Mikroadinkeria saihestu eta belaunaldiak batzeko jardunaldia egingo da apirilaren 29an Palmero Montero gunean

Ostegun honetan, apirilak 29, Elkartasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, horrekin batera, David Nuño Gizarte Ongizateko ordezkariak astelehen honetan jakinarazi duenez, «Mikroadinkeriak: belaunaldiak batuz» izeneko jardunaldia egingo da Palmera Monteron apirilaren 29an bertan, goizeko eta arratsaldeko saioetan. Parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik Udalaren webgunean, inprimaki txiki bat beteta. Topaketan parte hartuko duten pertsona batzuk ere izan dira jardunaldiaren aurkezpenean.

Adinkeria, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, zabaldutako arazoa da, eta eragin negatiboa du adineko pertsonengan. Gainera, gizartean normalizatutako aurreiritzi bat da, eta ez da haren kontra egiten, sexismoaren edo arrazismoaren kasuan ez bezala. Frogatua dago adinaren ondoriozko diskriminazioak eragin negatiboa duela gizarteko parte-hartzean, osasunean eta bizitzaren luzeran. Adibidez, ebidentziaren arabera, zahartzeari buruzko iritzi negatiboak eta positiboak dituztenak alderatuta, lehenengoak bigarrenak baino mantsoago suspertzen dira desgaitasun baten ondoren, 7,5 urte gutxiago bizi dira batez beste eta gizartean integratzeko aukera gutxiago dute.

David Nuño ordezkariak azaldu duenez, «uste dugu garrantzitsua dela herritar guztiak sentsibilizatzeko jarduerak egitea, ohartu daitezen zer garrantzitsua den gure egunerokotasunean kontuz ibiltzea eta adinekoen kontrako aurreiritzien arabera ez jokatzea, horrek ondorio negatiboak baititu pertsona horiengan».

Adinaren ondoriozko diskriminazioa, gainera, oztopo da zahartzeari eta osasunari buruzko politika onak garatzeko, eragina baitu arazoak ulertzeko moduan, egiten diren galderetan eta eskaintzen diren konponbideetan. Testuinguru horretan, maiz pentsatzen da adina behar besteko justifikazioa dela pertsonak desberdin tratatzeko eta ekarpen esanguratsuak egiteko duten aukera mugatzeko.

Horren oinarrian aurreiritzi bat dago: adineko guztiak berdinak direla eta ezaugarri jakin batzuk dituztela, askotan estereotipatuak edo ez oso positiboak. Adin aurreratua, baina, askotarikoa da, hala gaitasunei dagokienez (adineko guztiak ez dira mendekoak, ez daude isolatuta, etab.) nola norberaren inguruabarretan, ingurune fisiko eta sozialek dutelako eragin handiena zahartze osasungarrian.

Goizez eta arratsaldez

Testuinguru horretan, egun horretan belaunaldien arteko bi jardunaldi egingo dira Irungo Palmera Monteroko 2. aretoan: goizeko saioa 11:00etatik 13:00etara izango da, eta arratsaldekoa 17:00eatik 19:00etara. Izena emateko www.irun.org webgunea erabili behar da, Belaunaldien arteko Elkartasunaren Egunaren atalean.

Proiektuaren xedea da belaunaldien arteko bizikidetzari buruz hausnartzeko balioko duen topagune bat sortzea, eta, horrela, belaunaldien arteko harremanak hobetzeko aukera izatea, mikroadinkeriaren kontzeptuaren bidez. jardunaldi parte-hartzaileen xedea da belaunaldi arteko lantaldeak osatzea, Irungo Belaunaldien arteko Elkartasunaren Dekalogoa osatu eta definitzeko, gure hiria belaunaldien arteko harremanak zaintzen dituen hiri bat izan dadin.

«Gazte eta adinekoen iritziak bildu nahi ditugu, elkarrekin topagune bat aurkitzeko eta, horretan ardaztuta, klixe edo aurreiritziak desagerrarazteko, faltsuak baitira. Horrela, belaunaldiak batu nahi ditugu fronte komun batean, helburu global batekin: adinekoen bizi-kalitatea hobetzea», diote Gizarte Ongizateko arlotik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude