Ameriketako Estatu Batuetako base militar sekretua hartzen omen du Nevadako basamortuan galduta dagoen Area 51 eremuak. Espazio-ontziekin eta estralurtarrekin lotu izan da urtetan. Irungo Area 51ko jarduera ez da horren ezkutukoa, eskaladaren zaleek behintzat, ondo ezagutzen dute. Haren kokapenak, aldiz, badu zailtasunik. Landetxa-Katea auzoan dago, Olaberriara doan errepideko zubia igaro aurretik, ezker aldera. Estralurtar baten aurpegia daraman kartela ikus daiteke bidegurutzean, AEBetako Area 51ri erreferentzia eginez. Mikel Martiarenak kudeatzen du boulder aretoa, bere familiarekin batera. Eskalada ezagutu zuenetik, haren inguruan antolatu du bizitza osoa. 
Nola hasi zen eskaladarekin urtetan izan duzun harremana?
Mendian hasi zen, aspaldi. Ni mendizalea nintzen, eta momentu batean konturatu nintzen mendi jakin batzuk igo ahal izateko, eskalada pixka bat egiten hasi beharra nuela. Ikastaro batean izena eman nuen, eta hor deskubritu nuen eskalada. Hortik aurrera, gero eta gutxiago joaten nintzen mendian ibiltzera, eta gero eta gehiago eskalatzera.
Boulderra da, gaur egun, zure modalitate gogokoena. Zeintzuk dira haren ezaugarriak?
Ni sokarekin hasi nintzen, baina boulderra ezagutu nuenetik, ez dut besterik egiten. Ohiko materialik gabe burutzen da (sokak, arnesa, kaskoa etab.), gizakia arrokaren kontra. Segurtasuna bermatzeko, koltxoneta bat jartzen da azpian, eta kide batek erortzea zaintzen du. Arroka txikietan egiten da, ez da altuera asko hartzen, baina zailtasuna handia izaten da. Potentzia, indarra eta teknika handia behar dira. Ez da iraunkortasun proba bat, saiakera laburrak izaten dira.
“Europa osotik etortzen da jendea Jaizkibelera, leku paregabea baita eskalatzeko”
Jaizkibel mendia leku aproposa da boulderrerako.
Benetako paradisua da, urtetan ezkutuan egon izan dena. Boulderra praktikatzeko mila bloke baino gehiago daude, Jaizkibel osoan zehar barreiatuta. Europa osotik etortzen da jendea, leku paregabea baita eskalatzeko: kalitate handiko arrokak, itsasoaren ondo-ondoan.
Urrutiago ere bidaiatu izan duzu. Zein lekuk eman dizu arreta gehien?
Leku bakoitzak du bere puntua, bere ezaugarri bereizgarria. Paris ondoan dagoen Fontainebleu da boulderraren “meka” Europan, baina nik Suitza deskubritu nuenean, harrigarria iruditu zitzaidan, herrialde alpino zoragarria delako, eta eskalatzeko leku bikainak dituelako. Urrutiago, Indian eta Mexikon ere izan naiz eskalatzen, adibidez.
Nola lortu duzu zure zaletasuna ogibide bihurtzea?
Eskalada egiten hasi eta denbora gutxira, eskaladarekin zer ikusia zuten lanak edukitzen hasi nintzen. Hasieran, babesleak lortu nituen. Urteen poderioz, eta krisi ekonomikoaren eraginez, babesleek behera egin zuten. Rokodromoetan lan egiten hasi nintzen orduan, eta azkenean nik neuk aretoa irekitzen amaitu dut.
“Jendeak gehien azpimarratzen duen ezaugarrietako bat, gurean izaten den giro ona da”
Area 51 erreferentziazko leku bilakatu da inguruan.
Gipuzkoa mailan rokodromo handienetakoa da. Badira beste areto batzuk, eta denon artean lan egiten dugu eskaladaren praktika zabaltzeko. Gure inguruan areto estali bat edukitzeko beharra genuen, eta nik egin nuen apustu hori.
Nondik hurbiltzen zaizue jendea?
Area 51n, hurbiltzen den jenderen zati handiena, egunerokoan behintzat, ingurukoa da: Irun, Hondarribia, Bera, Oiartzun, Errenteria, Pasaia, Lezo etab. Gero, bisitak estatu osotik, Frantziatik, leku askotatik hurbiltzen zaizkigu. Jendeari gustatzen zaio noizean behin lekuz aldatzea. Bezero gehienek azpimarratzen duten ezaugarrietako bat, gurean izaten den giro ona da.
Euskal Herrian eguraldia nolakoa den kontuan hartuta, beharrezkoa da areto estaliak edukitzea.
Nik urteak eman ditut kalean eskalatzen, rokodromorik gabe, eta ondo dakit zer den hori. Orain, Area 51rekin, asko aldatu dira gauzak. Badugulako leku bat, eguraldiaren mende egon gabe, nahi dugunean eskalatu ahal izateko, batzuetan sentitzen den behar hori asetzeko. Boulderrari eskainitako 200 metro karratu dira, eskalada mota eta zailtasun ezberdinetara egokituak.