetik, berak kontatutakoa jasotzea eta, bestetik, hori era erakargarrian emateko prestatzea.
“Istorioa lehenengo pertsonan dago kontatuta,
Papek berak kontatuko balu bezala”
Nolako harrera izan du liburuak irakurleen artean?
Denetik egongo dela pentsatzen dut publikoaren iritzien artean. Niri iritsi zaizkidan iritziak positiboak izan dira. Normalean horrela izaten da, jendeari liburuak gustatzen ez zaikionean ez du ezer esaten. Inguruko jendeak liburu honen argitalpena eskertu du eta liburuaren barneko gogoeta batzuek pentsarazi diotela aipatu didate. Liburuak gainera eztabaidarako gaiak biltzen ditu eta mami asko dauka. Azken finean, migratzaile baten esperientzietara hurbiltzeko modu on bat da. Momentuz harrera ona izan du eta etorkizunean harrera ona edukitzen jarraituko duela espero dut.
Egunero hedabideek migrazioariaren gaiaren ikuspegi zintzo eta osoa eskaintzen digutela uste duzu?
Modu oso orokorrean hitz eginda, denetik dago eta medioetan oso ikuspegi interesatua eta murritza ematen dela uste dut. Hemen bizi diren migratzaileekiko beti estereotipotan oinarritutako ikuspegia ematen da. Gainera, komunikabideetan orokorretan migratzaileekin loturiko gaiak gertakizunen atalean topatuko dituzu eta ez politikaren inguruan haien iritzia ematen edo beste gaiei buruz hitz egiten. Hortaz, oso ikuspegi desitxuratua iristen zaigula uste dut. Migrazio prozesuaren inguruan zabaltzen den irudia beti oso irudi kezkagarria izaten da: Gehiegi datozela, ezingo ditugu jaso eta gure lana kentzera datozela dioten mezuak zabalduz. Ez nago batere ados horrelako mezuak zabaltzearekin.
Irungo Harrera Sareak migrazioaren ondorioak Iruneraino iritsi direla ikustarazteko sekulako lana egin du. Prozesu hau nola bizi izan duzu egoera?
Nik egoera kanpotik jarraitu dut ez nagoelako Irungo Harrera Sarearen barruan. Hala ere, lan izugarria egiten ari direla dakit. Duela bi uda Harrera Sareak ezinbestean indartu ziren beste herri batzuetan ere, baina, Irungoa bizi-bizirik dago oraindik ere. San Juan plazan egunero ikusten ditugu migratzaileei harrera egiten eta behar dutenean aholkua ematen. Nik esango nuke paternalismotik haratago, elkartasuna adieraziz eta behar duten laguntza eskaintzeko lan egiten dutela. Berez erantzuna instituzionala izan beharko litzateke, baina, erantzun horren ezean, herritarrek beregain hartzen dute ardura hori Irungo Harrera Sarekoek erakusten dutenez.
Non eskuratu daiteke liburua?
Argiak argitaratutako liburua denez, www.argia.eus/azoka helbidean sartuta edo Argiara deituta, hau da,943 37 15 45 telefono zenbakira. Hortaz gain, seguraski, Irungo liburu dendetan bertan eskuratzeko aurkera izango dute irakurleek ere.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen webgunean ikusgai dago.